ARNAUT OIHENARTE (1592-1667)
BIZITZA
Zuberoarra. Maulen jaioa. Bordeleko unibertsitatean legedi-lizentziatura atera zuen. Lege-gizona zen beraz. Kargu politikoak izan zituen: Zuberoan erregearen ordezkari, Zuberoako sindiko. 1627an Donapaleuko Joana Erdoirekin ezkondu zen, alargun aberats eta noblearekin. Ezkontza honen ondoren Donapaleun bizi izan zen, aberats eta ohoretsu, Nafarroako Parlamentuko lege-gizon bezala.
Abertzale sutsua zen. Bere herriaren eskubideak defenditzeagatik espetxean egona. Esan dezakegu, euskal literaturan lehen idazle sekularra dela.
IDAZLANA
1. Kondairagile eta lege-gizon bezala, latinez eta frantsesez idatzi zuen. Lanik handiena latinez egina du: Notitiae utriusque Vasconiae, tum ibericae tun aquitanicae. (Bi euskal herrietako berriak, bai Iberiako bai Akitaniakoak). Euskaldunen historia da. Nafarroako herriari ematen dio lekurik handiena.
2. Euskarazko lanak: Atsotitzak edo refrauac eta O-ren gastaroa neurthitzetan. Parisen, 1657an. Atsotitzek dute zabalerarik handiena, eta beroriek betetzen dute lanaren zatirik inportanteena. Bigarren partea, hots, O-ren (Oihenarteren) gastaroa neurthizetan.
ERITZI KRITIKOA
Historigile eta humanista bezala, bere garaiko gorenetakoen artean konta dezakegu Oihenarte. Garaiko Frantzia eta Espainiako jakintsuen artean oso ezaguna zen. Haren histori lana, orain «xehetasun batzutan zahartu baldin bada ere, kritika-bideak aurreratu direlako nahiz izpirituak aldatu, ez dago, osoan, arazoa hobeki ikusi duenik; eta, batezere, Oihenarte-ren aburuak eta ondorioak egiatzat hartu behar dira gaur berton ere» (Eugenio Goihenetxe, Atsotitzak eta Neurtitzak liburuaren Hitzaurrean, 24 or.).
Baina Oihenarteri, euskal literaturan daukan tokia ez datorkio historigile izatetik. Histori lanak eta beste ikerketa-lan sakonak euskaraz izan balitu, gaur egun lan eder hori euskaraz izango genuke; baina latinez egin zituen. Toki hori, bere atsotitz eta neurtitzengatik dagokio.
Atsotitzak zatian, 706 esaera-zahar utzi dizkigu, herriarengandik eta bilduma-zati eta laguntzaileen lanetik hartu zituenak. Esaera-zahar horiek, dirudienez, ez dira denak Euskal Herrikoak jatorriz; beste hizkuntzetatik itzuliak daude batzu.
Neurtitzak zatian, poesi multzo bat dakar, maitasun eta erlijiozkoak. Oihenarte poesigintzarako prezeptibista izan zen; humanista genuen, eta ongi ezagutzen zituen bertsogintzarako klasikoen arauak; horrela, L 'Art poétique poesiaz tratatu bat idatzi zuen arau horiek emanez, eta euskaraz horien aplikazio bat egin nahiz. Euskal poesia, garaiko era kultoetara eraman nahi du, herriko modu tradizionala utziz. Garaiko literatur mugimenduari jarraituz, kultista genuen, poesi molde landu eta bihurrien aldekoa, eta, garaiko kultista eta kontzeptistek bezala, hitz-joskera zail eta harrigarriez hornituko du bere idazkera.
Gainera, hizkuntza landua egin nahian, gure hizkuntzaren ahalmenez baliatuz, hitz berriak sortzen eta aditza aberasten saiatuko da. Oihenartek euskarazko «hitz garbiak» sortzen ditu: neurthitz (verso), ilhartitz (epitafio) e.a. Aditzean, berriz, forma sintetiko asko erabiltzen du: orain erabiltzen ez diren forma sintetiko arkaikoak dira batzu, eta beste batzu, berak sortuak noski (etsi, ebaki, erori, e.a. aditzetan). Hogeigarren mendeko garbizaleak gogorazten dizkigu Oihenartek.
Kritiko batzuk, olerkari bezala, hotzegitzat hartzen dute: intelektualegia, artifizialegia, kontzeptistegia. Ez du Etxepareren poesiaren indarrik. Herritik oso urrun gelditzen da. Bere garaikoek eta ondorengoek baztertu egin zuten, eta ez zuen jarraitzailerik izan. Halaz guztiz, haren olerki batzu oso estimagarritzat jotzen dituen kritikorik ere ba da. Dena den, euskal klasikoetan ezin ahaztuzkoa dugu Oihenarte.
Zuberoarra izanik ere, lapurtera eta behe nafarrera erabiltzen ditu gehienbat.