literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

GABRIEL ARESTI (1933-1975)

 

        BIZITZA

        Bilbotarra. Ogibidez, merkatal irakasle. «Euskaldunberri» direnetakoa. Bera izan da euskal poesia berriari bultzada handiena eman diona. Aresti oso eztabaidatua izan da. Haren euskaltzaletasuna zalantzan jarria izan da; baina euskara bere borondateaz ikasteaz eta euskaraz egin zuen lanaz nahikoa frogatu zuen bere euskaltzaletasuna. Azken aldera baztertu samarra zegoen literatur lanetatik.

 

        IDAZLANA

        Poesia

        —Maldan Behera poema (1959).

        —Harri eta Herri (1964).

        —Euskal Harria (1967).

        —Harrizko Herri Hau (1970), e.a.

        Antzerkia

        —Mugaldeko herrian eginikako tobera (komedia).

        —Justizia txistulari.

        —Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua (drama laburra).

        —Eta gure heriotzeko orduan.

        Itzulpen-lanak.

        —Nekazariaren dotrina (Lamas Carvajal-en O catecismo de labriego).

        —Meaberen alegiak, e.a.

 

        ERITZI KRITIKOA

 

        a) Lehenarekin hautsi.

        Aresti dugu bere garaian poesi berrirako urrats handiena eman zuena. Hanartean nagusi zen literaturarekin erabat hautsiko du: Lizardi, Orixe eta Lauaxetaren bideak utzi egingo ditu. Lehengo etapa hori beterik dago autorearen ustetan, eta bide berriak urratuko ditu, berritzen hasiak ziren euskal poetei (Mirande, Mikel Lasa) eta beste herrietako mugimendu berriei jarraituz.

 

        b)Darabilan euskara.

        1900dik, Arana Goirirengandik zetorren garbizalekeria baztertzen du, euskara herrikoia erabiliz. Herriaren hizkuntza arruntaz baliatzen da, hizkuntza akademiko eta artifiziala utziz (hizkera herrikoia da, baina ez konkretuki euskalki batetakoa).

        Euskara batuak ere asko zor dio Arestiri. Euskaltzaindiak Arantzazun proposatu zuena Arestik gehienbat hamar urte lehenago bereoanatua zeukan, nahiz eta gero gorabehera batzu izan (Euskal Harria-n erabiltzen duen ortografia, esate baterako).

 

        e) Idazkera.

        Oso pertsonala du. Lehendabizikoetan Lizardiren eta Miranderen influentzia nabari zaio; batez ere, Miranderen forma landuaren influentzia: formari garrantzi handia ematen dio, eta honen hizketa librea ere ikusten zaio.

        Gerora, bertsolaritzaren eta kopla zaharren elementu baliagarrienak ere asko erabiliko ditu, inoiz ere erabat uzten ez dituelarik.

        Maldan behera poeman sinbolismo bereizia eta aberatsa darabil. Interpretazio zaileko sinbolismoa. Artifizio asko dituen poema.

        Harri eta Herri poeman eta ondoren, aurreko idazkera hori aldatu egingo du. Bertso librea darabil gehienbat, nahiz eta bertso tradizionala ez utzi. Lehengo formaren aldetiko artifiziotasun hura, aberastasun hura, utzi egingo du, eta gauzak zuzenean esango ditu, bihurgunerik gabe.

        Arestik ez du agian beste batzuk bezalako bertso fina. Batez ere, bere mezuari begiratzen dio, eta mezu hori, egia esku beteka zabaltzea izango da. «Esanen dute hau poesia ez dela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela». Poesia Arestirentzat herriari laguntzeko erreminta bat izango da.

        Askotan ez zai falta ironia eta eszeptizismorik.

 

        d) Gaia.

        Gaiaren aldetik bi momentu bereiz ditzakegu:

        1) Harri eta Herri-ren aurrekoa. Gizonaren bizitzaren sentidua, bere barruko problematika, erlijio-arazoa, e.a., joera existentzialista gehiagokoa.

        2) Harri eta Herri obraren ondoren poesia soziala egiten du. Lehen gizon bakoitzaren problematika agertzen bazuen, orain Aresti gizon publiko gertatzen da: herriaren eskubideak defendituko ditu. Bere garaian poema honek, Harri eta Herri-k, arrakasta handia ukan zuen, batipat zekarren berritasunarengatik, gaiaren berritasunarengatik; Euskal Herriko langileen arazoak, gizon zapalduen marginazioa, beretartzen zituelako, eta baita hor zekarren hizkuntza funtzionalarengatik ere.

        Lehengo literaturak batez ere baserria zuen gogoan. Arestik gizon hiritarra du bere gai. Gizarte industrialduan dabilen gizon hori. Bilbo da bere poesiaren paraje naturala: Bilboko tranbi artean, labe garaietan, burdin artean. Arestiren poesia hor inguruan ikusten dituen gauzez arduratuko da.

        Harri eta Herri-ren ondorengo poemak, honen gaiaren eta idazkeraren jarraipen dira; baina ez dute poema horiek lehengoaren mailarik lortzen.

 

        e) Aresti literatur mueta berrien jarraitzaile.

        Aresti, momentuko euskal literaturarekin hausten badu ere (Lizardi, Orixe, Lauaxeta), poesia berria egiteko forma eta mamiari berriro begiratu beharrean aurkitzen da. Horretarako, garaiko autore berrietara joko du; baina antzinako euskal literatur tradizioari inportantzia handia emanez.

        Garaiko Europako literatur mugimendu berriak ezagutzen zituen.

        Galego literatur berria ondo ezagutzen du: Castelao, Celso Emilio Ferreiro, e.a. Baina, Euskal Herriko bi autore erdaldunek, Espainiako poesia sozialaren autore ezagunenak itzal handia izan dute Arestirengan: Gabriel Zelaia eta Blas de Oterok; azkenekoak batipat (Arestiren lagun handia berau).

        Bere poesian autore berri hauen sinbologia erabiliko du; batez ere, harriarena.

        Baina Aresti, bide berrietan hasten denean, ez da ahazten euskal literatur zaharraz. Ondo ezagutzen du literatura hori: kopla zaharrak, lirika zaharra, teatro zaharra (XVIII. mendekoa), bertsolaritza, eta horien influentzia nabari da (Egun da Santi Mamiña, Bizkaitarra, Astepeko sekretarioaren bertso berriak, e.a.).

 

        f) Antzerkia

        Arestiren teatroak ez du berorren poesiaren garrantzirik, ez eta arrakastarik.

        Hemezortzigarren mendeko teatroaren (Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna, Muniberen El borracho burlado, Gabon sariak) influentzia nabari zaio. Izan ere, Aresti izan da teatro hori hobekien estudiatu duena. Askotan bertsolari kutsua ere sartzen du: pertsonaiak bertsoka agertzen zaizkigu tarteka, elkarrizketak ere honela eginez batzuetan, ritmoa azkartuz.

        Gainera, Arestiren teatroko pertsonaiak zerbait dakitenak dira, irakurtzen bederen. Pertsonaiak explikatzen du non irakurria duen, zergatik esaten duen, nondik hartu duen, e.a. Didaktismoa nabari da: herria eskolatu nahia. Dudarik gabe Brecht-en teatroaren influentzia: teatroa herria lantzeko eta herriari eragiteko eta herria kulturalizatzeko du.

 

Bilaketa