MIKEL ZARATE (1933-1979)
BIZITZA
Bizkaiko Lezamakoa jatorriz. Gaztetan aparejadore-ikasketak egin ondoren, apaizgai sartzen da seminarioan. Bertan hasiko da euskara lantzen. Herrietan apaiz-lanetan urte batzu pasatu ondoren, Derioko seminarioan irakasle eta Deustuko unibertsitatean «Romanicas» sailean ikasle. Ordudanik hasten da euskal arloan lanik joriena, bai irakasle bezala eta bai idazle eta euskal hizkuntzaren eta literaturaren aztertzaile bezala. Lanean bete-betean ari zelarik eta berarengandik oraindik asko espero zitekeen sasoian, herioak bereganatu zuen.
IDAZLANA
Nobela eta ipuina
Haurgintza minetan. (1973). Nobela.
Ipui antzeko alegi mingotsak (1975). Ipuinak.
Poesia
Higidura berdez (1977).
Bizipenen bultzadaz (1978).
Eta beste lan asko itzulpenetan, euskararen azterketan. Batez ere aipatzekoak dira gure arloan Bizkaiko euskal idazleak (1970) eta Euskal Literatura I eta II (1977-78).
ERITZI KRITIKOA
Nobela eta alegiak.
Mamiari begiratuz, Zarate Euskal Herriko arazoetan murgildua ikusten dugu; herriaren egoera eramangaitza gogoratzen digu batez ere; baina, alegietan, pertsona bakoitzaren, txikien, munduan ere sartzen zaigu.
Mikel Zarateren literatur sorketen artean aipagarriena Ipuin antzeko alegi mingotsak dateke, bai literatur balioengatik eta bai darabilen euskararengatik.
Haurgintza minetan nobelan eta alegietan sinboluez asko baliatzen da; baina, baliapide horietaz alegietan hobeki baliatzen da. Sinboluketa hori alegietara taxutuagoa dago; hainbeste reiteratu gabe, bigarren mailako sinboluak pilatuz, hari nagusia ilundu edo moteldu gabe.
Adierazpen formalak aipatzekotan, honako hauek eman daitezke: alegietarako behar diren pertsonaiak izendatzean duen etorria; hitz-joku ausart eta egokiren ausartasuna; soinu-jokoetan aliterazioan batez ere ugaritasun harrigarria; imajina egokiak; esaera zaharren estiloa, e.a. Agian, batzuetan, aberatsegi eta barrokoegi gertatzen da baliapide horiek pilatzean.
Poesia.
Aipaturiko bi liburuetan helduena, Bizipenen bultzadaz dateke. Higidura berdez liburuan sinbolisten bideetatik dabil batez ere. Bizipenen bultzadaz liburuan, batez ere bere experientziaz ari da, orain bizi ditugun arazoez.
Alde formal batzu, hauek lirateke: narratiban bezala, estilo oparoa eta aberatsa du: errefrauak, alegiak, aliterazioak, hitz eta hots-jokuak e.a. Euskal poesian gutxi erabili den sonetoa ongi taxutzen du. Bangoardismoko estrofak ere (tipografi aldetik irudiak eginez eta), asko erabiltzen ditu; baina berauek lirateke bitxienak.