literaturaren zubitegia

974 idazle / 4.657 idazlan
7.227 esteka / 5.586 kritika / 1.828 aipamen / 5.228 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ebaristo Bustintza, Kirikiņo

«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

EBARISTO BUSTINTZA (1866 - 1929) («KIRIKIÑO»)

 

        BIZITZA

        Mañarian jaioa (Bizkaian). Ikasketak Mañaria, Durango, Almansa (Albacete) eta Madrilen egin zituen. Fisika-matematika zientzietan lizentziatura egin zuen. Siguenzako institutoan matematika-irakasle izan zen. 1899an Bilbora etorri zen Azkueri laguntzera.

        Bilbon euskal irakasle, Ibaizabal aldizkariaren zuzendari, Euzkadi egunkariaren euskal atalaren arduradun; egunkari honetan egunoro zerbait idatzi ohi zuen, 15 urteetan zehar (1913-1928).

        Idazle bezala, KIRIKIÑO izengoitia erabiltzen zuen, batez ere; «Mañari» eta «Blea» ere erabili zituen.

 

        IDAZLANA

        Kirikiño, egin zituen ipuiengatik dugu ezaguna. Ipuinak esan dut; baina, berak kontatzen dizkigunetatik askok gertatuak izan behar dute, berak dioenez.

        Hiru liburutan argitaratuak daude ipuinak:

        —Abarrak (adarrak). Bilbao 1918.

        —Bigarren Abarrak. Amorebieta 1930.

        —Abarrak. Bi aurrekoen bilduma eta beste lan askorena. Aita Onaindiak argitaraturiko lana. Bilbo 1966.

        Beste lan asko, aldizkarietan sakabanaturik daude. Teatro-lan bat ere ba du: Anton Berakatz. Bakar hizketa da, monologoa.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Kirikiño bere ipuinetan maisu agertzen zaigu. Oso ezaguna egin zen bizkaitar euskaldunen artean. Dudarik gabe, garai hartan euskaldunen artean gehien irakurtzen zen idazlea zen. Eta bi arrazoirengatik: alde batetik, gai arinak, errazak, xumeak, gehienetan umoretsuak, barre egin eraztekoak, darabiltzalako; bestetik, garaiko euskaldunek zerabiltena euskaran, gehienbat bederen, idatzi zuelako.

        Kontalari bikaina da Kirikiño: bere kontu eta historia tipi barrerazleetan gatz eta grazia bereizia du. Batez ere, elkarrizketak txispaz beteak ditu.

        Horregatik, Kirikiño idazle herrikoia, erraza, jatorra eta oso atsegina gertatzen da. Ba ditu garbizalekeriak ere, eta ez da harritzekoa; garaiko garbikeri joera euskal idazleetan erabat hedatua bait zegoen. Baina besteen aldean ez dira ezer garbizalekeria horiek, eta lan osoari begiratuz gero, huskeria dira.

 

Bilaketa