JOXE MANUEL ETXEITA (1842-1915)
BIZITZA
Mundakan jaio zen. Bilbon egin zituen nautika-ikasketak. Itsasoan urte askotan ibili ondoren, barkuko kapitain izan zen.
Manilan (Fipilinas-en) hamasei urtetan bizi izan zen. Bertako (Manilako) alkate izateraino iritsi zen.
Azkenean, zahartzaroan, bere jaioterrira etorri zen. Bertan txalet eder bat egin, eta ikasten eta idazten hasi zen. Horrela jarraituko zuen hil arte. Zahartzaro-garaikoak ditugu idatzi zituen nobelak.
IDAZLANA
Hiru liburu utzi dizkigu Etxeitak:
Josecho. Durango 1909.
Nobelaren haria: Mundakako baserri batetan senar-emazteak familiarik gabe bizi dira. Egun batetan ijito batzu etortzen zaizkie; horien artean umetxo bat dakarte, ijito-tankerarik ez duena. Hau baserriko emaztearen soinekoari helduz, «ama! ama!» esanez, negarrez hasten da. Baserrikoek haurra erosten dute. Ijitoek Nafarroan ohosturiko haurra zen. Josecho zuen izena. Baserrian hazten da, eta marinel egiten. Munduko bazterrak ikusi ondoren, herrira dator eta bertan ezkontzen. Azkenik bere aita eta ama ezagutzen ditu.
Jaioterri Maitia. Durango 1910.
Nobelaren haria: Euskaldun neska-mutil batzu Ameriketara, Mexikora, dihoaz, eta han baserri edo artzain-bizitza egiten dute. Azkenik bina-binaka etortzen dira beren jaioterrira: Ardibasora.
Au, Ori ta Bestia. Durango 1913. Olerki-liburua.
Eta beste batzu, aldizkarietan zabalduak. Truebaren kontu eta teatro-lan batzu ere euskaratu zituen.
ERITZI KRITIKOA
Hizkera erraza darabil, herrikoia. Tarteka erdal joskera ere nabari da. Hitz berrietara ere jotzen du, baina ez gehiegi.
Josecho-k usain erromantikoa du. Baina erraza eta atsegina da.
Jaioterri Maitea: Bukolikoa, baserri-artzain-girokoa. Pertsonaiak gehiegi idealizatuak, giza errealitatetik urrun samar diruditenak.
Dena den, irakurgarriak dira nobela hauek. Hain ulergarri direlako, batez ere bizkaitarrentzat, aukera-aukerakoak dira irakurtzen hasi-berrientzat.