literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        1728-an Gipuzkoaren eta Espainiako gobernuaren arteko akordioz, «Compañía Guipuzcoana de Navegación de Caracas» Sozietate Anonimoa fundatu zen. Konpainia honek Caracasekin komerzioaren monopolioa izan zuen 1776 arte eta haren irabaziak izugarriak izan ziren, azkenengo urtetan %100-eko dibidendoak banatzen zirelarik. Bestalde, gaztaroan Ameriketara joan zen euskaldun asko itzultzen da aberasturik bere sorlekura. Guzti honek aberastasun eta aisetasun giro bat dakarkio Gipuzkoari. Garai hartakoak dira herri eta herrisketako eliza galant eta dotoreak. Giro honetan sortzen da ere Gipuzkoan jazotzen den euskerazko mugimendu literarioa, burutzat Larramendi duena.

        Aita Larramendiren lanak markatu du Hego Euskal Herriko literatura eta esan daiteke oraino markatzen duela ere. Arana-Goiriren euskerari buruzko joera ez da Larramendirenaren azken ondorioa baizik. Hau, Mariana eta euskera hizkuntza basati eta landugaitzatzat hartzen zutenen gainerako guztien kontrako erantzun bat da. Hortarako euskera munduko hizkuntzarik garbiena, razionalena —eta beraz hoberena— dela mostratzera entseiatu zen «De la Antigüedad y Universalidad del Bascuenze en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas» deritzan liburuan. Hildo berean euskera hizkuntza kulto bat dela demostratzeko «Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuenze y Latín» idatzi zuen. Asmoa apologetiko zelarik, helburu nagusitzat hizkuntza irainduari ohorea itzultzea zuelarik, defendatzen zuen garbitasuna errealitatean konplitzen ez zenean, errealitatea aldatzen zuen besterik gabe. Horrela berak asmatutako hitzez bete zuen «Diccionario Trilingüe»-a. Obra, arrotzei buruz idatzi zen, ez euskaldunentzat, eta euskal hitzak gaztelaniaren funtzioan jarri ziren. Polemika gai bihurtze honekin, frogabide bilakatze honekin, hizkuntzaren teoria praktikari nagusitu zitzaion, apologista alferren lana faboratzen zelarik, gaur egun ere pairatu behar dugun honenbeste sasi-etimologista ergelen iluminazioei bide zabala irekitzen zitzaielarik, eta azkenik, XX-gn. mendearen hasierako garbizalekeriaren bihia euskaldunen sentimenduan landatzen zelarik.

        Larramendiren obra, zenbait zati oso labur ezik, erderaz da. Bere egintzari zegokionez, gramatika bat eta hiztegi bat utzi zituen, euskeraz idatzirik exenpluarekin predikatu beharrean. Euskeraz idazteko lana Cardaberaz, Mendiburu eta beste zenbait jarraitzalek egin zuen. Lehen begiratuan harrigarri gertatzen bada ere, deboziozko liburu praktiko hauek, Larramendiren beraren euskal eskribuak bezala, ez dute maisuaren irakaskintza jasotzen, euskera herrikoi eta natural batez idatzirik baitaude. Hau, Larramendiren lanaren karakter teoriko eta apologetikoaz dudarik ez egiteko beste arrazoi bat da.

        Cardaberaz eta Mendibururekin hasten da Hegoko literatura erlijiosoaren tradizino ugaria. Hauen obrak, edizio kontaezinen bitartez, euskal etxe zahar guztietan aurki daitezke eta inportantzia haundi bat izan dute euskal jenerazino askoren hezietan. Deboziozko esku liburu hauen espiritualitate arrunt eta sentimentala ere nabari daiteke zenbait euskal pentsamoldetan, eta gerra aurreko obra batzutan [19].

 

[19] Beharbada, inportantzia honetaz ohartuz, eta iragan diren denbora beti hobeagotara itzuli nahiean, fundatu berria du apaiz multzo batek «Kardaberaz» taldea, euskal fede betikoa, kanpotik eta barrendik egiten zaizkion eraso gero eta bortitzeagoetatik begiratzeko.

 

Bilaketa