literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.110 idazlan
7.824 esteka / 6.299 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

PIERRE TOPET «ETXAHUN» (1786-1862)

 

        BIZITZA

        Barkoxen (Zuberoan) jaioa. Etxahun, amaren baserriaren izena da. Bere bizitza nahasi samarra izan zuen.

        Aitak, nonbait, ba zuen kezkarik Etxahun bere seme izango zuenentz; ez bait zion bere antzik hartzen. Hau zatekeen aitak agertu zion gogorkeriaren arrazoia.

        Gurasoek ez zioten utzi berak nahi zuen ezkontza egiten, neska txiroa eta pobrea aukeratu zuelako. Aitak begiz joa zuen neska, aberatsagoa zen, eta halaxe ezkondu zen Engrazia Pelento-rekin 1808an.

        Ezkontzan ez ziren ondo konpondu biak, emazteak beste maitale bat zuela zioen Etxahunek. Eta arazoa gogorturik, hauzitara eraman zuten. Epaia bere kontra izan zuen Etxahunek, eta presondegira joan beharrean gertatu zen. Handik atera zenean, bere etxean maitasunik ikusten ez zuelako, herriz herri egin zuen bere bizitza. Erromarat abiatu zen erromes; Compostelara ere joan zen.

        Berriro bere herrira itzultzean, giro berdintsua topatu zuen etxean, eta inguruan haruntz-honuntz ibili zen bertsolari ibiltari eta artzain.

        Azken momentuan etxera itzuli zen, eta han hil.

 

        IDAZLANA

        Etxahunek, bere heriotze-orduan ba zuen esku-izkriburik aski, bere bizitzan egindako bertsoz beterik. Izkribu haiek, etxera madarikazioa ekar zezaketelako uste zoroz, erre egin zituzten etxekoek.

        Horrez gero, Etxahunez ezagutzen dugun gehiena, ahoz-aho jasotakoa dugu.

        Etxahunen lanaz azterketa handiena egin duena, Jean Haritschelhar izan da: L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun, in Euskera aldizkaria, XIV-XV. zenb. Lau sailetan banatzen ditu haren poesiak: autobiografikoak, satirikoak, garaian garaikoak, Etxahunenak bezala emandakoak.

        Gipuzkeraz ere ipiniak daude Jon Etxaideren eskuz.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Etxahunen bertsoek fama eta ospe handia hartu zuten sortu edo agertu zirenean. Herriak ahoz-aho pasa zituen, eta gehienek horrela iraun dute orain gutxi arte. Herriari esker gorde dira euskal bertsolari eta olerkari onenetako Etxahunen lanak. Zoritxarrez, gehiena galdua da, baina gelditzen zaizkigunekin ere goi-goian gelditzen da.

        Etxahunen olerkiak beronen bizitze zorigabearen emaitza dira. Agian, hainbeste sufritu izan ez balu, haren bertsoek ez zuketen izango halako sentipen garratzik, hainbesteko samintasun-jariorik eta hitz ozpindurik. Bere minaren marru gorriak agerian jartzen ditu bere sentimendu guztietan; haren bertsoetan indarra, zorroztasuna, garraztasuna nabari dira. Hats handiz aipatzen ditu herriaren sentimenduak; inguruko gizarteari gogor erasotzen dio: apaizen jokaerei, bihotz biko emazteei, e.a.

        Etxahun eskola gutxikoa genuen; baina, haren olerkiak beste edozein poeta eskolaturenak bezain onak dira. Hizkuntza arruntagoa darabilke, baina giharrez, irudimenez, sentipenez goi-mailako olerkari gertatzen da. Kanpoko orrazketa baino inportanteagoa bait da hori. Etxahun, ideien aberastasunean, sentipenean, nortasunean, irudimenean, etorri bizian, hizkuntza-jabetasunean da nagusi.

        Hizkera oso orijinala du, eta zail gertatzen da beste euskalki edo hizkuntzetara itzultzea.

        Lehen esan dugu, Etxahunen olerkiak lau sailetan eman genitzakeela.

        1.- Autobiografikoak: Bere bizitzari buruz emanak. Batzuek elegiak [21] bezala hartzen dituzte.

        2.- Satirikoak. Ziridun bertsoak. Haritschelhar-entzat lehenengoak dira ederrenak. Yon Etxaidek bigarrenak goienekotzat hartzen ditu.

        3.- Garaian garaikoak. Pertsonaren bat goresten dutenak. Okasio bereizitan eginak: Ezteietan, gotzaiari, e.a.

        4.- Etxahunenak bezala emandakoak. Etxahunenak bezala jotzen direnak, baina seguru ez direnak.

 

Bilaketa