literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

ARANA GOIRI'TAR SABIN (1865-1903)

 

        BIZITZA

        Abandon jaio zen. Aitak karlisten azken gerratean parte hartu zuelako, familia guztia Ipar Euskal Herrira joan beharrean gertatu zen. Han egon zen denboraldi batean. Sabin, hamaika urtetan, berriz ere, Abandon ikusten dugu, eta gero Orduñako jesuitetan batxiler egiten, aita Arana euskaltzalea irakasle zuelarik. Ondoren Barcelonara joaten da Deretxo, Filosofia eta Letrak ikastera. Ikasle-denboran erabat euskaltzaletzen da, eta euskara ikasteari ekiten dio. Baina euskara ez-ezik, Euskal Herri osoa salbatu nahi du, eta politikan sartzen da erabat, euskal abertzale mugimendua sortuz. Bi aldiz espetxean egona, oso gazterik hil zen.

 

        IDAZLANA

        Arana Goirik gehiena erdaraz egin zuen; baina, guztia euskarari edo Euskal Herriari buruz egina du. Halere ba ditu euskaraz egindako lan batzu. Euskaraz nahiz euskarari buruz eginiko lanik garrantzizkoenak honako hauek ditu:

        —Lecciones de ortografía del Euskera bizkaino. Bilbao 1896.

        —Lenengo egutegi bizkaitarra. Bilbao 1897.

        —Deun-ixendegi euzkotarra. Bilbao 1910.

        —Olerkijak. Bilbao 1919.

        Aldizkari sail baten sortzaile eta zuzendari ere izan zen:

        —Euzkadi (1901), El Correo Vasco (1899) egunkaria, Bizkaitarra (1893-1895), Baserritarra (1897), e.a.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Arana Goirik, lehen esan bezala, ba ditu euskarazko lan batzu: poesia, artikulu eta abar. Honen poesiez eritzia ematean, honela dio Auñamendik: «Sus poesias, fuertes y concisas y recias de emoción, hubieran ganado en un lenguaje menos elaborado. En ellas su autor se da entero y sin reservas. Su idea y su emoción son auténticas» [29]. Aukeran gogortxuak dira, baina aipagarriak.

        Baina, Arana Goirik, euskaraz egin zituen lanen balio literarioarengatik baino areago, sortu zuen izpirituarengatik merezi du aipamen berezia: politikaren bidez euskal literatura eta kulturari eman zion bultzadarengatik eta sortu zuen hizkuntz eskolarengatik.

        Arana Goirik aita Larramendiren antz handia du. Honen joera garbizale eta neologismozalea gogoratzen digu. Larramendiren teoriak azken ondorioetaraino eramaten ditu; hark teori mailan utzi zuena praktikara eramanez. Horretarako bere eragin politikoaz baliatu zen. Euskara, hizkuntza nazionala, goratu, garbitu eta berritu beharrean aurkitzen du, eta ortografia, izendegia eta hiztegia berritu nahi ditu behar hori betetzearren. Baina, batez ere, bere politikaren bidez ondorengo idazleak areago kontzientziatuz, hauengan sortu zuen gora-nahia da Arana Goirik euskal literaturarentzat utzi duen altxorrik baliotsuena.

 

Bilaketa