literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

PEDRO AXULAR (1556-1644)

 

        BIZITZA

        Urdazubin (Urdax) jaio zen. Axular izena, bere jaiotetxetik datorkio gure idazleari. Jaio zen etxeari Axular zeritzan; gaur egun ere ikus daiteke etxe hori. Bere izen-deiturak Pedro Dagerre Azpilkueta ditu.

        1596an apaiz egin zen. 1600dik aurrera, Sarako erretore izango da bere bizitzako azken urteak arte. Zihur dakigu Salamancan estudiatu zuela teologia.

        Haren liburua ondo ikusiz gero, garbi nabarmentzen da talentu eta jakinduria handiko gizona zela. Bere liburua argitara aurretik ere, ezaguna zen bere jakinduriarengatik. «Gure Kantabrian izen haundiko eta oso ezaguna den Sarako erretorea», idazten du, argitara aurretik liburuari eliz aprobazioa eman zionak. Herrian bertan ere haren izena zabaldua zegoen. Ipuinak ere ba dira haren jakinduriari buruz.

 

        IDAZLANA

        GERO, bi partetan partitua eta berezia. Bordelen (Burdeos-en) 1643an argitaratua, 633 orrialdeetako liburua.

 

        Gaia:

        Luzamendutan ibiltzeak eta eginbeharrekoak gerorako uzteak egiten duen kalteaz dihardu.

        Liburuaren haseran dedikatoria edo gomendio eder bat dator, «Gomendiozko karta», bere zaintzaile izan zuen Bertrand d'Etxauz-i zuzendua.

 

        Argitalpenak:

        Liburu hau behin baino gehiagotan argitaratua izan da:

        — Lehenengoa: 1643an, Bordelen.

        — Bigarrena: XVIII. mendearen haseran Geroko gero izenaz.

        — Hirugarrena: 1864ean.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Euskal Literatura zaharrean maisulan klasiko bat hautatzekotan, GERO liburua genuke hori zalantzarik gabe. Euskaltzaleek mendez mende aitortu dute liburu honen goi-maila. Klasiko bihurtu zen antzinako lapurtarren artean, eta, gaur egun, gero eta garrantzi gehiago ematen zaio.

        Obra batek, maisulantzat, eredutzat, klasikotzat hartzeko, kondizio hauek bete behar ditu: 1) Aspaldikoa izatea, 2) orijinala, 3) mami baliotsukoa eta mami hori forma eder batez jantzia, 4) hizkuntza-aldetik ere maisu izatea.

        Axularri buruzko lanetan gaur egun prestatuena dagoen A. Luis Villasantek dioenez, GERO liburuak kondizio hauek airoski betetzen ditu [4]:

        1) Aspalditasuna: liburu baten balioa, trinkotasuna eta iraunkortasuna jakiteko, denbora behar da. Aspaldikoa da GERO, eta mendez mende etengabe aitortu izan da liburu honen balioa.

        2) Orijinaltasuna: beste autore batengandik hartua edo beste hizkuntza batetik itzulia ez izatea.

        Izan dira GERO-ren orijinaltasuna zalantzan ipini dutenak. Liburuan ainbeste aipamen eta jakinduria ikustean, autoreak gaia eta haria beste liburu batetik hartuko zituela iruditu zaienak. Besteak beste, Julio Urkijoren eritziz, Fray Luis de Granada zatekeen Axularren iturri nagusienetako bat. Eta egia da Axularrek Granada ezagutzen duela, eta ba dirudi pasarte batzutan oso ondotik jarraitu zitzaiola, edo biek iturri beretik edo antzekotik hartu zutela. Baina, honek ez du esan nahi, gazteleratik itzuli duenik edo orijinala ez denik. Hauxe besterik ez du frogatzen: Axularrek, bere liburua egiteko, gaiak eta formulazioak handik eta hemendik garraiatu zituela.

        Beste batengandik edo batzurengandik materiala ekartzen bazuen ere, Axularrek bere liburuari halako berezitasun bat ematen jakin zuen. Pasarte askotan agertzen dituen etsenplu eta azalpen herrikoiak, hitz-jokuak, errefrauak (erran komunak, berak dioenez) ateraldiak eta latinezko textu askori ematen dion itzulpen bereiziak ikusi besterik ez dago, liburua berak pentsaturikoa duela aitortzeko.

        3) Mami baliotsua forma eder batez jantzia. GERO aszetika-liburua dugu. Ez da Gurutzeko Donibane edo Santa Teresaren goi-mailako mistika-liburuen antzekoa, kultura piska bat zuen garaiko herriko jendeari begira eginikoa baizik. Garaiko teologiaren eta ikusmoldearen ispilu da, honek dakartzan mugekin. Baina, bere mailan, arnasa handiko liburua gertatzen da.

        Axularrek XVI. mendeko humanismo-giroa gogoratzen digu. Antzinako Grezia eta Erromako kultur zaletasuna nabari zaio. Irakurlearen interesa mantentzeko, harira datozkion antzinako autoreen pasadizu ugari erakartzen ditu. Bestalde, bere argudioaren haria eta arrazoiketak eramaten, benetako eskolastikoa dugu.

        Axularrek jakin du, bere kontakizun, irudi eta ateraldiez, kolore biziko hainbat pasarteren bidez, bere liburuari —gaiaz serio eta pisua denari— arintasun eta atsegintasunik ematen.

        Eta hori dena, prosa ederrean emana da. Ba daki esaldi laburrak, sententziaz beteak, egiten, ba daki ere perpausari lasai luzatzen uzten, frasearen adierazpen-posibi1itateez baliatuz. Arrazoiz hartzen da Axular euskal prosaren sortzaile handienetarikotzat. Erretorikarako zaletasuna nabari zaio: fraseari erritmo bereizia ematen dio. Garaiko idazleen joerari jarraituz, barrokoa da, oparoa, hitz-jario ugarikoa, eta ba daki esan nahi duena ahal den ulerterrezena egiteko ugaritasun hori erabiltzen.

        4) Hizkuntzaren aldetik maisu. Euskara sustraitik ezagutzen du Axularrek. Bai hitzetan, bai esaldietan, bai izen eta aditz-jokoetan, antzinako idazleetan aberatsenetakoa gertatzen da. Bere prosa egina ematen digu, prosa heldua, subordinazio-sistema osoa, e.a.

        Latin-kutsua ere neurri handian nabari zaio. Ez hitzetan bakarrik, joskeran ere, baizik; perpausa subordinatuak egitean, latin eta beste hizkuntza indoeuroparren ereduei jarraitzen zaie.

 

Bilaketa