Arrese Beitia Felipe
1841-1906
Nor zan
«Agur illun bat egin deuskue
guraso zarren legiak;
umezurtz batzuk gelditu gara,
billosik foru bagiak.
Izan bagiña eurak legetxe
euskerearen zaliak,
oso ta garbi gordeko ziran
oitura ain miragarriak» [1]
Azkenengo karlistada gerratea amaitu ondoren, 1878-garren urtean, ordurako bere naiko murriztuta eukazan lege zaar ta eskubideak kendu egin eutsoezan Euskalerriari. Eta, jakiña, etzan begi onez ikusi beeratze ta murrizte ori ta biotz-minduta gelditu zirean euskaldun zintzo asko. Eta euskal-zaletasun barri ta bizi bat erne zan Euskalerrian; eta, aieneka ta negarrez, gal-zorian egoan «gure Ama euskera» salbatzeko ta indartzeko, idazlan asko egin ziran.
«Bizkaia, Gipuzkoa ta gure Araba,
eta Naparroagaz lau anai gara;
beste aldeko irugaz batzen gareala,
zazpirok bear dogu gaur salbau Euskara» [2].
Olerki-sariketak bere asko egin ziran, orduantxe. Elizondon egin zan leenengoa, 1879-an. Eta leenengo saria Arrese Beitia Feliperi emon jakon. Saritutako olerkia auxe izan zan: «Ama euskerearen azken agurrak» [3].
Felipe Otxandion jaio zan. Eta amairu urtegaz, Bitoriara joan zan, dibujetan eta santugintzan ikastera. Gero, etxera etorri ta bere aita arotzaren ondoan ekin eutsan lanean.
Irudigille ona ta ospetsua izan zan. Ar-or-emen, ainbat irudi ta santu dagoz (zurezkoak eta arrizkoak) Euskalerriko eleizatan, Felipe santugiñak egindakoak.
Ogetamar urte inguru ebazala, Aramaioko neskatilla bategaz ezkondu zan, Anjelagaz.
«Bera izan zan neu legez arte eder zalea,
bera liburu asko ebana irakurten;
nire lumeak eskribietan ebazan letrak,
berak zituzan borrau ta asko obetuten» [4].
Sei seme-alaba izan ebezan; lau gazterik il jakeezan. Otxandion bizi izan ziran bizitza guztian, azkenengo karlistada gerratean izan ezik. Etxezalea izan zan Felipe.
«O, ene baserriko bakartadetxoa!
zu zaitut neure poz ta atsegin osoa,
nire adimenaren eskola aundia,
arimako onaren leku egokia... » [5].
Etxezalea izan zan eta maite-maite ebazan bere emaztea ta seme-alabak. Ara zer diñon bere alaba Maria Pilartxo il zanean:
«Lora eder bat atzo zan eta gaur da zimela,
atzo zan nire poza ta gaur jat naigabea;
atzo zan nire etxe au agaz udabarria,
gaur bera baga au jat negu baltz illunpea» [6].
Eta bere Anjela biotz-biotzekoa il zanean zer? Estu ta larri, atsekabez beterik, eziñegonez dago gure Feliperen biotz andia.
«Sabel au daukat, laba bat legez, gori-goritan,
garrak kanpora urten nai eta ezin urten;
ok egiten deust eztarrian ta, larriak legez,
suzko boladak asi bearko dot botaten.
Urten zaiteze nire agotik suzko errekak,
urten zaiteze, estuen-estuz, ez nadin il;
urten zaiteze, kolkoan zuek zaituedala,
ito gura ta ito eziñik, ai, gaur nabil» [7].
Elizondon leenengo saria irabazteak adoretu eban Arrese Beitia, arexek bizitu eutson olerki garra. Eta ibilli ta ibilli, ikasi ta idatzi, geitu ta sendoagotu egin jakon olerki-etorria ta, olantxe, olerkari famaua egin zan. Aldi aretan egin ziran olerki-sariketaetan, sarri be sarri izan zan saritua.
Idazlanak
Aita Onaindiak argitaratu ebazan, Euskaltzaindiaren ardurapean, Arrese Beitiaren olerkirik geienak, «Olerkiak» deritxon liburu eder baten.
Bederatzi zatitan banatuta dagoz olerkiak: 1) Kantu errikoiak; 2) Lirika kantuak; 3) Gora kantuak; 4) Amalaukoak; s) Eleiz-kantak; 6) Alegiak; 7) Ipuiñak; 3) Irakurgaiak eta 9) Erderatik euskeratuak.
«Eder-zale bazara, emen ito zeinke egarri ori. Euskerazale bazara, emen ikasi zeinke nai-beste», diño Aita Onaindiak itzaurrean. Eta esan ta izan, olantxe da.
Arrese ta Beitiaren adimen zorrotzak, irudimen biziak eta biotz andiak, era askotara ta ederkiro erakusten deusku edertasuna: izadiaren edertasun zoragarri ta itzalgarria; biotz-barruko edertasun pozgarri ta kantaria, naibagearen edertasun samingarri ta negargarria; umorearen edertasun barregari ta nasaigarria..., edertasun atsegingarria.
Ederto erakusten deusku edertasuna, ta euskera ederrean. Euskera aldetik bere ba dogu zer-ikasi gure euskal-idazle onen idazlanetan. Euskera erreza ta aberatsa darabil.
Ots-itz zalea dogu:
«Errotak klan-klan, taun-taunka olak,
eta pil-pil iturriak»
Gauza baten anditasuna edo betetasuna adierazoteko era barriak asmatzen bere ba daki:
«Poztu gindekez, pozez gaiñezka;
pozen pozetan bere egon,
pozik pozaren poz andiagaz»
Errian entzundako esaerakaz bere, bein baiño sarriagotan, apaintzen ditu bere olerkiak:
«Iñoren ardurea pago adarrean
dagoala esan zan nozbait nonbaitean»
«Ez da esaera bat antxiña aterea,
pobrearen oiñean beti arantzea?»
Adibide ta irudiak bere eundaka darabilz; ta zelakoak gaiñera!
Bai gai aldetik, bai euskera aldetik, euskal-idazle ona dogu Arrese Beitia.
Olerkari legez punterengoa izateko zer bat falta jako ta erri-olerkari usain apur bat daukee bere olerki askok; betegarri askogaz eginda bere ba dagoz beste batzuk [8].
[1] «Olerkiak», 18-garren orrialdean. Aita Onaindiak argitaratua.
[2] Idem, 82-garren orrialdean.
[3] Ordutik onakoa dogu erromantiku negartien «Ama euskeraren» leloa.
[4] «Olerkiak», 168-garren orrialdean.
[5] Idem, 93-garren orrialdean.
[6] Idem, 161-garren orrialdean.
[7] Idem, 166-garren orrialdean.
[8] «Ezaguna da gure artean Arrese Beitia, eta eztu aurkespen bearrik: zenbait bertso beintzat, gutxi bederen, buruz dakizkigu geienok. Biotz sutsu aren garra ezta oraindik illaundu: bizi-bizirik daude txingarrak orrialde otz auetan.
»Gaur, urteen joanak oztu gaituelako edo, ezin genitzake Arreseren olerkiak ikus orduko euskaltzaleen, eta batez ere Canpionen, begiz. Ezta Arrese munduari erakutsi nai zioten poesi-mirari arrigarria. Biotzondoa ba du, izkuntza aberatza ere bai: egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskeraz geroztik agertu den zer berezi ori, falta zaio.
»Egia esan, poesiarako baiño retorikarako ixuri geiago zuen. Ezta ikusi besterik zein olerkari euskeratu zituen: Herrera, Valbuena, Caro, Quintana, Zorrilla. Gogokoago zuen, beretarrago nonbaitik, esate baterako, "Canción por la victoria de Lepanto" edo "La tempestad"-en itz-jario ta deada-arata, Fray Luis edo Becquer-en kantu ixillagoa baiño. Esandakoak eztu beeratzen ez gutxiesten. Retorika jatorra du, goitarra, biotz bero batek indartua. Eta euskera eder, sendo eta ugarian mintzatzen da beti.
»Izkuntzaren aldetik ba dugu, beraz, zer ikusi Arresegan, eta beste batetik ere bai. Bertso orietan dauzkagu bilduak garai artako gogoeta, kezka, asmo eta burrukak, euskaltzale gartsu batek ikusiak eta adieraziak». (Mitxelena Luis, «Olerkiak» liburuari egiñiko kritikan. Egan, 1957, 117-garren orrialdean).