literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        XVII-gn. mendearen hasieran, erlijio krisisa zeharo gainditurik, katolizismoa birragertzen da nagusi Euskal Herrian. Kontrarreformak mundu katoliko guztian intolerantzia ekarri zuen. 1542-an Inkisizioa sortu zen, 1543-an inprenta zensura, 1545-ean Trentoko Konzilioa hasi zen. Eliza Katolikoak indarraren bidea hartu zuen, apaiz humanistak persekutatuz, aszetika berri bat ezarriz, sortu berri ziren Orden erlijiosoen laguntzaz. Hauen artean Jesusen Konpainia izan zen inportantena. Trentoko Konzilioaren ondorioz, lurralde katolikoetako literaturan aszetikak eta mistikak garrantzi haundi bat hartzen dute. San Franzisko Saleskoaren eta hainbeste aldiz euskeratu den haren «Introduction à la vie dévote»-aren garaia da.

        Trentoko Konzilioak zeharo markatu zuen Euskal Herriaren bizitzea, aldaketari betikotasun irudi bat emanaz. Mitxelenak dioen bezala [9], garai hartan, ez lehenago, sortzen da «euskaldun fededun» perpausa, hain famatua eta egun euskaldunentzat behaztopa harri gertatu dena. Lehenago aipatu den intolerantzia, usantzetara, ohituretara eta moral osora zabaltzen da, eta are literaturara. Dechepareren antzeko konportamoldeek ez dute jadanik posibilitaterik [10] eta ahozko literatura apalena bakarrik espresatzen da askatasun apur batez.

        Erlijio irakaskintzak eraberritze bat ezagutzen du, euskerari garrantzi haundiago bat ematen zaiolarik. Euskal literatura katiximaz betetzen da, baina hauekin batera literatura aszetiko inportant bat kreatzen duen talde bat azaltzen da: Axularren lehendakaritzara biltzen den Sarako taldea. Talde honek, Leizarragak hasi zuen lanari segida emanik, egituraz lapurtar den literatura hizkuntza bat eraikitzen du, lapurtar klasiko izenez ezagutzen dena.

        XVI-gn. mendearen bukaeran euskal probintzien hedadura gaurkoa zen, baina ez populazioa eta haren zatiketa. Arabak 57.000 biztanle inguru zituen; Bizkaiak, 70.000; Gipuzkoak, 70.000; Nafarroak, 154.000 eta Iparrak, 115.000. Euskal hitzegileek, euskalkiz euskalki, arabarrak bizkaieraz mintzatzen zirela gogoan harturik, horrela lirateke: bizkaierazkoak 105.000, Nafarroa Garaiako euskalkikoak, 90.000; Basa Nafarroako euskalkikoak, 60.000; gipuzkerazkoak, 50.000; lapurderazkoak, 30.000 eta Zuberoakoak, 20.000. Lapurdi barnean lapurteraz mintzatzen zirenak 25.000 bide ziren, 500 kilometro karratutako hedaduran. Garaiko euskal literatura osoa leku hedaduraz eta biztanlez hain tipi batetan egin zela, eta handik at literaturarik egiten ez dela ikustea, gauza harrigarri eta oraino esplikatu ez dena da. Liburugintzaren aldetik ere, emaitza berberak ditugu. Ibarren kalkuluen araura [11], XVII-gn. mendean euskeraz 100 paiaz goitiko 36 edizio argitara zen eta haietatik 32 Lapurdin, 1 Basa Nafarroan eta 3 Zuberoan. Hego aldean berriz, bat ere ez.

        Sarako taldearen lanaren arrakasta ulertzeko, gogoan eduki behar da apaiz haik ez zirela geroago euskal literaturan hain maiz aurkitzen diren jakinduriarik gabeko apaizak. Taldeko bat, Ziburuko Joannes Etcheberri, Doktor Teologo zen, eta ba dirudi Axularrek Salamancan egin zuela batxilergoa. Haien arteko harremanak hertsi ziren, Axularrek berak «Gero»-ren «Irakurtzaileari» partean dioenez, liburu hura egiteao deliberamendua bilera batetan hartu zen. Dudarik gabe, bilera hau osatzen zutenak, Axular, Materre, Haranburu, Etcheberri Ziburukoa, Harizmendi, Argainarast... izan ziren, hau da, garai hartan lapurtar klasikoa eraiki zutenak. Lana talde bezala egiteak ekarri zuen guztien obran nabaritzen den homogeneitatea, euskal literaturaren historian hain garrantzi haundikoa izan dena.

        Literaturaren aldetik obren inportantzia desberdin da oso. Gehienak deboziozko liburuska arrunt eta lan aszetikoren itzulpen dira. Baina goi mailako obrarik ere aurkitzen dugu, eta horien artean Ziburuko Etcheberri neurtitzegile (ezen ez poeta) ugari, kulto eta dotorearen «Manual Devotionezcoa», «Noelac» eta «Eliçara erabiltceco liburua» obren gainetik, Sarako Axularren «Guero» liburua, Bordelen 1643-gn. urtean publikatu zena.

        Egun, ezein euskaldun burutsuk Axularren hizkuntza maisugoaz duda egiten ez duenean, ba dirudi, hor ahitzen direla haren dohainak eta harenganik bar daitekeen irakaskintza. Axularren obrari buruzko uste hau okertzat eman behar da. Hizkuntzaren aldetik, Leizarragaren eta beste zenbaiten obra, puntu apur batzutan bederen, Axularrena baino zuzenago dateke, adibidez, mugagabean eta potentzialaren zenbait puntutan. Ezin daiteke, aldiz, gauza bera esan literatura baloreaz, alde honetatik «Gero»-ren egilearen kasoa bakarra baita euskal literaturan. Axularrek, Leizarragak bezala, ikusten zuen batasun faltaren problema, «Irakurtzaileari» zatian dioen bezala. Baina Axular izan da problema hau estilo literario bihurtuko duen lehena eta oraingoz azkena gure literaturan. Batasun falta, gainerako idazleentzat behaztopa dena, Axularren obran, bere dohain literarioen graziaz, abantail bezala bihurtzen da. Asko hitzegin da Axularren oparotasunaz, baina oparotasun honen funtzionaltasuna ez da inoiz aipatu. Oparotasun edo hobeki barrokotasun hau ez da Axularren karakteriska berezia, mendeko estiloarena baizik, eta beste euskal idazlerengan ere aurki daiteke. Axularren berezitasuna, barrokotasun hori ahalik eta ulerkorren izateko zuen premia betetzen enplegatzen duela da, guztia ritmo harrigarri batez ematen delarik. Adibide bezala, beste askoren artean IX-gn. kapituluko zati bat hautatu dugu [12]: «Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri iakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hausten da, han baratzen da, han gaitzago eta urgulluago bada ere, ematzen eta sosegatzen da». Zati honetan, liburuaren estiloari jarraituz, konzepto bakoitza zenbait sinonimoren bitartez ematen da. Horrela, «sablea», «harea», eta «legarra», eta «baratu», «ematu» eta «sosegatu» sinonimo serieak aditzera ematen zaizkigu. Teknika honen bitartez, lehenik, ulertze posibilitatea zabaldu egiten da, nahiko baita irakurlearentzat mamia endelegatzeko sinonimo bakar bat ezagutzea. Adibidez, irakurle batek «sablea» eta «legarra» hitzak nahiz ez ulertu, «harea» ezagutuz gero textoaren mamia berdin uler dezake, ulertzen ez dituen beste biak ulertzen duenaren sinonimo baitira. Berdin hiruetatik «sablea» edo «legarra» bakarrik ulertzen badu, edo «sablea» eta «harea» bai eta «legarra» ez, etab. Berdin gertatzen da «baratu», «ematu» eta «sosegatu» hitzekin. Horrela mamia uler dezaketen irakurleen numeroa gehitu egiten da. Gainerako idazleak kasu berdinetan «sablea edo harea» eskribatuko lukete, edo horiez textoari astuntasun pairagaitz bat emanaz. Axular bere dohain literarioak ematen zion zorroztasunaz baliaturik, maisuki gainditzen du eragozpen hori, astuntasunaren arriskua baztertzeko, fraseari hedatzera trebeki uzten baitio, haren espresio posibilitate guztiak ahitu arte. Axularren eskuetan euskal prosa maila garaienetara heltzen da, euskeraren ahalmen ezkutu guztiak argitara ematen ditu, konstrukzio aberats eta hitz joku («Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen», «Guztiak dakuski, guztiak dakizki»...) miragarrien bitartez. Guzti honek eta liburuaren hats haundiak, orijinaltasunak, dokumentazio eta aipu ugariak, eta itzulari bezala erakusten duen maisugoak euskal idazleen printze eta iturburu segura bihurtu dute.

        Axularren «Guero»-ak eta Sarako taldekoen lanak lapurtera hizkuntza literario mailara altzatu zuten [13]. Harrez gero ba dute euskal idazleek lanabes egoki bat, kanon bat, hizkuntza literario guztiak behar duten eredu eta aitzindaria. Lapurtar klasiko hau izanen da «euskera batu» ia bakarra, 1750 urtearen inguruan gipuzkerazko literatura hasi arte.

 

[9] L. Mitxelena. «Historia de la Literatura Vasca». 59-gn. o.

[10] «Linguae Vasconum Primitiae»-ren ondorengo edizioak zensuraturik agertzen dira.

[11] Ibar. «Genio y Lengua» 101-gn. o. Dioenez, kalkuloak Sorrarrainen «Catálogo General Cronológico»-az baliaturik egin ditu.

[12] Pedro de Axular. Gero (Después). Espirituales españoles, 169-gn. o. Luis Villasantek prestatutako edizioa.

[13] Gainerako euskalkien lapurtarrarenganako joera, euskal literatura zaharraren konstante bat da. Joera 1900 inguruan hautsi zenean, motibo politikoz hautsi zen. Hain zuzen garai hartan sartu ziren beste euskalkietan soilik bizkaierazko zen hitz asko. Egun egoera hura gainditu denean, lapurtarrarenganako joera nabaria da berriro.

 

Bilaketa