literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

NIKOLAS ORMAETXEA «ORIXE» (1888-1961)

 

        BIZITZA

        Orejan jaio zen. Nikolas hiruxkia zen. Beste biak amarekin gelditu ziren, eta gure Nikolas ttipia inudearengana eraman zuten Uitzira (Nafarroan). Hemen igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa hamazazpi urte arte. Urte hauetan jesuitetan sartu zen.

        Jesuita-karrera guztia egin zuen; baina apaiz egin aurretik irten egin zen, Lagundia utziz, 1923an.

        1923tik 1931ra Bilbon bizi da, Euskaltzaindiaren buru den Azkuek deituta, honi akademi lanetan laguntzen, eta Kirikiño hil zenean, Lauaxetarekin batera, Euzkadi egunkariaren euskal orri-aldearen zuzendaritzan.

        1931tik 1936ra arte, bere jaioterrian bizi da, bere poema Euskaldunak ontzen eta borobiltzen.

        1936an, gerratea hastean, preso hartu zuten eta Iruineko San Kristobal gazteluan giltzapetu.

        1938tik aurrera Frantzian egon zen urte batzutan. Gero Ameriketan. Hemen Zaitegiri lagundu zion Euzko Gogoa aldizkarian. 1954ean Euskal Herrira dator berriro ere. Lazkaoko komentuan gelditzen da. Gero, Tolosan, Orejan, Araman eta Añorgan bizi izan zen. Añorgan hil zen.

 

        IDAZLANAK

        Itzulpenak:

        —Tormes'ko itsu-mutilla. Bilbao 1928. El Lazarillo de Tormes-en itzulpena bizkaieraz.

        —Mireio. Bilbao 1930. Mistral probentzal idazlearen Mireio-ren itzulpena.

        —Urte guziko Meza-Bezperak. Tours 1949.

        —Agustin gurenaren aitorkizunak. Zarautz 1957.

        —Salmutegia.

        —Benito Deunaren Bizi-araua edo erregela, e.a.

        Berak sorturikoak:

        Prosan

        —Santa Kruz Apaiza. Donostia 1929. Berriro Gero-k argitaratu du: Gero 32. Zarautz 1974. Santa Kruz apaiz gerrilleroaren bizitza.

        —Quiton arrebarekin. Euzko Gogoa aldizkarian 12 artikulutan agertua. Gai mistikoak darabiltza.

        —Jainkoaren billa. Etor, 1. Bilbao 1971. Aszetika-mistikazko gaiak. Aurrekoaren jarraipen eta zabalpena.

        Poesian:

        —Barne-muiñetan. Zarautz 1934. Poesi mistikoak. Erlijioa dute gai.

        —Getsemani eta Igan beti nire lelo.

        —Euskaldunak. Poema epikoa. Euskal Herria du bere gai. (Euskal Herriaren zati bat, egia esateko).

Eta beste lan asko aldizkarietan sakabanaturik.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Ez da erraza Orixeri buruz eritzi zuzena ematea. Oso eztabaidatua bait da. Batzuk izarretaraino jaso nahi dute, bestek erabat baztertzen dute. Dena den, Orixe euskal literaturan inolaz ere ahaztu ezinekoa dugu.

        Euskal literaturan autore handienetako bat dugula aitortze arren, kritiko batzuren eritziak jasoko ditugu. Mitxelenak: «La figura más representativa de un período de las letras vascas que dura todavía hoy —mucho más que Lizardi, prodigio solitario— es Nicolás de Ormaechea, 'Orixe'...» [46].

        Euskal literaturan eragimen eta influentzia handia ukan zuen: jarraitzaile asko ukan du Orixek. Idazle-belaunaldi bat haren baitan egon da.

 

        Hizkuntza

        Euskararen jabe zen; oso ongi ezagutzen zuen, eta beti ikasten ihardun zuen. Euskararengatik zuen bizitza eman. Euskalki guztiak ondo zekizkien, eta euskalki batetan baino gehiagotan idatzi zituen bere idazlanak. Eta batipat, herriarengandik eta euskal literatura zaharrean ikasi zuen.

        Orixeren garaian garbizalekeria zebilen nagusi. Orixek ez zuen giro horren zaletasun handirik. Bera ere garbizalea zen, baina odolik gabeko hitz berrietara baino areago hitz zaharretara jotzen zuen. Hala ere, ba zekien hitz egokiak sortzen; batipat hitz elkartuak: elkar-hizketa, paper-ontzi, sasi-idazle, e.a.

        Orixerengan zer ikasi asko dago, bai hiztegi aldetik (berak sorturiko hitz asko darabiltzagu egun ere), adjetiboen funtsean, joskeraren jatortasunean, esaldietan, e.a.

        Gramatikazale ere ba zen, eta alde horretatik agertzen da agian ahulena: lege logiko batzuren uztarpean euskara erabili arazteko joera ere ba zuen, eta horrek bere aberastasunari zerbait galerazten dio.

 

        Poesia

        Orixek bi poesi mota utzi dizkigu: 1) Poesia epikoa: Euskaldunak poema, 2) Poesia liriko-mistikoa: Barne-muinetan, Getsemani, Igan beti nire lelo, e.a.

 

        Poesi epikoa

        Orixeren Euskaldunak poemari buruz eztabaida handiak izan dira. Batzuek izarretaraino eraman dute, euskararen salbazioa ere bertan ikusten dutelarik. Beste batzuek, berriz, idazle berriek batipat, hainbesteko inportantziarik ez diote ematen. Folklore-poema da: «folklore edo erri-jakintzazko poema egitea gogoak eman dit, folklore au baitago gaur aiputan». Nahiz eta, «Euskalerri osoa dut kantagai» berak esan, orain ezkutatzen ari den baserri eta artzantzako ohituren poema dugu: Pestaburu, Artazuriketa, Gaztainaro, Iruleak, e.a. Euskal Herriko eguneko problema handiak ez dira ukitzen, ez eta baserri barruko arazo larriak ere. Hortik datozkio kritikak. Poema honen balio eta handitasuna bere mugetan hartu behar da: folklore-poema handi eta ederra osatu du, herriaren esaerak, kantak, ohiturak bildu eta erakutsiz; baina benetako Euskal Herriaren zati bat bakarrik da hori.

        Molde herrikoietan egina dago, herriak erabiltzen dituen neurriez. Euskara, herriak konpreni lezakeena egiten saiatu da.

 

        Poesia liriko-mistikoa

        a) Barne-muiñetan. Poesia mistikoak dira: Jainkoaren eta gizonaren arteko erlazioak dituzte gai. Teologi gaiak, erraz eta biziki, olerki bihurtzen ditu, sinbolu zail eta landuren bitartez. Burutapen filosofiko-teologikoak imajinen bitartez adierazteko ahalmen bortitza du Orixek. Behar bada ez da etorri handikoa, ez da sentimentala, baina sendoa eta gihartsua du bere poesia. Ez da belaskeriatan erortzen. Askotan razionalegia delako edo, lehor antza nabari zaio. Ondo pentsatuak eta landuak ditu gehienetan.

        b) Getsemani. Poema guztia bi mailatan doa: maila batetan Jesukristoren pasioa (irudi, ispilu), Orixek meditaturik; beste mailan, parez-pare, Orixeren pasioa, urrundik oroitua.

        Hizkuntza heldua du. Gaiari oso lotuta dihardu. Irudi luzerik gabe, esaldi biribilak gustatzen zaizkio. Estilo oso landua. Aurreko poemetan inoiz agertzen zen gogortasunik gabe, lasai eta biguin agertzen da.

        Poema hau Orixek senti-sentitua du. Aspaldian barruan eduki zuenaren gainezkaldia. Tarteka bederen, beste poemetan izan ohi ez duen tentsioa, desarroilo dramatikoa, agertzen du hemen. Baina, hemen ere bere betiko tankeran: guztiz neurritsu, eratsu, lotsakor. Beti bezala bere buruaren kronista distantziatua [47].

        e) Igan beti nire lelo. Honela dio J. Azurmendik poema hori buruz: «Poema honek errespeto haundia sortzen dit niri neuri... Izan ere, berau da, nik uste, Orixeren poesigintzaren gailurra eta erpin-erpina (prosako Jainkoaren billa-ren antzera). Eta euskal poesia erlijiosoaren gailur eta erpin ere bai, nire ustez. Neure gustorako, behinik-behin, hauk ditugu Orixeren bertsorik helduenak, beteenak eta gozoenak, natural, mantso, erraz, bere-beregandikoen eta barrendikoenak, bero-beroak (betiko bere distantzia galdu gabe). Poema guztian ez da, seguru asko, hitz bakar bat sobera. Ez dator gaizki hitz bat bakarrik, betegarri, bertsoak halakorik sarri behartu ohi badu ere... Jainkoari hi-ka (izenburuan batik-bat) hasten zaion poema honen aldean, Barne-muiñetan hark sagar berdea dirudi. Bere beteko poesia da hau» [48].

 

        Orixeren prosa

        Askori, Orixeren poesi hizkuntza prosa baino gehiago gustatzen zaio. Orixek, motela, nagia aurkitzen zuen bere garai arterainoko euskal prosa. Asko saiatu zen hizkera arinago, laburrago eta biziagoa egiten. «Orixez geroztik doinu berri batean ikasi du mintzatzen euskal prosak, atsegin bazaigu eta ez bazaigu» [49].

        Hitz batzutan Orixeren prosaren berri ematerik ez dago. Izan ere, alde handiak dauzka liburu batetik bestera. Batez ere Aitorkizunak liburuaren prosa oso bereizia da: hizkuntza trinko eta herstua, zaila. Santa Kruz Apaiza liburuan, berriz, herrikoia, erraza, kontalari bikaina, errekurtsoz betea. Kiton arrebarekin eta Jainkoaren billa dira, berriz, Orixeren prosa-lanik bikainenak.

        Orixe batez ere estilista dugu, bai poesian eta bai prosan. Esaldiak justu-justu ebakitzea, hitzak ongi jostea gustatzen zaio. Esakunari arintasunik handiena ematen saiatzen da, behar-beharrezko hitzak bakarrik erabiliz, eta baita bere frase-ritmoari laguntzeko, gramatika aldetik anarkiko samar jokatuz ere.

        Orixe, gure gustoko ez den gauza diskutigarririk izan badu ere, idazle gailenetakoa dugu euskal literaturan. Polemika-garaiak alde batera utzirik, urrutitasunak ematen duen perspektiba zabalagoan ikusiko dugu Orixeren egiazko idazle-iduria. «Gure ondorengoek, orain pixkaren bat ahazturik badaukate ere, aurkituko dute berriz egunen batean Orixe, harrimenez eta espantuz» [50].

 

Bilaketa