JOAN BATISTA ELIZANBURU (1828-1891)
BIZITZA
Saran jaioa. Bere herriko eskolan egin zituen lehen ikastaldiak. Seminarista izan zen 21 urte bete arte. Ondoren harmadan sartu zen 1849an.
Seminarioan ikasitakoak asko lagundu zion. Gainera, han ezagutu zituen bere bizitzan hain adiskide izanen zituen lagun batzu, batez ere, denetarik lagunena Grazien Adema izan zuen, euskal letretan Zalduby izenaz ezagutzen dena.
Harmadan, mailaz maila, kapitain izateraino iritsi zen. 1870ean Alemaniaren kontra gerran ibili zen. Baina, gerra galtzean, bere herrira etorri eta ezkondu zen, 1870ean.
1891n hil zen. Bere adiskide Zalduby-k lagundu zion azken momentuan.
IDAZLANA
Poesiak: Hogei ta hiru dira, eta ezagunenak hauek:
Nere etchea. 1861ean saritua.
Agur Herriari. (Urrundik ikusten dut hitzez hasten dena).
Solferinoko Itsua. 1864ean saritua.
Nobela: Piarres Adame. Ed. Eskual-Herria 1946. Prosaz idatzi duen guztia, hauxe da.
ERITZI KRITIKOA
Antoine D'Abbadiek antolatu zituen bertso-txapelketa askotan parte hartu zuen. Txapelketa horien bidez aurrera atera zen.
Hizkuntzaren maisu da Elizanburu. Euskara dotorea eta landua du, aberatsa eta argia. Idaztankera gozoa, isurbera eta oso atsegina, hitz gehiegirik gustatzen ez zaiona.
Ez du gauza askorik idatzi: hogei ta hiru poesia ditugu harenak bezala hartzen ditugunak. Baina, haren idazlana, ugaria ez bada ere, kalitate handikoa da, eta gai diferente asko kantatu du bere poesietan: irri-bertsoak, emakumeen edertasuna, maitasuna, baserriko bakea, herri-mina, eta abar. Gai guztiak trebetasun handiz borobilduak ditu. Denetan bertsogile bezala maisu agertzen da.
Elizanburu, bere garaiko idazleetan landuenetakoa dugu. Kulturaz jantzia zen, batez ere frantses-literaturan, eta beharbada hortik datorkio bertsoetako gustu txukun hori. Haren pentsamendua ez da huskeriatan galtzen. Noblezia handiko bertsoak dira; baina maila intelektualeko ideietan eta erretorikaren bihurgunetan eta zailtasunetan galtzen ez direnak. Horregatik, arin, erraz eta atsegin gertatzen dira; herriaren sustraitik ateratakoak; horregatik izan dira Euskal Herri guztian hain zabalduak.
Elizanburu poeta bukolikoa dugu batez ere: nekazaritza, artzaingoa eta baserriko bizibide baketsua goratzen ditu. Gudari eta gerrateko bizitzak, kontrastez, baserri-mina areagotu egin ziola esan daiteke. Baserriko bakea aipatzen duenean benetako biguntasuna eta lilura igertzen zaio. Sentiberatasun fin batek gozotasun samur bereizia ematen dio haren pentsamenduari.
Nobela bat ere utzi zigun, amaitu gabe: Piarres Adame. Mogelen Peru Abarka bezala, elkarrizketa moduan egina dago. Piarres Adame juglar antzeko pertsonaia da: bidez bide eta herriz herri ixtorio laburrak kontatuz, eta jendea bere ateraldiekin jostaraziz dabil. Hau ere tankera oso herrikoian idatzia. Atsegina gertatzen da. Norbaitek XIX. mendeko maisulantzat hartzen du.
Elizanburu, bai poesian, bai prosan, lehen mailako idazletzat daukate kritikoek. XIX. mendean izan ziren poeten artean goienetakoa dugu.