RESURRECCION M. DE AZKUE (1864 - 1951)
BIZITZA
Lekeition jaioa. Eusebio Maria Azkue poetaren semea. Lehen ikasketak Lekeition, eta batxilergoa Bilbon egin zituen. Gero Gasteizko seminarioan. Salamancako unibertsitatean Biblia eta Deretxo sakondu zituen. Ikasketa hauek bukatu ondoren, Bizkaiko Diputazioak eraiki zuen euskara erakusteko katedra oposizioz irabazi zuen (Arana Goiri eta Unamuno ere aurkeztu ziren).
Azkue, gainera, musikalaria ere ba zen. Bilbon, Bruselasen eta Kolonian ikasten ibili zen.
Bere bizitza guztia euskarari emanik bizi izan zuen. Bera izan zen Euskaltzaindiaren buru, erakunde hau sortu zenetik, hil zen arteraino. Espainiako Akademiaren batzarkide ere izan zen.
IDAZLANA
Inork baino idazlan gehiago utzi digu. Harriturik geratzen da bat gizon bakar baten hainbesteko lanaz. Horregatik, inportanteenak bakarrik aipatuko ditugu. Hiru sailetan bana ditzakegu: a) Jakintsu bezala, hizkuntzalari, musikalari bezala; b) euskal idazle bezala; d) argitaratzaile bezala.
a) Jakintsu bezala
Euskal Izkindea. Gramática euskara. Bilbo 1891. Euskaraz eta erdaraz egina. Antzinako euskara zahartzat ematen duen euskara berria darabil hemen Azkuek. Berak sorturiko laboratorioko euskara. Berak bere hiztegiaren hitzaurrean dioenez, «gaztetako bekatua» da liburu hau. Bide horretatik oker zihoala konturatu zen bera halako batetan.
Diccionario Vasco-Español-Francés. Tours 1905-1906. Azkueren lanik onenetakoa, onena ez bada. Hamabost urtetako lana. Gaurdaino, behar-beharrezkoa euskal idazleentzat. «Euskera onaren iturri» deitzen du Orixek. Azkueren lan honek merezimendu handia du, zeren aurretik eginiko hiztegiek ez ziotela balio ikusi zuen. Larramendirenak ez zion balio, hitz jatorrak berak sortutakoekin nahastu zituelako, eta ondorengoek ere berdin, Larramendiri jarraitzen zitzaizkiolako. Azkuek hitz guztiak herrian edo literatura zaharrean biltzen ditu; ez du inoiz hitzik sortzen. Egun, Luis Mitxelena ari da Hiztegi hau berritu eta zuzentzen.
Morfología Vasca. Bilbo 1923. 930 orrialdetako liburua. Kontsulta-liburu bezala, gaur egun ere balio duena. Bi sail ditu: 1) atzizkiei buruzkoa; 2) gramatika-kategoriei buruzkoa: substantiboa, izen-ordea, adjetiboa, aditza, e.a.
Euskal Erriaren Yakintza. Literatura popular del país vasco, Madrid 1935, 1942, 1945, 1947. Euskaraz eta erdaraz egina. Lau liburu handitan argitaratua. Euskal Herri osoan bilduriko ipuin, ohitura, sineskeria, esaerak, e.a. Etnologi aldetik, herri-jakintzaren aldetik, balio handikoa.
Cancionero popular vasco. Barcelona 1922; La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo 1968. Euskal kanta zar piloa. Lan handia hau ere.
b) Azkue euskal idazle
Euskaraz ere asko idatzi zuen Azkuek: artikuluak, nobelak, zartzuelak, erlijio-liburuak, e.a.
Ortzuri eta Urlo operak [30].
Ardi galdua. Nobela. Euskararen idatzizko batasuna lortu nahirik «gipuzkera osatuan» idatzi zuen (gipuzkera oinarritzat hartu eta beste euskalkiez osatuz).
Vizcaytik Bizkaira eta Eguzkia nora zartzuelak.
d) Azkue argitaratzaile
Hainbat liburu zahar argitaratu, eta, batez ere, aldizkari berriak sortu eta berak zuzendu zituen:
Euskalzale, Ibaizabal, Euskera...
Eta beste lan-multzo bat...
ERITZI KRITIKOA
Orixeren eritzia: «Euskeraz ari geranok Azkue jaunari zor diogu geienik, eta Euskerak ere bai... Ark atera du gaixoa bere zarpilletatik eta soiñeko apainez jantzirik utzi».
Literatur aldetik ez da puntarengo idazlea. Lan ederrik ba du: Vizcaytik Bizkaira, Ipuinak, e.a. Euskera erraza, herrikoia, jatorra erabiltzen du. Baina, batzutan, dakien guztia erakutsi beharrez, lanak naturaltasun pixka bat galdu egiten du.
Azkue hizkuntzalari bezala dugu inportantea. Ikertzaile eta biltzaile bezala egin duen lana miresgarria da, eta horretan ihardunbide zuzen hau eman digu euskaltzale guztioi: herriaren eta idazle zaharren iturritik jaso behar dugula euskara bizia.