JOAN MARI LEKUONA (1927)
BIZITZA
Oihartzunen jaioa. Apaiza. Apaizgaien irakasle.
IDAZLANA
Muga beroak. Gero 23, Edit. Mensajero. Bilbao 1973
ERITZI KRITIKOA
Hiru aro bereizten dira Lekuonaren poesi liburu honetan: Herenegun, Atzo eta Gaur izenekin datozenak. Hiru garai desberdinen ispilu dira. Eboluzio handia nabari da Lekuonaren poemagintzan.
1) Herenegun: 1950... Zazpi poema. Gerra aurreko poesiaren influentzia, batez ere Lizardi, Lauaxeta eta Orixerena, nabari da. Poesi klasikoa. Gaia: natura, absolutua, Jainkoa. Imajina landu eta esankorrez beteriko poesia, sentsibilitate handikoa.
2) Atzo: 1966... Mindura gaur.
Aurreko poemagintzatik urrats handi bat egin du aurrera. Bitartean urte eta gauza asko pasa eta aldatu dira. Poesia soziala hasia zegoen Euskal Herrian. Lekuonak ere horretara jotzen du. Krisi garaia zen: kristau bizitzan, Elizan gauza asko gertatzen dira: estrukturak aldatu beharra, egitasun gehiago, bizitza eta fedea justizian oinarrituak... Krisi hori Lekuonaren garai honetako poesian nabari da.
Poesia indartsua eta garratza. Oso dramatikoa.
3) Gaur: 1972... Hondarrean idatzia.
Hirugarren zati hau, euskal poesiaren barnean gertatutako izkribuetan onenetako bat da (Xabier Lete, Muga beroak sarreran, 20. or.).
Hemen ere salto handi bat nabari da aurreko poesiatik. Bide berriak urratzen ditu.
Gaia: materiaren ikuspegi poetikoa (materiaren osagaiena hobeki: lurra, sua, ura e.a.). Materia hori sentitzen, deskribatzen eta pertsonalizatzen du (nireganatzen du): Ludia nigan, Lurra nigan, Sua nigan, Eguratsa nigan. Materiaren osagarri hauek bere gorputzaren odol, haragi, deseo, joera eta mugimendu eginik aurkitzen ditu.
Gizonaren eboluzio-jatorria poetikoki adierazten digu, nolabait denok dugun batasun-oinarria adierazi nahiz. Benetan bide berriren urratzaile gertatzen da, beronen kidetasuna eta influentzia orain-oraingo poeta gazteetan nabari delarik; Joseba Zulaikarengan, esate baterako. Expresio-bidetzat askotan darabil metafora, eta bikainak lortzen ditu.
Azken zati honetan euskara batua darabil.
Lekuonarengan kantu zaharren eta bertsolaritzaren influentzia ere nabari da. Behin baino gehiagotan hartzen ditu bere expresiobidetzat, nahiz eta bertso librea ere askotan erabili.