MARTZELINO SOROA LASA (1848-1902)
BIZITZA
Donostiarra. Valladolid-eko unibertsitatean Deretxoa ikasi zuen; baina ez zuen hartu abogadutza bere lanbidetzat. Donostian «La Infantil del Gimnasio» sortzen du, eta bertan gimnasia erakutsiko du. Amadeo de Saboya-ren erregegoaren kontra bertsoren batzu idatzi zituelako edo, Bidasoaz haruntz joan beharra izan zuen. Bigarren karlistada amaitzean, Donostiara itzuli zen. Lapurdin zegoela egin zuen bere lehen teatroa: Iriyarena.
IDAZLANA
Bai euskaraz eta bai gaztelaniaz asko idatzi zuen: poesia eta artikulu asko. Baina, egin zituen antzerki edo teatro-lanengatik dugu geure artean ezaguna.
LAN NAGUSIENAK
Iriyarena. Zartzuela modukoa [27]. Ia dena gaztelaniaz egina zegoen, baina tartean ba zituen euskarazko zatiak. Donostian lehen aldiz antzeztu zenean arrakasta izan zuen, teatroan lehenengo aldiz euskaraz entzuten zutelako.
Anton Caicu. Komedia barreragilea.
Au ostatuba! Komedia.
Alkate berriya! Komedia.
Lapurrak, lapurrak! Komedia.
Azak eta Naste. Bere artikulu eta poesia nagusienen bilduma. Donostia 1895.
Beste batzu ere ba ditu, baina ez ditugu aipatuko, ez luzatze arren.
ERITZI KRITIKOA
Soroa komerigilea dugu. Honen lana ezin dugu komerigile gailenekin, handienekin, aldera edo konbaratu. Horrenbesteko pretentsiorik ez zuen. Ez da goi-arnasakoa, arrunta eta sinplea baizik. Soroaren helburua, donostiarrei algara lasai eta axolagabea egin eraztea eta euskal teatro-zaletasuna sartzea izan zen; eta hori lortu zuen. Teatro erraza, barreragilea, arina, ikusleen ideien hurbil zegoena eta horiek erraz uler zezaketena. Garaiko Donostia Zaharreko hizkera eta ohiturak ematen dizkigu.
Soroa euskal teatro modernoaren aitzindari dugu. Berak eman zituen lehen urratsak, eta gerora jarraitzaile frango izan zuen: Alzaga, Iraola, Gorostidi, Mokoroa, Barriola, Uranga, e.a. Hasera humil haiek, gerora, sendotuz joango ziren.