INDALEZIO BIZKARRONDO «BILINTX» (1831-1876)
BIZITZA
Donostian jaio zen eta bertan bizi. Bilintxek bere bizitzan zoritxar asko eraman zuen. Berak aitortzen du: «Bizitzak makilazoka erabilia nau biurri baten gisa». Gaztaroan, erori txar batengatik, aurpegia okertua gelditu zitzaion. Halere, bere zoritxarren artean, lagunkoi, maitekor, baketsu eta umoretsu ageri zaigu.
Bigarren gerrate karlistan, donostiar liberalekin joan zen. 1876ko urtarrilaren 20an karlistek Donostia ingurutik bota zituzten granadetako batek bi hankak txikitu zizkion. Oraindik sei hilabete iraun zuen, ohean oinazez Madrilen euskal foruak kentzeko agindua izenpetu biharamonean hil zen, 1876ko uztailaren 22an.
IDAZLANA
Bilintxen poesi lan gutxi ezagutzen dugu. Dirudienez, gehiago ere idatzi zituen, baina galduak dira.
Argitalpenik ezagunenak, A. Zavalak prestaturiko bi hauek dira:
Bilintx, Bertso ta lan guziak: Auspoa Liburutegia 12, Zarautz 1962.
Bilintx. Indalecio Bizcarrondo 1831-1876. Bizitza eta bertsoak. Colección «Izurun». Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, San Sebastián 1978.
ERITZI KRITIKOA
Bilintx, Etxahun, Iparragirre eta Iztueta ditugu gure literatur erromantikoan ezagunenak. Eta denen artean, Bilintx gertatzen da, Iparragirrerekin batean, herriaren aurrean arrakastarik handiena izan duena. «La voz más auténticamente romántica de la literatura vasca» dio Mitxelenak [23].
Bilintx, ogibidez eskulangilea zen, eta ez zuen kultura handiren jabe izateko motiborik. Erabiltzen duen euskara ez da landua, baizik Donostiako kalean garai hartan mintzaten zena; herrikoia, baina bizia eta naturala gertatzen da.
Bi motatako poesia aurkitzen dugu Bilintxengan: maitasunezkoa eta irrizalea edo satirazalea.
1) Maitasunezko olerkiak. Gehienak, mota honetakoak ditu.
Bilintxen maitasunezko poesia, bizitzan izan zituen zoritxar eta nahigabeek itxuratzen dute. Iparragirrek, kantagai garaiko arazoak, foruak eta abar egiten ba ditu, Bilintxek bere barne-problemak bihurtzen ditu maite-minezko bertsoen bultzagarri. Benetako erromantiko bezala, giza maitasun idealizatua aurkezten digu, bere poesiari itxura negarti, pesimista eta erromantikoa emanez; baina, inoiz ere gehiegira jo gabe; haren arrenkura biluziak oso pertsonalak dira, eta egiazko poeta egiten dute.
Bilintxen maitasunezko poesiak euskal literaturan toki berezia du. Honela dio J.M. Lekuonak: «Bilintx marca un hito en la poesia sentimental amorosa, desarrollando la temática tradicional, creando un lenguaje nuevo y aportando nuevas técnicas de versificación» [24].
Asko ikasitako gizona ez izan arren, zerbait irakurria zen eta erromantizismo-garaiko poeta batzu ezagutzen zituen: Heine, Campoamor, Trueba, Becquer, Ruiz de Aguilera. Hauetatik ere ikasbiderik jaso zuen, eta dudarik gabe lagunduko zioten maite-minezko bertsoak lantzen eta edertzen. Baina, ideia batzu horietatik hartzen baditu ere, herriko literaturan oinarritzen da gehienbat; batez ere, bertsolarien eskolakoa da bertsoen egitura eta teknika aldetik. Baina, eskola honetan berritzaile gertatu zen, hizkuntza poetiko landuagoa erabiliz eta bertsoak egiteko teknika berriak sortuz: konparaketa ugari eta aberatsak egiten ditu garaiko poeta erromantikoei jarraituz, eta bertsolarien usariozko legeak, orduan modan zeuden joerekin, narratibarako joerekin, lotzen ditu.
2) Irri-bertsoak
Bilintx, bere nahigabeengatik maitasun-poemetan tristura antza nabari bazaio ere, ez da etsitako gizon. Ba daki humore-jario ederrean ziri-bertso ederrik ere botatzen. Ateraldi oneko gizon fina zen. Adarra jotzea gustatzen bazaio ere, egiten dituen bertsoak zakarkeriarik gabeak dira. Honela dio Mitxelenak: «Fuera de la poesía amorosa, Villinch es un maestro de la sátira humorística, uno de los mejores entre los muchos que han cultivado ese género entre nosotros. Aparte del sobrio acierto en la selección de los rasgos decisivos, pone siempre en ella, a diferencia de casi todos los otros, calor humano y una sonrisa compasiva» [25].