JOSAN ARTZE «HARZABAL» (1939)
BIZITZA
Usurbildarra. Oso gazterik Ingalaterrara joan zen, eta urte batzutan kanpoan ibili zen. Antzinako «Txalaparta» berbiztu du. «Ez dok amairu» taldekoa zen.
IDAZLANA
Isturitzetik Tolosan barru (1969)
Laino guzien azpitik... (1973)
... eta sasi guztien gainetik (1973)
Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979)
ERITZI KRITIKOA
Forma bila, hizkuntza berri bila, gehien aurreratu dena orain artean. Poesia experimentala du berea. Bereak ditu experientzia ausartenak. Abangoardista dugu. Baina bide berriak urratzen baditu ere, herriko joerak ahantzi gabe jokatzen du.
Isturitzetik Tolosan barru liburuan Garnier-ek «espacialismo» izendatu zuen mugimendu poetikoaren zenbait aurkikundez baliatzen da, bereiziki poesia konkretoarenez, Maitasun kantua eta beste zenbaitetan, baina hizkuntzari balore adierazlea kendu gabe. Poesia herrikoiaren eta Miranderen influentziak. Ekipo lanaren ondorio diren aurrerapen tipografiko eta akustikoen abantailak bereganatzen ditu haren poemagintzak» [73].
Laino guzien azpitik.... ... eta sasi guztien gainetik. «Liburu biotan, orain arteko inork ez bezala, euskal onomatopeien balio esthetikoa sentierazi digu, graphia, hitz konposaketa eta hutsarteen erabileratik mami handi bat ateraz... Artzeren poemek zerbait berri erakusten digute. Eguneroko bizitzaren topiko eta 'statu quo' birrintzen ahalegintzen da, eta maitasuna, bai sesual eta bai ispiritual den maitasun bat kantatzen du» [74].
Batez ere, ritmo berezia du Artzeren poesiak, orain arte inoiz ez-bezalako ritmoa: ritmo handia. Irakurtzeko eta entzuteko ez ezik, ikusteko ere ba dira haren poesiak, poesia bisuala da.