Euskal literaturak pairatzen duen deformazio linguistikoa argi dago Juan de Tartasen kasoan ere. Hartaz mintzatzean, haren «Onsa hilceco bidia» Zuberoko euskalkian eskribitutako lehen liburua dela, edo, Zuberoko euskeran baino areago, Amikutzekoan oinarritzen dela aipatzen da, edo liburuaren inprenta hutsen askoa, haren doktrinaren ortodoxia, exenpluen bitxikeria edo idazlea zeharo haragitzen dela obran eta antzeko zenbait topiko ematen da aditzera, obraren balore literarioa inoiz aipatu gabe. Jokamolde hori beste autore askori buruz konprenigarri da, haien balore literarioa hutsa denez gero, balore linguistikoaz edo beste zerbaitez hitzegin behar baita liburu lodi bat egin nahi denean, baina ez Tartasi buruz. Hildo berean, P. Lafittek bere «Euskaldunen lorategia»-rako Tartasen zatia hautatu zuenean, ez zen kriterio literario batetan oinarritu, kriterio anekdotazale batetan baizik, zati hautatuaren balore nagusia kontatzen den anekdotaren bitxitasunean baitatza. Haren ondotik etorri diren antologiek, nahiago izan dute, noski, textoa birrestudiatu gabe, Lafitteren textoaz baliatu, Auñamendi editorialaren «Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco»-an gertatzen den bezala [14]. Baina ba da «Onsa hilceco bidia»-an antologia batetarako balio gehiago duen zatirik, hala nola zakur batek ausikitzen duen espainolarena. Zati honen estiloa, liburu osoarena bezala, komen nagusigoan datza, honi zor dio textoak modernotasun kutsua. Aipatu dugun zatian [15], teknika hau areagotuz, (parrafo osoan ez dago punto bakar bat), akzioari zeharo dagokion mugitasun eta ritmo bizi bat lortzen da, garaiko literaturan ezezagun dena. Obraren edizio kritiko baten faltak, orainoko edizioak oso trakets baitira, asko zailtzen du haren balorearen neurtze zehatz bat egitea.
[14] Ba zirudien lanaren haunditasuna gatik obra honek euskal literaturaren estudioen aurreratze inportant bat ekarriko zuela. Orain arte atera den literaturari buruzko tomo bakarrak ez dauku holakorik mostratzen. Esanik zeuden gauzen pilaketa bat besterik ez da aurkitzen eta azaltzen diren berritasun apurrak, ez dira zenbaitetan egiazko, ez segur. Jokabide berberari jarraituz, hautatzen diren zati guztiak, guti batzuk ezik, aurreko antologiatatik besterik gabe hartuak dira. Euskal literaturaren onetan izanen lizatekeen obra kritiko eta sakon batetan arriskatu beharrean, nahiago izan dute lan merkeago eta komerzialago bat argitaratu, problemak eta eskasiak aipatu gabe, euskaldun «prestu»-en kontzientzia gaixoen lasaigarri izan dadin. Bestalde, erraz da ikusten «Enciclopedia» arrazoi komerzialak gatik publikatzen dela osorik gaztelaniaz. Tamalez, Auñamendi editorialaren historia osoan bezala, euskal kulturaren interesak, interes ekonomikoen pean jarri dira orain ere.
[15] Ivan de Tartas, «Onsa hilceco bidia», bigarren edizioa, 48-gn. o.