literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Gerra ondoko prosa problema haundi baten aurrean aurkitzen da. Euskal prosa literario modernoa Mogelekin hasten dela esan daiteke. XIX-gn. mendearen bukaeran, ehunen bat urtetako lantzearen ondorioz bereganatu zuen prestutasuna, gerra aurrean deusezten da purismoaren kulpaz eta haren ordez beste prosa estilo bat hasten da, askozaz ere herrikoiagoa (hitzaren sentsurik okerrenean) alde batetatik, eta artifizialagoa bestetik [20]. Halaz ere, prosa berri hau Domingo Agirreren eskutan maila garai batetara heltzen da, batez ere haren instinto literarioa gatik eta «Kresala» eta «Garoa» egin ziren garaian oraindik artifizialtasuna ez zelako prosaz zeharo nagusitu. Artifizialtasun hau gerra ondoan agertzen da nabarmenenik eta bestalde, orduko idazleren artean ezeinek ez du Agirreren prosa maisutasuna gainditzen. Aurreiritzi linguistikoz itotako giro honetan, idazle bakoitza irtenbide bat edireitera ahalegintzen da. Alde honetatik Etxaideren kasoa giroaren adierazlerik egokiena da. «Alos-Torrea» bere lehen nobelaren aurretitzan, «irakurle, ... ez det uste orrialde auetan ... gure mendiko euskerak darion garo usai mardula artu al-izango diozunik ... » (7-gn. o.) esan ondoren, «Euskera, beartsu, oso beartsu iritxi zaigu euskal-pizkunde egunetara. Alabaña, euskerak, guna, mamia, aberats-aberatsa dauka ta gure baratz ederra ondo jorratu, landu ta ongarritzen ba'degu, emaitz aundiak ekartzekotan dago, gure baratzako lurra iñungo errietako lurrik aberatsena baño emankorrago baita. Tamalez, ta ez noski gaurko euskaldunen erruz, gure izkuntzaren berri laburrenik ezin eman dizaikegu gure erritarrai. » (8-gn. o.) manifestatzen du. Honez gero, ezin hobeki adierazten du euskal idazle guztien problema nagusia: «Idazleok erriaren jakintza mallara makurtu ala euskerari soilki begiratuz bera landu ta aberastu erriari jaramonik egiteke?» (9-gn. o.). Bukatzeko, irtenbide bat proposatzen du: «Ez bat eta ez beste. Euskera gairik zaillena, goituena, nâsiena "berez" adirazteko lain da beste izkuntz askok bezela laterara ala gerkerara jo bage, ta lain danez, gaurko azal gogorra atxurtu, jorratu, ta lurpean ezkutaturik daukan altxor bikaña azaleratu egin bearr degu. Gaur-gaurkoz irakurle gutxitxo izango dittuzte idazle goitu-xamarrok, baño idazkera errezera jotzen alegintzen ba'gera ta azalpidez bearr bezela argitzen ba'degu, irakurleak gero eta ugaltzenago joango zaizkigu.» (11-12-gn. o.). Etxaideren obra bera da kondizio hoiekin «idazkera errezera jotzen alegintze» hori ezinezko dela demostratzeko frogarik hoberena. Hain zuzen, «Gorrotoa lege»-an idea horietatik gehien urruntzen denean lortzen du prosa bidezkoago bat. Etxaidek teorikoki planteatu zuen problema nagusiari Erkiagak irtenbide okerrago bat aurkitzen dio. Alde batetatik, purismoaren aurrean postura zalantzatsu bat hartzen duelarik, nobelaren muinaren berberaren kontra doazen «epeka edo aldizka», «pentsatu edo oldoztu», «nork-merkeagoka edo konpetentzia» eta horien gisako bikote astun eta gogaigarriez gainezten du bere ihardukia. Bestetik, estiloaren inkoherentziak eta anarkia formalak deuseztu egiten du haren nobelagintza.

        [...]

        Hizkuntzaren problemari irtenbide azken finean purista bat ematen zaion eran, tematikaren aldetik ere ez da euskal literaturaren bizkar hezur izan zen ideologiatik aldaratzen. Etxaideren «Joanak-joan» nobelak ba dirudi, lehen begiratu batean, tesis hori gezurtatzen duela, bertako gordinkeriak ez duela lekurik sistima zaharraren barnean. Analisis sakonago batek ordea, agirian jartzen du «Joanak-joan»-eko gordinkeria premeditatua dela eta funtsean itxurazkoa. Etxaidek gordinkeriak «jarri» egiten ditu, baina sistimatik atera gabe. Horrela, «Joanak-joan» nobela gordin dateke agian, baina inolaz ere ez «inmoral» (hitzaren ohizko sentsuan), eta are gehiago dena, gordinkeria bera ikuspegi moral batetatik ikusten da, 110-gn. paiako pasarte honetan bezala:

        «—Zaude orrela apur batean, Engrazi, gauden gozaro aren urratsak senti artean—. Eta gorputza bezelaxe arpegia ere tinka-tinka estutu eta lotsagarri muinkatu zion.

        »—Xalbat, —ekin zun Engrazi'k giza-berotasun aren oldarrari ezin eutsika—, zure-zurea nauzu!—. Eta eman-beteko itzoek ogutzi ondoren ezkontzaustean lizunkiro atsegindu ziran, gaztetan janari zituzten maitekerizko griñak beren izateaz osoro ber-jabetuta».

        Noberalen harian elkargainka aditzera ematen diren «aragireki», «lizunkiro», «maitakeri», «loikeri» eta gisa honetako hitzek ongi begiratzen dute nobela inmoralismoan erortzetik. Hildo berean asko klar mintzo da nobelaren akabantza «edifikantea»: «Engrazi'k, bere azken orduko barkapenarekin, ... Etxahunia'ko ateak zabaldu zizkion Piarres'i eta Jesus'ek ordañez, zeruko aterik ederrenak zabaldu zizkion bizi guzian deslai ta saietsi ibilli zen ardi gaixoari. Egun artan jai ta orrits izan zen Zeru'ko Jaurerria'n, saiestua zebillen ardia bideratu baitzan eta deabruaren atzaparretan erortzetik bein-betiko salbatu».

 

[20] Aldi bertan, lapurtarra baztertuz, benafar-lapurtar dialekto literarioa sortzen da Iparran, hura baino trakets eta herrikoiagoa.

 

Bilaketa