Isurketa ideologikoei muzin egin gabe ere, arlo erlijioso hutsean mantentzen dira J.P. Arbelbidek (1841-1905) idatzi eta Lillen argitaratutako liburu mardulak (Bokazionea edo Jainkoaren deia, 1887; Erlisionea. Eskual Herriari dohazkon egiarik beharrenak, 1890, etab.). Baina, edonondik begiratuta ere, garaikide gehienen obrak baino sentsibilitate finagoa eta leunagoa ageri dute. Ildo horretan, agian Igandea edo Jaunaren Eguna (1895) delakoaren «Aitzin Solasak» izenekoa da egungo irakurleak lehiaz dasta lezakeen atalik gozoena. Mintzaira erakargarri eta sotilean bilduta, haren euskararen aldeko aitorpen kartsua bestelako hausnarketa sutsuz lagunduta aurkezten da, betiere mende amaierako Iparraldeko idazle esanguratsu askok pentsatzen eta sentitzen zutenaren erakusgarri.