JOXE MARI IPARRAGIRRE (1820 - 1881)
BIZITZA
Urretxun (Gipuzkoa) jaio zen. Lehenengo estudioak Zerainen egin zituen bere osaba apaizarekin. Latina ikastera Gasteizera joan zen, eta hemendik Madrilera, familia guztia harat joan bait zen.
Hamalau urte zituela gerra karlista sortu zen, eta ikastetxetik ihes eginda, Gipuzkoako gudalostean sartzen da. Bergarako Besarkadaren ondoren (1839) herbestera joan zen. Frantzian ibili zen bere kitarrarekin kantari, jaialdiak biziki alaitzen zituela. Napoleon III.ak Frantziatik bota egin zuen, «Marsellesa» eta abar kantatuz, Errepublikanoak berotzen zebilelako.
Suitzan, Alemanian, Italian ibiltzen da; gero Londres-en agertzen da. Hemendik Espainiara etortzeko Espainiako enbajadoreak pasaportea ematen dio eta honuntza agertzen da. Baina, Gernikako Arbola eta beste kantuz, gobernuarentzat arriskugarri gertatzen da, eta Portugalera jotzen du. Berriro herriratzen da, baina laster da Ameriketan (Argentina, Uruguay). Bertan ezkondu eta artzain-bizitza hartzen du. Han 23 urte igaro ondoren, herrira dator berriro ere.
Itsasoko (Zumarraga inguruko herriska) baserri batetan hil zen.
IDAZLANA
Gehienak abestiak dira, eta hauek dirateke onenak:
Gernikako arbola
Ara nun diran
Ume eder bat
Zibillak esan naute
Biba euskera
Gitarra zartxo bat
ERITZI KRITIKOA
Iparragirreren literatur lanaz eritzi bat ematekotan, maila gorenekoa ez dela aitortu beharrean gaude. Lortu duen izen handia ez datorkio idazle fina izatetik, zekarren mezutik baino: bere herriaren esperantzen eta ametsen abeslari izatetik halegia. Iparragirrek bere egiten du herriak bere baitan zeraman foruekiko sentipena, eta poesiaren bitartez kantu bihurtzen du, herriaren bizikizun horri forma emanez. Honen sinbolu bezala, hor daukagu Gernikako Arbola, orduan bezala, orain ere hainbat herritar biztu erazten duen kantua.
Iparragirre nolarebait aurrelari izan zen. Kantatzen zuen hitzaren eta musikaren sortzaile: kantu-autore genuen. Bere eta herriaren foruekiko sentiberatasuna jendaurrean kantatuz, bere izakera eta mezuarengatik gaurko abeslari eta bertsolarien aitzindari gertatzen da: forma berrietan elkartzen ditu herri-poesiaren eta herri-musikaren indarrak. Joera berriko hitzak, mezua, eta musikarako ahogozo berria dakartza. Haren konstante batzu ondorengo olerkaritzan eta bertsolaritzan geratu dira: Euskal Herria eta foruak, atzerriratuen herri-mina, e.a.
Nahiz eta haren gairik inportanteena Euskal Herria izan (Gernikako Arbola, Agur Euskal Herriari, Nere etorrera e.a.), ba du beste gairik ere: maitasuna, jan-edariak, norbaiten oroitzapena eta beste.