literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Bernard Echeparekoak, 1545-ean publikatu zen «Linguae Vasconum Primitiae» poesia liburuskaren hitzaurrean dioenez «bertze nazione orok uste dute ezin deus ere skriba daiteyela lengoaje hartan, nola bertze orok baitute skribatzen berian». Egitate hau da Echepare (edo Dechepare)ren obraren eragilea. Argi ikusten denez, lehen euskal idazlearen euskalduntasuna gonbarazio hortatik sortzen da. Baina L. Mitxelenak mostratu duen bezala [1], euskaltzaletasunak eragin zion ez bertsotan jardutera, hori barrenak agintzen bide baitzion, euskal-neurtitzak izkributan ipintzera baizik, inprentaren bidez munduan barrena zabaltzera. Bestalde, aitortu behar da lehen «zabaltze» hori ez zela izan nolanahikoa. Aurreko garaietan Erdi Haroko literaturari buruzko arbuio jeneralaren kulpaz hala gertatzen ez bazen ere, egun ez da Dechepareren obraren balio literarioaz duda egiten.

        Echepare Erdi Haroko poemagintzaren jarraitzale berant bat da. Hartan bezala ikus daiteke euskal idazlearen baitan errenazimenduaren berri ematen zuen elementu espiritualisten eta naturalisten nahaste eta burruka [2]. Decheparek Hitako Arziprestea erakartzen dauku gogora. Bi kasootan obra da egilea gizon bezala ezagutzeko iturbururik ugariena. Apaiz izanik munduaren alde guztiak, are haragiaren nahigabe eta atseginak ezagutzen zituzten, eta argi ez dauden motiboak gatik, presondegiratuak izan ziren [3]. Halaz ere, guzti hau ados zetorren federik finkoenarekin eta bekatuaren arbuiorik deliberatuenarekin. Dualismo eta tensio honek gorpuzten eta guruzatzen du bion obra. Horrela, «Linguae Vasconum Primitiae»-an erlijiozko poemei amorio poemak jarraitzen zaizkie. Parte honetan lehengoari zeharo arrotz zaion naturalismo batez baliatzen da, eta garaiko literaturako elementu paganoak «fortuna» bezala, («iBenedika fortuna ala enkontru hona!») agertzen dira ere. Guzti honek konprenigarri egiten ditu zenbaiten kritikak, adibidez P. Lafitte apaizarena «Mélange étonnant de piété et d'impudeur, pauvreté de vocabulaire, longueurs, souffle un peu court, tels sont les défauts de Detchepare» dioenean [4]. Ez da ahaztu behar Lafitteren kritika moldeari jarraituz gero, garaiko literatura osoa arbuiatu beharko lizatekeela, eta beraz, literaturaz kanpo sortzen diren aurreiritzi horiek ezin daitezkeela kontuan har kritika serio bat egitean. Ikusmolde zabalago eta zuzenago batez Echepareren obra analizatzen denean orduan ohar gaitezke haren kalitate haundiaz, haren ihardukiak darion gizatasun sakon eta sinzeritate biluziaz, hurrengo gizalditako poeten konstrukzio huts eta konbenzionalek tamalez falta dutena, haren aberastasunaz, single hitzetan eta iruditan, eta gaurko sensibilitateari hain atsegin zaion arkaismo eta borobiltasun falta hartaz, mundua bera ez baita gauza akabatu eta perfekt. Dechepareren poemetan mostratzen da lehen aldiz —eta azkenez gaur arteko literaturan— Euskal Herriaren izakeraren beste aurpegi hura, mendez mende euskaldun «prestu» guztiek izkutatzera eta deuseztera entseiatu diren alde «heterodoxoa», bestea bezain ugari, jator (hitzaren sentsurik hertsienean) eta euskaldun dena.

        Echeparek Euskal literaturaren etapa bat hersten du. Handik harat, eta zenbait kaso salbu, beste edozein hizkuntzetako literaturaren historiak baztertuko lituzkeen obrak hartu behar ditu gaitzat: itzulpenak, obra arrotzen moldaketak. Egoera hau ez da gure mendea arte aldatzen eta haren ondorioak larri dira. Lehenik, marjinalismoa, hots, literaturaren eta bizitzearen arteko harreman falta. Euskal literaturak ez du Europako literatura eta estilo aldakorren berri. Haleber, eta arrazoi berebera gatik, ez da epe horretan euskal bizitzearen problema eta gertakarien lekuko, are gutiago bizitze horren espresabide. Eginbehar hau inguruko erderek konplitzen dute. Euskera denborak markatzen ez duen erlijio irakaskintzan enplegatzen da soilik [5]. Honek hesi bat jasotzen du literaturaren eta gizartearen artean eta euskal literaturaren historian soziologiaren metodo argitzaileez nekez balia gaitezkeela du ondorioz.

        Bigarrenik, ez dago ia literaturaz hitzegiterik holako obretan. Horrela, euskal literaturari buruzko lan gehienak, berez bere gai ez diren gauzez arduratu dira eta, adibidez, obren balore linguistikoari neurriz gaineko inportantzia eman diote maiz [6]. Guzti honetaz kontu egin behar da, adibidez, Leizarragari buruz hitzegitean.

 

[1] L. Mitxelena. Sarrera-gisa. OLERKIAK. Bernat Detxepare, 13-gn. o.

[2] Dualismo honen oinarriak soziologian aurkitu behar dira, sistima feudal autoritarioaren eta mundu burjes liberalaren arteko burrukan. Honekin ez da esan nahi Echepareren poemagintza burruka horren espilu denik, burruka hark sortu zuen poemagintzaz baliatzen dela baizik. Besterik esatea soziologikerian erortzea lizateke.

[3] Ba dirudi Echepareren kasoan motibo politikoak izan zirela, Gaztelaren aldeko omen zelako, hain zuzen.

[4] P. Lafitte. «La littérature d'expression basque», 33-34-gn. o.

[5] Honek ez du esan nahi euskaldunen erderazko literatura aberats, ugari edo inportant izan denik. Kultura gabeziak ez du, espresatzeko, hizkuntza beharrik.

[6] Gertakaria honek alde on bat izan du: balore linguistikoak gatik ez balitz galdua lizatekeen zenbait obrak duen balore literarioa deskubritu da egun. Exenplurik nabarmenena, Barrutiaren obra da.

 

Bilaketa