Guzti hau kontuan harturik esan daiteke Ramon Saizarbitoriaren «Egunero hasten delako» dela lehen euskal nobela modernoa. Txillardegi frogatzera saiatzen den bitartean, Saizarbitoria bere pertsonaien egiteak mostratzeaz kontentatzen da. Bestalde, Saizarbitoriak aportatzen duen eraberritze formala ez da alfer eta huts, nobelagintzaren konzepto berriaren nahi-ta-ezko ondorio bat baizik. Honela, erabiltzen duen barne bakarrizketaren teknika, elkarrizketaren berriztapena (honen bidez akzioak adieraziz), anunzio, hitz eta soinuen enplegua, esaten denaren eta pentsatzen denaren nahasketa, egileak nobelari buruz hartzen duen ikuspegi berriaren ondorio dira, narradorearen desagertzeak derrigorrean eskatzen baititu teknikok. Saizarbitoriaren nobela ez da obra hertsi bat, irakurlearen partizipazio aktiboa behar duen obra ireki bat baizik. «Egunero hasten delako»-rekin, heltzen da euskal literaturara egun hainbeste aitatzen den irakurlearen ordua.