literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

JUAN ANTONIO MOGEL ETA URKIZA (1745 - 1804)

 

        BIZITZA

        Eibarren jaioa. Mediku baten semea. Apaiz egin zen eta Jemeingo (Markina) erretore izan zen hil arte. Gizon jakituna, eta jakintsu askorekin harremanak zituena. Euskaltzale sutsua; euskararen batasunaz asko arduratu zen. Euskalki gehienak ba zekizkien.

 

        IDAZLANA

        Garrantzizkoenak bakarrik aipatuko dira:

        —Confesio ta Comunioco Sacramentuen gañean Eracasteak. Iruinean, 1800ean. Gipuzkeraz.

        —Confesiño ona. Gasteizen, 1803an. Aurrekoaren zati bat bizkaieraz.

        —Peru Abarka. Durango 1881. Nobela edo antzekoa, euskarazko lehenengoa. Hauxe da Mogelen libururik ospetsuena, famatuena. Elkar hizketa moduan dago: baserritar baten eta barbero baten artekoa. Halabeharrez ezagutzen dute elkar. Hau agertu nahi du Mogelek liburu honetan: euskara jatorra baserritarrengan dagoela, eta horietatik ikasi behar dugula.

        Euskaraz eman den libururik onenetakoa.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Bizkai aldeko literatur mugimenduaren aitzindaria izan da Mogel. Bera izan zen, Añibarrorekin batera, bizkaiera maila literariora jaso zuena. Baina, Mogel lehendabizi gipuzkeraz idazten hasi zen eta gipuzkeraz egin zuen bere lehen liburua, Confesioco ta comunioco...; gipuzkera jadanik maila literarioan landuz aurrera bait zihoan. Joera horren kontra bere bizkaitar lagunak hasi zitzaizkiolako, gerora dena bizkaieraz idatzi zuen.

        Kritikalari guztiak bat datoz Joan Antonio Mogel literatura zaharrean onenetako bat bezala hartzean, batez ere Peru Abarka liburuarengatik. Obra honetan darabilan tesiaz denak ez daude ados. Ibon Sarasolak, «baserritarra» eta «euskaldun ona» bateratzea ez du onartzen. Mogelentzat baserritarrak dira euskara-arloan maisu eta eredu beste guztientzat; jakintsuek ere baserritik pasatu behar dute, Peruren Basarteko unibertsitatetik. Euskarak edozertarako balio du, eta edozertarako balio duen euskara jator hori baserrian dago. Hori ez dago erabat onartzerik. Dena den, tesia hain zuzena ez bada ere, liburuak duen balore literarioak oker hori gainditzen du. Tesiaren gainetik dago obra, eta Mogelek, bere zentzu literarioarengatik, aitzinako literaturako lanik atseginenetako bat lortu zuen. Bere ironia handiaz, euskal esaerez, modismoez aberasten du liburu honen literatur balioa. Dena bizitasun handiz lorturikoa. Hizkera apaina, etorri handikoa, gaztuna.

        Peru Abarka, euskal nobelaren hasera bezala hartu izan ohi da, euskal nobelari lehen urratsak eman dizkiona. Luis Vives bere Diálogos-etan latina erakusteko bezala, Mogel ere, honen antzeko zerbait egiteko asmoz, elkarrizketaz baliatzen da euskararen ahalmenak adierazteko. Narratiba-aldetik begiratuta, erabat nobela bezala, gaurkoz zentzuan, hartzeko, zera falta zaio: kapitulu bakoitzaren haseran, elkarrizketari sarrera ematerakoan eta narratibo-erreferentziak egiterakoan, hauek erdaraz egiten dituela: «DIALOGO PRIMERO. Entre el inculto bascongado y Barbero Maisu Juan y el culto casero Peru. Se da principio al diálogo en una venta, donde se encontraron casualmente». Elkarrizketak bakarrik ematen ditu euskaraz. Alde honetatik, bere iloba Joan Joxe Mogelen Baserritar nekazalentzako eskolia osoagoa da. Narrazioak luzeagoak eta euskaraz eginak ditu. Baina, hizkeraren bizitasunean osabak eramaten dio.

        Mogelen Peru Abarka histori eta etnografi aldetik ere oso interesgarria da. Garaiko, hemezortzigarren mendeko bigarren parteko, nekazarien ohiturak, lantegiak, olak, bertako teknikak, tresnak, hiztegia... ezagutzeko dokumentu paregabea gertatzen da.

        Mogelek, Peru Abarkan erabiltzen duen literatur motaz gainera, beste batzu ere erabiltzen ditu: erlijio-gaiak, ipuinak, itzulpenak. Hizkuntzalari jakituna genuen gainera, garaiko hizkuntzalariekin harremanetan zebilena: batez ere Humboldt alemanarekin izan zituen, eta honen vasco-iberismo teoria bere egin zuen. Euskarari buruz erdaraz egin zituen gramatika eta apologi lanak dira bere azterlanaren lekuko.

 

Bilaketa