literaturaren zubitegia

1.038 idazle / 4.989 idazlan
7.382 esteka / 6.119 kritika / 1.828 aipamen / 5.427 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Pedro Ignazio Barrutia

«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

PEDRO INAZIO BARRUTIA BASAGOITIA (1682-1759)

 

        BIZITZA

        Aramaioko Ibarra herrian jaioa. Arrasateko iskribau 1711tik 1752ra arte. Seme-alaba ugari ukan zituen.

 

        IDAZLANA

        —Gabonetako ikuskizuna: Acto para la Noche Buena. 1759a baino lehen publikatua.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Denbora luzez ezezaguna izan da; lehenik, zenik ere inork ez zekien, eta gero, jakinik ere, balio literariorik ez zitzaion eman.

        Antzerki-lan hau ongien estudiatu eta plazara atera diguna Gabriel Aresti izan da. Honen eritzian, literatur balio handia du. Kritiko guztiek orain balio handiko lantzat hartzen dute. Batzuek, batez ere lanaren orijinaltasunean ikusten dute obra honen merezimendurik handiena: «Hain zuzen, bere orijinaltasunean datza obraren merito haundienetatik bat. Egituraz, teatrogintza erreboluzionatu zuen L. Pirandelloren lehen etapako obren aintzindari da» (I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 31 or.). Garai hartan teatro klasikoan betetzen ziren hiru legeen batasun hura ez da betetzen; hiru legeen (leku, ekintza eta denborarenak halegia) unitate hori albora uzten du: pertsonaiak, tokiak eta garaiak erabat nahasi ematen ditu.

        Beste kritiko batzuek ez diote hainbesteko orijinaltasunik eta berrikuntza handirik aurkitzen (J. San Martin, P. Urkizu). Ez dakigu zein eredu segitu zuen Barrutiak, ez eta inori segitu zionik ere. Besteak beste, Patri Urkizuk dioenez [10] XVII. mendean Espainian egiten zen teatroaren antza ere ba du. Gainera, pastoralek ere ez dute gordetzen hiru unitateen arau hori.

        «Gracioso» edo «figura de donaire» delakoari garrantzi handia ematen dio: ekintzaren eragile eta ardatz bezala agertzen da. Baita honen zentzu errealista garbia ere, azaltzen da, idealismoarekin kontraste barregarri bat ikus araziz. Pertsonaia hau ere, XVII. mendeko Espainiako teatroan ezaguna da.

        Euskara/gaztelania tartekaturik ematen ditu. Eszena batetik bestera pasatzeko koru batez baliatzen da, honek kantatzeko bertsoak gaztelaniaz daudelarik.

        Antzezlarien artean oreka ederra ageri da: seriotasuna eta barregarritasuna ederki nahastuak daude, eta balio poetiko handia du. Esaera-zaharrek ere asko ikusten ditugu, teatroari herrikoitasun handia damaiotelarik.

        Oso aberatsa da, bai herriko folklore-aldetik, bai gai-aldetik, eta baita teatro-lan aldetik ere.

 

Bilaketa