literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Esparru erlijiosoko forma poetikoen bilakaera motel hartan eragin handia izan zuten liturgiako latinezko erreferentziek eta, batik bat, himnoak eta abestiak hertsikiro euskaratzean (beraien jatorrizko musikak behartzen baitzuen hartara) agertu ziren molde berriek.

        Ildo horretan, aski esanguratsua da Harizmendi saratarraren Ama Virginaren hirur officioac itzulpen-moldaketa (1660). Liturgiako erreferentzien indarrari dagokionez, esaterako, garbi ikusten da nola, liburuaren jatorrizko bertsioari dion begiruneagatik, ez duen aintzat hartzen moldatzaileak sistema tradizional-etxeparearrak ezarriko zion gerruntze estua. Harizmendiren «Hunen eskuen obra da,/ Zerua, lurra, ura» bezalako batean, adibidez, kontzeptuen gradazio teologikoa da sistema zaharkituaren 4/4//4/3 erritmoari gainjartzen zaiona eta ez alderantziz («ura, lurra, zerua» idatziz gero, konponduta zegoen behialako bigarren hemistikioaren barneko etena). Gero eta nabarmenagoa zen, beraz, bertsogileek zerabiltzaten laukoek utzia ziotela ordurako jatorrizko distiko tradizionalen beste idazketa modu soil bat izateari eta beregainki eta harekiko loturarik gabe jokatzen zutela bertso-lerroen taxuketan.

        Molde berrien agerpenean itzulpenek izan zuten eraginari gagozkiola, adierazgarria izan daiteke Harizmendik darabiltzan lauko ezagunetatik aldentzen den forma bakarra. Izan ere, «Ave Maris Stella» bezalako kanten egokitzapen hertsiak ziurrenik euskaraz erabili gabeko neurriak eskaintzen zizkien herritarren begi-belarriei; kasu honetan, 6a/6a/6b/6b ereduko tetrastikoak, latinezko jatorrizkoak baino hoskidetasun gehiagokoak gainera.

        Osterantzean, Sarako koadjutoreak utzitako liburua dela eta, gogoratu baino ez baduela bigarren parte labur bat («bigarren liburua»), prosan idatzia eta kontzientzia aztertzeak, meditazioak eta bestelako gai premiatsuek osatzen dutena. Guztiarekin, Harizmendik erakusten dituen sentsibilitate leunak eta musika eta erritmo senak balio handiagoz hornitzen dute bertsoen atala prosaz idatzitakoa baino. Bertsoetako baliabideen artean, ez dira gutxiestekoak aditzetan darabiltzan geroaldi arkaikoak eta sintetikoak, eta lexikoan lapurtera gipuzkerarekin nahasteko duen jaidura.

 

Bilaketa