JOAN INAZIO IZTUETA (1768 - 1840)
BIZITZA
Zaldibitarra. Gizon apal eta eskola gabekoa. Gaztetan dantzari; gero dantza-taldeen antolatzaile. Donostian egonaldi bat gartzelako zuzendari bezala egin zuen. Baina, bera ere gartzelan egona zen; ez dakigu zergatik. Zaldibin bizi izan zen gehienik. Bertan hil zen. Garaiko euskal idazleetarik ia bakarra apaiz ez dena.
IDAZLANA
Guipuzcoaco dantza gogoangarrren condaira edo historia. Donostia 1824. Gipuzkoako dantza zaharrei buruzko libururik zaharrena.
Guipuzcoaco provintziaren condaira edo historia. Donostia 1847. Historia kritiko bezala, gutxi balio du. Herri bizitzaren testigu eta hizkuntz textu bezala, gehiago da.
Bertso sail bat.
ERITZI KRITIKOA
Iztueta idazle bezala eztabaidatua izan da. Norbaitek, lupuarengandik bezala behar dela ihes egin harengandik esaten du; beste batzuek ez diote garrantzirik ezagutzen, eta beste batzuek nahiko interesgarri aurkitzen dute. Eta denetik du zerbait. Idazkerari begiratuz, oso desberdina duela ikusten dugu. Bere gisara ari denean, nahiko naturala eta jatorra da; baina beste autore edo dokumentu baten itzulpen edo moldaketa egin behar duenean trakets eta ulerkaitz gertatzen da, galdurik eta loturik aurkitzen da: joskera baldartzen du eta Larramendik asmaturiko hitzetan trabatua geratzen da. Gainerantzean, bere prosa nahiko jatorra, gozoa eta zalua du.
Poesian ere nahiko eztabaidatua izan da Iztueta. Manterolak gorespen handiak egiten badizkio, Karmelo Etxegaraik gutxi estimatzen du. Iztueta, bertsolari-olerkari horietakoa dugu, Bilintx bezala; honen mailara iristen ez delarik ordea. Honela dio Manuel Lekuonak: «olerkari bezala, Iztueta etzan izan beste munduko gauza. Bañan, ori bai, gai ortan ere asko ageri izaten zitzaion bere beste alderdia, bertsolari-alderdia. Nolanai dala, itz-neurtua oso ondo ta 'aire ta bote' esan oi dan bezala, erabiltzen zuan. Pentsaera, beti ere naiko gorea, naiko 'goititua', gauza bera biribiltzen 'luze-antxa' ezik; erderaz 'reiterativo'-xamarra esango litzakena; imajina, beratsuak erabiltzen zituala, alegia, batez ere, tematika beretsuko lanetan: Gipuzkoaren goralmenak kanta bear zituanean, adibidez» [17].
Dena dela, interesgarriak gertatzen dira bertso batzu, beren puntu eta ritmo aberatsengatik.
Iztueta aztertzerakoan, Larramendi-zale itsua zela gogoan hartu behar dugu, haren alde onak eta hain on ez direnak bere egiten bait ditu. Alde onak: bere herri, hizkuntza eta ohiturentzat agertzen digun maitasuna. Gipuzkoako ohitura eta dantza asko, gaur egun, Iztuetari esker ezagutzen ditugu. «Folklorea sistematikoki biltzen lehen lehena izan zen Penintsulan, katalanak eta gaztelarrak baino lehenagotik noski» [18]. Alde hain onak ez direnak: Larramendi, Astarloa eta beste apologisten gehiegikerietan erori zen, hizkuntza eta historia kritika sendoan, oinarritzeko arrazoirik izan ez zuelako. Baina, halere, bere akats eta guzti, beste horiek guztiak baino gehiago da guretzat: egin zuen lana euskaraz egin bait zuen, eta euskara eta Euskal Herria horrela hobekien defendatu, eta berari gorespenik handiena eman bait zion. Benetako erromantikoa izan zen, eta erromantizismoak eskatzen zion bezala bere herria, Gipuzkoa, hemengo ohiturak eta bere bihotzeko maitasuna kantatu zituen.