JON MIRANDE (1925-1972)
BIZITZA
Paris-en jaioa. Gurasoak, zuberoar euskaldunak zituen; baina seme-alabei ez zieten euskararik irakatsi. Jon-ek 20 urterekin ikasi zuen. Lan-orduetatik at zeukan denbora, ikasteko aprobetxatzen zuen. Autodidakta; hizkuntza asko zekizkiena; batipat zeltikoak ikasten saiatu zen. Pentsakeraz oso bererzia zen: faxistatzat hartu izandu da, baina haren faxismoa ideologia eta politika baino areago,, etika eta kultur aldetikoa zen. Antikristau zen: Jainko gabeko izpiritu-zale deitzen du Peilen bere lagunak. Azken aldera euskaltzaleen artean baztertua sentitzen zuen bere burua eta euskaraz idazteari utzi zion.
IDAZLANA
Gai asko erabili zuen: ipuina, nobela, saiakera, e.a. Haren lanak aldizkarietan sakabanatuak daude, baina azken aldi honetan haren lanen bildumarik egin da honako liburu hauetan:
Jon Mirande, Orhoituz. Kriselu, Donostia 1976. Poesi bilduma.
Jon Miranderen Idazlan hautatuak. Gero 45-46. Bilbo 1976.
Jon Mirande, Haur besoetakoa. Lur-Kriselu 14. Donostia 1970
ERITZI KRITIKOA
Mirande-ri asko zor dio euskal literaturak. Gure literaturan hobenetarikoa dugu: bai poeta bezala, bai narratibagintzan. Agian prosagile bezala, batipat ipuinetan, hobea.
Garai hartan euskal literaturan zeuden konbentzionalismo askorekin hautsi zuen. Bai erlijio-arazotan, sexu-gaitan, politika, literatur eta kultur bizitzan, orduko ohiturek ez zuten asetzen: inadaptatu bat zen garaiko giro hartan. Euskaldunen azalkeriek, folklorekeriek, kritikaren gogo-faltek... odola berotzen zioten. Horien kontra egiteko, Igela aldizkaria sortu zuen, humore-aldizkaria.
Idaztankerari buruz, esan dezakegu, estilista amorratua zela. Idazteko estiloari asko begiratzen dio. Formari ere bai. Dotoretasunaz, gauzak ongi esateaz, asko arduratzen da, lanari idazmolde eder eta delikatua emanez.
Irudimen librekoa da, baina ez dabil errealitatetik kanpora. Joko sujerente asko darabil; inoiz ordura arte erabili ez ziren irudiez. Beti, alde paradogikoa nagusitzen zaio. Haren obran sentsualismo nabarmena ageri da, aurreko euskal literatura idatzian ezaguna ez dena. Ironia eta humore beltza ere nabari zaizkio.
Euskal poemagintzara ekarri zigun gauzarik onena, hizkuntza poetikoaren indarra izan zen, adierazpenak agertzeko era bereizia; esateko moldeari, neurriari eta puntuari baino garrantzi gehiago ematea, irudimenari bide irekiagoak ematea.
Kanpoko idazleak asko ezagutzen zituen, eta horietako batzuren lanak euskaratu zituen. Eta idazle horien influentzia nabari zaio. Batez ere Poe, Munro, Oscar Wilde, Baudelaire, e.a.
Eta euskal literaturan ere bere influentzia izan du. Oraingo euskal literatur mugimenduak asko zor dio. Arestiren lehen poemagintzan influentziarik izan zuen, nahiz eta Arestik gero haren hildoari ez jarraitu. Lehengo molde zaharrak apurtu bazituen ere, ez zetorren ados gerora Arestik eta beste batzuk hartu zuten sozial poesi bidearekin, eta beste eskola baten sortzaile bezala eman dezakegu; bide diferente honen jarraitzaile, Lasa anai-arrebak, Peillen, e.a. lirateke.