literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.366 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Joannes Leizarraga, Eleiza Erreformatuaren ministro, Juana de Albretek protestantismoa euskal lurraldetara hedatzeko erabili nahi zituen obren itzultzailea izan zen, edo hobeki itzultzaileen burua. Lan horiek, «Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria», «Kalendrera» eta «Abc edo Christinoen Instructionea», La Rochellen publikatu ziren 1571-an [7], eta ez da haietan ia paiarik itzulpen ez denik. Horregatik ezin daiteke Leizarraga idazlea Axular idazlearekin gonbara, gaur egun zenbaitek nahi duenez, Leizarragaren erako itzulpenetan ez baitago lan literario bat egiteko posibilitaterik. Beste gauza bat da, eta oso bestelakoa, Leizarragaren euskera Axularren euskerarekin gonbaratzea, baina hemendik ez da segitzen beste mailarako balio duen ondoriorik. Axularrek Leizarragak ezin izan dezakeen nagusitasun bat du euskal literaturan, ikusiko dugunez, haren lanaren balore literario haundiek garaiko europear idazle aszetiko hoberenen alboan ezartzen dutelako. Axularren lana erderaz emana izan da, literatura guztietako obra nagusiak beste hizkuntzez ematen diren bezala. Gertakizun honek Leizarragaren kasoan ez du sentidurik.

        Hizkuntzari dagokionez besterik da. Gomendatu zioten lana (ia gogoz kontra hartu zuena) hasi zuenean, berehala ikusi zuen euskera ez zela bakarra, baizik mota askotakoa. Horregatik entseiatu zen euskera bateratu batez idaztera, bere helburu praktikoak hortara bultzatzen baitzuen, hots, zenbaitentzat mamiaren endelgua behaztopa izan ez zedin, euskera batu bat enplegatzera. Bestalde, itzuli behar zuen textoak eskatzen zuen fideltasuna begiratzeko, hizkuntza zehatz bat behar zuen, baina baita ere hizkuntza erraz bat, lehen aipatu den arrazoia gatik. Guzti hau lortzeko, lapurtera hartu zuen oinarritzat eta, denborak hizkuntzetan sortzen dituen diferentziak xipitu nahiaz eta bestalde, texto sakratuei dagokien era beneragarri eta usadioz kanpokoa emateko, arkaismoaz baliatu zen.

        Haren obran inportantzi haundi bat izan zuen halaber latinera oso emana izateak, garaiko humanisten artean usu zenez. Gainerako humanistek bezala, ez zuen latinetik zetozen hitzak erabiltzen soilik konzeptoren bat espresatzeko bere hizkuntzan hitz egokirik aurkitzen ez zuenean. Horrela Leizarragak «pescadore», «fluvio» eta «Sabbathoa» idazten du, «arrançale», «ibai» eta «larumbat» ezagutuagatik. Idazle latinzale hauen influentzia dezisibo izan zen Europako hizkuntza haundien aintzinamenduan. Euskeran ez zen hala gertatu. Leizarragaren esperientzia baztertua izan zen protestantismoa bera bezala. Euskal literatura Axularren bidetik abiatu zen, hau da, bide herrikoiago eta humilago batetatik. Honekin, euskerak mendebaleko zibilizazioaren korrontean sartzeko posibilitatea galdu zuen luzaroko. L. Villasantek dioen bezala [8] Leizarragaren obra digante bakarti bat bezala azaltzen da, betirako hertsia izan zen ate zabal bat bezala.

 

[7] Nafar merkatariek aspaldidanik zuten etxe bat La Rochellen.

[8] L. Villasante. «Historia de la Literatura Vasca». 59-gn. o.

 

Bilaketa