EUSEBIO MARIA AZKUE (1813-1873)
BIZITZA
Lekeition jaio zen. Bilboko frantziskotarren etxean egin zituen lehen ikasketak. Karlisten gerratean parte hartu zuen. Gerra amaitzean El Ferrol-era joan zen nautika ikastera. Denboraldi batez itsasoan ibili ondoren, Bizkaian finkatu zen. Azkenik, Lekeition jarri zen bizitzen, Nautikako irakasle bezala. Bertan hil zen. Bi bider ezkondu zen, eta hamabi seme-alaba ukan zituen, eta hauetariko bat Resurrección M. Azkue ospetsua.
Euskal literaturan olerkari bezala nabarmendu zen. Bere olerkiak semeak argitara zizkion, bera hil ondoren Parnasorako bidea liburuan.
IDAZLANA
Olerki-sorta asko ditu oraino argitara gabe.
Parnasorako bidea. Bilbao 1896. Poesi bilduma; autorearen seme Azkue handiak argitara emana.
ERITZI KRITIKOA
Olerkaria dugu. Uriartek zioenez, bere garaiko poetarik onenetakoa. Mikel Zaratek hau dio: «Eusebio Azkue erri-gizon eta erri-olerkari izan zen. Izan ere, bertsolari eskolatua baino geitxoago da; baina olerkari jatorra izateko ere zerbait falta zaio». Mitologia maite zuen, eta gai honetaz benetako lanak utzi dizkigu. Parnasorako Bidea da horren lekuko. Ez du batasun literariorik, poesietan dena nahasten da. Gai herrikoiak darabiltza gehienetan, eta satira eta ironia, malizia eta seriotasuna, ederki agertzen ditu.
«Bertsolarien antzera, eztenkada, zirikada, bizkortasun eta gatzez egosten ditu bere bertsoak. Sarri askotan, esakera zorrotzez, irudi biziz eta erriaren filosofiaz apaindurik esaten deuskuz esatekoak. Euskera jatorra eta atsegingarria darabil gehienetan» [22].