literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        1767tik aurrera, jesuiten aurkako jazarpenak ondorio desberdinak izango zituen literatur ekoizpenean, haietako asko —letra-ekoizle handienek, hain zuzen— alde egin behar izango baitzuten. Halere, hurrengo hirurogeita hamar urteetan idatziko zen prosa gehiena (hala gipuzkerazkoa nola sortzeko zegoen bizkaierazkoa ere), salbuespen gutxirekin, aspaldidanik jorratutako bideetatik barrena abiatuko zen: erlijiosoetatik, hain zuzen.

        Nolanahi ere den, ezin utz daiteke aipatu gabe idazleen artean eta euskal gizartean bertan doi-doi errotzen hasia zen Ilustrazioaren errainuez kutsaturiko literatura profanoa edo dei litekeena. Toki berezia izango zukeen bertan ia erabat ezezaguna suertatu den idazle batek, baldin idatzitakoa argitaratu izan balu eta haren obrek oinarrizko literatur funtzionamendua izan balute. Baina asmoak okertu egin bide zitzaizkion (eta, beharbada, euskalkiaren marginalismoak berak ere ez zion hartan gehiegi lagundu) Jusef Egiategi idazle zuberotarrari eta ez zen hala gertatu.

        Aski kultura zabaleko eskola-maisua eta aurreko euskal idazleak ere ezagutzen zituena, Larramendiren proposamenen jarraitzaile agertu zen, batik bat haren hiztegiaren erabiltzaile sutsu.

        Pentsamendu kontserbadorekoa bai arlo familiarrean nola erlijio eta estatuari zegokienean, moralaren arloko gaiez dihardute haren lanek. Haren obren eskuizkribua dirudiena besterik ez da gordetzen.

        Zuberoatik urruntxo argitaratu omen zen Obra delakoari dagokionez (eskuizkribuaren arabera, Frankfurten, 1785ean), euskara hutsean idatzita dago (40 kap.) eta moralaren arloko gaiak ditu mintzagai: bertutea, beldurra, ausardia, heziketa, ohitura, adiskidetasuna, denbora galdua, etsaia, herioa, etab.

        Bigarren liburia delakoa, berriz, euskaraz eta frantsesez idatzita dago. Bertan jakituria gnomikoaren ildoko moral praktikoaren errebindikazioa egiten da. Horretarako, biziki onesten duen Oihenarten atsotitzak jasotzen dira (538) lehenengo; alfabetikoki ondozkaturiko aforismo eta hausnarketa zerrenda bat dator gero (Oharkerac, Esanguiac eta Bibétac) eta, bukatzeko, aipamen sorta bat Mundiren Berritzias. Mosdé Etcheberriren Gogomenac izenburuarekin.

        Egiategiren azken liburua, Aberatstarzun gussién gils bakhoitza izenekoa, Pauen 1782an argitaratuta balego bezala aurkezten da. Bertan «aberastasun guztien giltza» ez ezik Zuberoaren salbabidea ere omen den etxea gobernatzeko jakituria eskaintzen zaio andere euskaldunari (Etchéco anderé huscalduna etchalteco Lanétzas jakinturic aberatz guerthuren déna). Liburu honetan Egiategik emakume frantses batek idatzitakoaren itzultzaile huts bezala agertzen du bere burua.

        Susmo hedatua da idatzi zituen hiru obrotatik bakar bat ere ez zuela argitaratu, nahiz eta iritsi zaizkigun eskuizkribuetatik bitan argitaratzailea, tokia, data eta guzti ematen dituen. Ez dirudi, beraz, ezaguna ez irakurria izan zenik. Guztiarekin ere, interesgarria da ilustrazioarekiko bezainbeste humanismoak aurreko mendearen hondarrean gizarte jokamoldeen eta moral-tratatuen alde berpiztutako joerarekiko erakusten duen lotura hertsia, Egiategiren obrak garaiko ikuspegi moralizantearen eta portaera aldatzailearen ispilu baitira.

 

Bilaketa