BITORIANO GANDIAGA (1928)
BIZITZA
Landetan (Bizkaian) jaioa. Frantziskotarra. Irakasle Arantzazun.
IDAZLANA
Hiru poema-liburu:
Elorri. Arantzazu 1962.
Hiru gizon bakarka. Gero 31. Bi1bo 1974.
Uda batez Madrilen. Jakin. Arantzazu 1977.
ERITZI KRITIKOA
Hiru liburuak, nahiz autore batenak izan, erabat diferenteak dira. Elorri argitaratu zenetik Hiru gizon bakarka argitaratu arte urte asko joan dira. Eta urte horietan Euskal Herrian eta poesian gauza asko pasa dira.
Elorri liburua Lizardiren eta Lauaxetaren influentzipean dago. Ibon Sarasolak neolizardismoaren barruan sartzen du. Lizardiren influentziaren barruan forma berriak ere ekartzen ditu. Gaia, bere bizitza du. Arantzazuko paisajearen barruan margotua. Naturaren zaletasun handia agertzen du. Poesia ongi landua, klasikoa. Hizkuntza indarduna eta samurra. Bizkaieraz.
Hiru gizon bakarka. Erabat bide berrietan sarturik dabil liburu honetan. Forma aldetik erabat berritu du. Baina herri tradizioari ere toki emanez.
Gaia, Euskal Herria du. Euskal Herriaz erabat arduratua aurkitzen dugu. Euskal Herriaren errealitatea emateko darabilen sinbolurik ezagunena txakolina da.
Herri baten izan nahi eta ezin izate minberakorra adierazten du. Herriaren edo problema sozial hori bere egiten du, arazo horri existentzialismo-kutsua emanez; gizonaren existentzia pertsonalaren hutsune eta saminek girotzen dute. Herriaren krisia bere krisi egiten du.
Jorge Oteizaren influentzia ere nabari da; honek Arantzazun sortu zuen inguru estetikoa halegia: ikus Hamasei-harrieta sailean sartzen diren poesiak (144-163. or.).
Hiru gizon bakarka deitzen den liburu hau, alferrikako hitzik gabe, expresio-aldetikako ekonomia handiz eginik dago... Gandiaga sentimenduz gainditurik agertzen zaigu; sentimendu ase-ezin eta gogoeta ilunez. Baina bere mundu barnekoi irakin hori, poemen bitartez estrukturatuz, guztiz ordena onean agertzen digu; barrokotasunik gabe, soberako ixurketarik gabe... [69]
Uda batez Madrilen. Oraingo honetan Gandiagak Arantzazuko menditik, eta Euskal Herriko girotik, Madrileko hiri handira egiten du txango, makropoliaren mundu erraldoi eta industrial izatura, tematika unibertsal batetara.
Hiri handiko txaplastak hartzen ditu eta «collage» modura paperean ezartzen, bere teknika sendoaz, mila formatan, koloretan, kalitatetan. Desgizontzearen aurkako hitza dateke, garraisia ez baino zentzu onezko aholku gizakoia.
Gandiagaren balore formalak aipatzekotan, honetara bil daitezke bere alderdi teknikoak: hitza bera eta hitzaz egindako konjunto elementalak bere prismaduretan emateko moduak; esaunda eta fraseen alderdi desberdinak, orain bat eta gero bestea emateko joerak; gauzen ageriko dimentsiotik izkutuagoko beste giza dimentsioetara salto eta pasabidea ezarian eta etenik gabe egiteko eskola; plastizitatea; literatur genero desberdinetatik hartutako teknikak eta abar.
Kontrasteak dira, behar bada, poema honi dinamika berezia ematen diotenak: hemen norbait den gizona, han-hartako munduak irensten du; hemengo hizkuntzak hango bizikizunak emateko hitzik ez du; hemengo herria ez da han ulertua. Eta borroka horretan, gure borrokan, esperantza-emaile dugu poemaren planteiamendu osoa.