literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        R. Azkuek, J.K. Gerrak aurkitu berri zuen «Acto para la Noche Buena» teatro lana «Euskaltzale» kazetan [20] publikatu zuenean, ez zuen obran literaturazko meritorik ikusi, baizik haren erderakadak eta gaztelaniazko eta euskerazko mordoiloa bakarrik. Publikatu bazuen, haren zahartasuna gatik eta aditzan dituen arkaismoak gatik izan zen. Honi esker, ez zen galdu Arestiren iritzian (edo hobeki, haren 1959-ko iritzian) euskeraz eskribuau den gauzarik baliosena dena [21]. Orixek, euskal literaturari buruz egin zuen lanean, ez du Barrutiaren obra behinere aipatzen, ezta ere J. de Urkijok euskerazko teatroaren hasieraz egindako artikuluetan eta berdin J. Azpiatzuk Donezteben egin zuen «Euskera Zaharraren Apurtxoak» hitzaldian, Arestik ondo dioen bezala, haien inorantzia literatura gauzetan nabaria zelako [22]. Ezjakituria honek, euskaltzale guztiek amankomunean zutena, euskal literaturari buruz egin diren lan eta estudio guztiak desitxuratu ditu.

        Jokaera honen kausa euskal literaturaren estudioen egoera da. Gaur arte ez du euskal literaturak euskal estudioen baitan sail autonomo bat osatu. Hizkuntzaren estudioen adar bat besterik ez da izan. Euskal liburuak ez ziren estudio hauez ardutatzen ziren euskaltzaleek enplegatzen zuten materialaren parte bat, baizik. Hortik aparte, liburu horiek ez ziren inorrentzat estimagarri. Ezin uka daiteke euskaltzale hauetako batek, estudiatzen zituen obrak literaturaren aldetik analizatzen zituenean, ez zegokion eginkizun batetan sartzen zela, eta iritzia edozein ezjakitunaren pare zela halabeharrez, eta, beraz, ez zela hura kontuan eduki behar. Baina ez da hala gertatu eta euskaltzale hauen iritzi okerrok pisu haundi dute orain ere, euskal literatura autonomia lortzen ari den garaiotan. Euskal literaturaren egiazko aurpegia ezagutzeko, beharrezko da ikuspegi literarioan oinarritutako estudioak ugal ditezen. Horrelako estudioen frutua, Barrutiaren kasoan bezala, harrigarri dateke.

        XVIII-gn. mendeko euskal teatroa kriterio zuzenez estudiatu duena, G. Aresti izan da [23]. Ba dirudi, «Gabonetako Ikuskizuna»-ri dagokionez, Barrutia ez zela kopialari bat baizik izan. Arestiren iritziz, «posible izango litzake Sor Luisak aipatzen duen koplaria [24] eta Barrutiaren komedian agertzen zaiguna, persona bakar bat izatea. Gañera, Mondragoeko gabonetan emateko komedia bat esmatu zuan, baña eskribitzen etzekian ezkero, bertako eskribauak eskribitu zion. Eskribauak firmarekin ematen zuten fedea, eta Barrutiak, beraz, kopiaren azpian jarri zuan bere izena» [25].

        Egile problema hauk utzirik, balore literarioari dagokionez, Barrutiaren firmaz azaltzen denak, beste biak eta are euskerazko ia teatro lan guztiak gainditzen ditu. Inoiz hala esan bada ere, «Gabonetako Ikuskizuna»-k ez dio ezer funtsezko zor espainiar lehen teatroari. Hain zuzen, bere orijinaltasunean datza obraren merito haundienetatik bat. Egituraz, teatrogintza erreboluzionatu zuen L. Pirandello-ren lehen etapako obren aintzindari da. Eszenario berbera, nahiz Mondragoe nahiz Belen da. Deabruak, aingeruak eta Mondragoeko garai hartako jendek teatroaren egintzaren bidez batasun berezi bat ematen diote obrari, mende hartan modan zegoen «hiru unitate»-en araua beste arau dinamikoago eta konplejoago batez aldatuz. Adibidez, hamaikagarren eszenan, obrako personaia batek, «Gracioso»-k, beste paper bat hartzen du, garaiko mondragoetar mozkorti bat bilakaturik, Matxi Ardantza. Matxik, ongi afaldurik dagoela, Jesusen jaiotzeaz kexatzen den Luzifer eta beste deabru birekin egiten du topo. Hauek hura kolpatzen dute, eta ondoren haren emazteak. Orduan, artzainak azaltzen dira, eta «Gracioso» ikusten dute. Hurrengo zatian, aingeruak «Gloria in excelsis Deo» kantatzen du, Belengo artzainak miretsirik uzten dituelarik. «Gracioso»-k koplak ateratzen dizkie aingeru eta artzainei, baina ez Belengo artzain eta aingeruei, haien papera egiten duten gizonei baizik, hau da, ez personaiari, aktore berberari baizik. Hildo berean eszenarioan azaltzen ez den kantore talde batez trebetasun haundiz baliatzen da egilea zenbaitetan, akzioa eszena batetatik hurrengora pasatzeko. Ikusmolde hauk ez dira Europako teatrogintzan gure mendea arte agertzen, eta ez dute euskal teatro osoan kiderik. Bestalde, textoaren zenbait zatiren balore baten ere poetikoa oso haundi.a da eta egintzari ongi lotzen zafo. Holako obra bat hirurogei urte baino gehiagoz zeharo mezpreziaturik egon dela ikusteak, ongi adierazten du noraino nagusitu zaizkion euskal literaturari euskaltzaleen literaturari buruzko inorantzia, aurreiritziak eta kriterio extraliterarioak. Halaber estudio serioen beharraren eta handik atera daitekeen aintzinamenduaren exenplu argi da.

 

[20] «Euskaltzale» I, 402-gn. o.

[21] G. Aresti: «Pedro I. Barrutia, Mondragoeko eskribauaren Gabonetako Ikuskizuna». «Euskera» 1959, 139-148-gn. o. Bertan, obraren estudio sakon bat dakar.

[22] Iritzi honi Labayenek kontrajartzen dion arrazoiak ez du ezer frogatzen. Egia da Azkuek zenbait lan literario burutu zuela. Baina ez da hortik nahi-ta-ez segitzen Azkuek kultura literario bat zuenik. Hain zuzen, kultura literario elementalena eduki gabe literatura egin duten idazleak ez dira euskal literaturan falta (Labayen argurioa, «Egan» XIX, 249-252 paiatan ikus daiteke).

[23] Berak publikatu ditu orain ezagutzen diren hiru obrak: Barrutiaren «Gabonetako Ikuskizuna» (Acto para la Noche Buena), Sor Luisaren «Gabon Sariak» eta Muniberen «El borracho burlado», «Teatro zaharra» izenez Auspoaren 48-gn. numeroan.

[24] Sor Luisak aitortzen du koplari batek, Martin Beltzek, lagundu ziola bere lana prestatzen.

[25] G. Aresti. «Itzaurre-Moduz». «Teatro Zaharra» liburuaren 12-gn. o.

 

Bilaketa