Urkiaga Esteban «Lauaxeta»
1905-1937
Nor zan
«Poztu, ta biotzak ez euki urduri;
gazte ule baltz gara, ez zar ule zuri.
Biarkoa itxi etorriari,
ta dantzan ta abesten ari.
Bizitza onetan ametsa da oro,
zadorrik, arren, ez egizu nai idoro.
Larrosak tori arantzetan,
alde ona billau gauzetan...» [1].
Bizkaierazko olerki-saillean bide barriak egin ebazan Lauaxeta gaztearen jokabidea orixe izan zan. Eta larrosa asko batu ebazan arantzartean, alde on asko aurkitu zituan gauzetan. Eta guri emon deuskuz olerki biurtuta.
Laukinizen jaiio zan Urkiaga Esteban, gure «Lauaxeta» [2]. Baiña umetxotatik asita, Mungian bizi izan zan, ona etorri ziran biziten bere gurasoak-eta.
Mutikoa zala, fraile joan gura izan eban, karmeldarren komentu batera. Baiña Lekeitioko osabeak abade egin bear ebala esan eutson, eta or doa gure Estebantxu, zintzo-zintzo, Durangoko jesuitetara. An egotaldi bat egin ondoren, jesuita izateko gogoa etorri jakon. Eta joan bere egin zan, Loiolako jesuitetara. Antxe egon zan, ikasi ta ikasi, ogetak urteatararte. Baiña andik bere urten egin eban eta soldautza egitera joan zan.
Gero, bere gurasoakaz bizi izan zan gerraterarte [3]. Eta, gerratean, il egin eben Bitorian, ogetamabi urte zituala. Il aurretxoan, olerki eder au egin eban:
Eguna berantz doa
Oi, Bidazti Deuna, sar zaite neurera,
bertan dozu, bada, maitasun arrera;
bekidat bizitza
zure itza.
Idazki doneak azaldu daidazuz,
euren muin eztiak emon egiztazuz;
bel zure mintzoa,
gozoa.
Ta barne guztia berotan dodala
argi biur bekit eriotz itzala;
dana jat atsegin
Zurekin.
Orain sakon dakust zure eriotz ori,
zergaitik daukazun biotz deuna gori» [4].
Gizon ona izan zan Lauaxeta. Eta sakona. «Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usaiñak, goizalde bakotxak dakarkidaz. Auxe da neure sakona! Besteak entzuten eztaben egal-otsa neure gelara jatort... » [5].
Besteak entzuten eta ikusten ez dabezan gauza asko entzuten eta ikusten ditu, bere begi-belarri zoli, garbi eta zorrotzakaz, olerkariak. Eta Lauaxetak bere, ainbat gauza sakon entzun eta ikusi ditu, bai izadian, bai giza-bizitzan; giza-bizitzan, batez bere.
Giza-bizitzaren misterio sakonera sartu da Lauaxeta.
«Ona emen nago: Goizean so dagit
sarkalde argira;
arratsean, barriz sorkaldera nago,
izarren begira.
Au geure bizitza, atseden eziña,
jadetsi eziña!
Ezin batu doguz elburu batean
amets ta egiña» [6].
Baiña fedearen argiagaz sartu da, eta fedearen argitan erakusten deusku giza-bizitzaren misterio arrigarria: Betiraun naia, aragi ta gogoaren konpondu eziña, ametsa ta izatearen ezbardintasuna, maitasuna ta gorrotoa, lorak eta arantzak, poza ta naibagea...
Fedearen argiagaz sartu da giza-bizitzaren misterioan. Eta, orrexegaitik, adorea galdu barik, aurrera diardu onbidetik.
«Gorrotoz barik, noan maitasun bidez.
Erain zidor orotan ezilkortasuna,
zauri bakotxan leunki mosu bat ixuri,
etsaiaren burura jaurti maitasuna.
Arantzak min-zaituez?
Arrika ez lorai!
Arriskuan ibilli gentzaz, ez urduri;
lakiorik ez jarri iñon oldozkunai.
Egiten dozun ona gerorako dago,
ondo egiñak ezauz oker eroango.
Zalantzan zaran arren, ezilkorra maite,
zeozer geure baitan ba dogu betikor.
Gerora adi beti, urduri, oldozkor,
alderik onenera eratzatu zaite» [7].
Gizon ona ta olerkari sakona izan genduan, benetan, Lauaxeta. Ordurarte etzan sekula iñor eldu aren maillara, bizkaierazko olerkarien artean.
Berak diñosku bere olerki baten: «Pioneer gazte gara». Eta izan bere orixe izan genduan: Pioneer gazte bat, aurrelari bat.
Idazlanak
Lauaxetak egin ebazan idazlanik onenak liburu bitan argitaratu ziran:
«Bide barriak». Olerki txorta bat, 42 guztira.
«Arrats-beran». Beste olerki txorta bat, 40 olerki guztira.
Lauaxetak berak egindako erderazko, itzulpenagaz argitaratu ziran. «Or-an entzun eta ikasi dodazan gogai batzuk neure biotzaren barnetik euskeralduta agertu dodaz...
»Maitasuna, aberria ta uzkurtza izan dira gairik ugarienak olerkarientzat; neuretzako be bardin» [8].
«Neurez, betirarte ixilduko nintzan, barruko ixurpen oneintzat ezpaitago azal ederrik. Euskeraz batez be! Erabilliak izan diran izkuntzak bost jarraibide erakutsi dagizkeguez; baiña ele onen iruleak geu gara...
»Elerti-zale nazan onek zearkeri ta pirtxilleritzat daukedaz olerkiok. Maisialariak esango dabez esatekoak! Baiña ele lander baten seme jaio nintzan ezkero, bertso ñimiño oneik be argitara datorz» [9].
Orra or Lauaxetaren eretxia bere liburuari buruz.
Zearkeri ta pirtxilleritzat daukaz bere olerkiak. Baiña, bere biotz-ondo etorritsuagaz, gorengo maillako bide barriak egin ditu bizkaierazko literaturan, olerki-saillean.
Euskerari buruz, «ele lander baten seme jaio nintzan», diño. Orren izkuntza urria ete da, ba, euskera? Ez dot uste. Bere aldiko semea izan genduan Lauaxeta bere. Eta idazle zaarren eta erriaren iturritik ur askotzarik ez eban edango, aurki. Aranatarren iturri barritik bai, ostera.
Orrexegaitik, garbizale amorratua dogu ta berba barri ta aditz-sintetiku asmauak larregi darabilz. Beste euskaldi batzuetatik artutako berba ta aditz-jokaerak bere, bein baiño sarriagotan darabilz; baiña au olerkaririk geienak egiten dabe.
Dana dala, or daukagu gure Lauaxeta zintzoa ta sakona bere olerki-txorta ederragaz.
«Atsegin etxakonak, neure aurka itz eginke, idazti eder bat argitaldu begi, bide ori dalako gizon argiena. Itz egiteko bidean dagoz, euskeraz idatzi dabenak, besteak ez; bear egin dabenak, dakilako» [10].
[1] «Bide barriak», 8-garren orrialdean.
[2] Mungiako abade batek esan eutsan izen-ordetzat «Lauaxeta» artzeko, bizi izan zan etxea bakar-bakarrik egoalako, lau alderdietatik aizea artzen ebala.
[3] Ikasten jarraitu eban. «Euskadi»-n idazten bere ekin eutsan. Baita mitiñetako itzaldiak egiten bere.
[4] Lauaxetaren arreba batek itxitako esku-idatzitik artua. Ikusgarria da bere azken-naia bere, erderaz egiña. Axe bai izan zala euskaldun eta fededun!
[5] «Arrats-beran», itzaurrean.
[6] «Bide barriak», 120-garren orrialdean.
[7] «Bide barriak», 130-garren orrialdean.
[8] Idem, azken-oarrean.
[9] «Arrats-beran», itzaurrean.
[10] «Bide barriak», azkenengo oarra.