literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Mogel-ek, Bizkaia aldeko literatura mugimenduaren aintzindariak, gipuzkeraz idatzi zuen bere lehen liburua, Cardaberaz eta Mendiburuk literario mailara altzatu zuten gipuzkeraz hain zuzen. Lapurtar klasikoz beharrean gipuzkeraz idaztea, irakaskintza xedeak inposatzen zien gauza zen. Hildo beretik Mendibururen euskera nafartuago aurkitzen da Cardaberazena baino, haren lana Nafarroa aldera hedatzen baitzen gehienez. Hasieratik bertatik gipuzkera literarioa ez da lapurtar klasikoa bezain homogeneo [27] eta honek baino zokokeria gehiago du hark. Espero zitekeen bezala, gipuzkeraz idazteko Mogelen asmoak ez zuen denbora luzez iraun. Bizkaiako apaizek hartaraturik [28], gipuzkerazko liburuaren parte bat eman zuen bizkaieraz, zenbait urte geroago. Mogel eta Añibarroren obraren ondorioz, bizkaiera hizkuntza literario mailara goratu zen, euskeraren batasunari beste behaztopa larri bat ezarriz.

        Rousseau-ren primitibismoa, kultura ahituen garaietan sortzen den egonezinaren molde bat besterik ez zen izan. Baina Rousseau izan zen egonezin honetaz historiaren filosofia bat egin zuen lehena. Honekin bere garaikide askok sentitzen zuena zehazki espresatu besterik ez zuen egin. Zibilizazioaren aurkako irrazionalismo idealista hau, misiolarien «basati ona»-ren irudian ere aurki daiteke. Mogelen «Peru Abarca» da giro emozional eta irrazionalista honen euskal itzulpena. Berez, Mogelek ateratzen dituen ondorioak ez zaizkie Rousseau eta gainerakoenei gehiegi hurbiltzen, Peru kristau eta «ezarritako orden»-aren defendatzaileak ez baitu ia zer ikusirik Emilio idealarekin. «Peru Abarca»-k, garai hartan sortu zen eta gaur egun ere indar izugarri bat duen idea reakzionario bat hartzen du tesistzat: baserritarraren bizitze moldeak eta hizkuntzak izan behar duela eredu euskaldun ororentzat. Etorki hau du ondorengo euskal literaturak eta euskaldungo osoak baserritarrez eta baserri bizitzeaz izanen duen abegi onak. Harrezgero «baserritar» eta «euskaldun on» gauza berbera izanen dira. Guzti honen ondorioz euskaldun asko erori da «euskal izatearen esentzia»-tzat baserri moldeak hartzera. Jokaera honen aldeko sutsuenek baserria dela euskeraren salbabide bakarra baieztu dute finkoki, baserriaren aldeko lan bat proposatuz. Gehienak estremo hortaraino heldu ez badira ere, idea honek euskaldunen artean izan duen eta duen indarra nabaria da. Eta argi dago jeneralean baserritar bat kaletar bat baino hobeki mintzatzen dela eta askozaz ere euskera gehiago dakiela. Hau egia da, baina ezer esan nahi ez duen egia bat, ez benetazko egia eragile bat. Gaur eguneko kultura euskerak duen desegokitasun eta atzeratasunetik sortzen diren problemak ez ditu inolaz ere baserritarren euskerak soluzionatuko. Gaurko munduko pentsamoldeak eta konzepto zehatzak euskeratzeko ezer guti aurreratuko du euskal idazleak baserritarraren laguntza eskatzen badu. Bestalde, erraz da ikusten herri industriatuak (Andoain adibidez) direla, halabeharrez, euskal liburu eta aldizkari serioen sostengu oinarrizkoa eta ez nukleo nekazariak.

        «Peru Abarca»-ren garrantzia ez da hor ahituen. Obra hau da, hain zuzen, tesisko obra literarioen artean, tesisak obraren balore literarioa deusezten ez duen bakanetatik bat, zeren ez baititu Mogelek tesisaren beharretara personaiak makurtzen. Aitzitik bere dohain literarioez baliaturik, elkarrizketa berberaren barne estrukturak eskatzen duen arauaz gauzatzen ditu haik, nahiz honekin tesisa arriskuan jarri. Horrela maisu Juan, tesisaren arauaz «gaiztoa» dena, personaiarik egiazkoena eta helduena da, Peru abstrakto samarra baino areago eta, tesisaren kontra, haren alde jartzeko oin ematen dio irakurleari [29]. Tesisak galdu duena obrak irabazi du, «Peru Abarca», euskal literatura zaharreko obrarik atseginena bihurtuz.

 

[27] Lapurtarrek itzal haundiko maisu eta, gidari bat izan zuten, Axular. Gipuzkoarrek, aldiz, ez zuten halakorik izan, Larramendik gaztelaniaz idatzi baitzuen.

[28] Bizkaiko apaizen jokaera honetan alde praktikoa eta euskal kontzientzia faltak zekarren probinziakeria nahastatzen dira, Mogelek berak «Nomenclatura de las voces vizcainas, sus correspondientes guipuzcoanas y castellanas, para que se puedan entender en ambos dialectos» liburuan dioen bezala.

 

Bilaketa