SEBASTIAN MENDIBURU (1708-1782)
BIZITZA
Oiartzunen jaio zen. Hamazazpi urtetan jesuita sartu zen. Estudioak bukatu orduko, Iruinea aldera jo zuen eta bertan bizi izan zen. Hemen teologi eta filosofi irakasle izan zen, baina denborarik gehiena herriz herri hitzaldiak emanez igaro zuen. Jesuitak deserriratuak izan zirenean, Kardaberazekin batera Italiara joan behar izan zuen. Hemen, Bolonian, hil zen.
IDAZLANA
Jesusen Compañiaco A. Sebastian Mendiburuc Euscaraz eracusten duen Jesusen Bihotzaren Debocioa. Donostia, 1747.
Jesusen amore-nequeei dagozten cenbait otoitz gai. Iruinea, 1759-1760.
Euscaldun onaren viciera, mezaren entzun-vide labur erreza, errosarioco amarrecoen asiera, eta cembait bederatz-urrun edo Novena. Iruinea, 1762.
ERITZI KRITIKOA
Kritiko batzuek, idazle zaharren artean hoberen bezala agertu digute; baina, ez dugu uste hala denik. Dudarik gabe, idazle handia da; euskara ondo ezagutzen zuen, batez ere joskera; gai honetan Mendiburu bezalakorik ez da izan Orixeren eritzian.
Mendiburuk erabiltzen duen euskara erabat landua da, bere barnetik erraz ateratzen zaion euskara. Dotorea da, estilista, garbizalea, baina barregarrikeriatan erori gabe.
Euskarari aurrerapen handia eragin zion; herriari eta herriarentzat idatziz erabiltzen duen euskara, euskal sustrai zaharretik hartua da.
Mendiburu «Euskaldun Zizeron» deitua izan da; hain ongi hitzegiten zuen. Baina Mendibururi gauza bat falta zaio euskal idazle goienekotzat hartua izateko: indarra, Axularren GERO-k duen garra.
Batzutan, azaltzen duen sentimentalismo eta idazkera berdinarengatik, aspergarri samar gertatzen da.
Dena den, euskal idazlerik dotorenetakoa dugu Mendiburu.