Kronologikoki XVII. mendeko lehen bertso-liburuen egilea izan zen Joanes Etxeberriri dagokionez, aurreko mendearen bukaeran jaio bide zen Ziburun (c. 1580). Teologian doktorea eta apaiza. Oihenarten L'Art Poétique Basque delakoan adierazitakoaren arabera (aditzak lehenaldian hain zuzen: «il Escriuoit», «il trauaillait», «il nauoit», «il auroit reussy», etab.), Etxeberri hilik zegoen gutun hura idazterakoan (1665).
Berak idatzi liburuetan agertutako datuengatik dakigu familia aberats batekoa zela (anaia medikuntzan nabarmendu zen, Gilentenak dioenez) eta nonbait itsasontzi-olen tradiziokoa (Etxeberri bera ere ontzigintzan trebatua asmatzaile, diseinatzaile? izan zen, Hirigoytiren poesiaren arabera).
Gai erlijiosozko hiru liburu ezagutzen zaizkio, bertsotan idatziak nagusiki. Halere badirudi besterik ere idatzi zuela. Etxeberrik euskal hizkuntzaren arloan zuen jakituria azpimarratzeko, bere begiez ikusitako gutunez, hiztegiaz eta aditz-jokoen taulez hitz egiten du Oihenartek.
Biografiarekin lotua, itsasgizonen erlijiositatea bideratzeko kezka bizia agertuko duen idazlea da Etxeberri (garai hartan «ez da harritzekoa elizgizonak marinelen subkultura ulertzeko ahalegin bereziak egiten aurkitzea» dio Burkek [1991, 90]; Materrek ere arreta berezia izan zuen haiekiko) eta maiz islatuko du hori ziburutarrak hainbat ataletan. Oihenartek berak jasotzen du haren lekukotasuna: «bere neurtitzak ontzen zituen garaian entzun nion batik bat itsasoan marinelek kanta zitzaten lantzen zituela» (Urkizuren itzulpena).
Argitaratu lehen liburua Manual devotionezcoa, edo ezperen, oren oro escuetan erabilltçeco liburutchoa (Bordelen, 1627) «escarazco versutan eguiña» da eta bi zati ditu: lehenak dotrinaren muina azaltzen du, kristauak jakin behar duena; bigarrenak, otoiztu behar direnak dakartza. Noelac eta berce canta espiritual berriac Iesus Christoren biciaren misterio principalen gañean eta sainduen ohoretan besta buruetacotz (Bordele, 1631). Lau zatitan banatua, bertan Eguberriko kantak, Kristoren bizitza eta misterioak eta Sainduen kantak aurkezten dira. Eliçara erabiltceco liburua (Bordele, 1636) bertsoz eta prosaz idatzia da. Kristauen betebeharrak, otoitzak, konfesioa... dira bertan tratatzen diren gaiak.
Bestalde, Oihenart Egunorozkoa izeneko liburu ezezagun batez ere mintzatzen da bere Arte Poetikoa delakoan.
Euskal irakurleen artean izandako harrerari begiratuz gero, Etxeberri Ziburukoaren obren arrakasta euskal literaturak luzaroan ezagutuko ez zuen bezalakoa izan zen, oso edizio kopuru handia izan baitzuen. Noelac liburuak, esaterako, sei bat edizio izan zituen XVII. mendean barrena. Zinez pentsa daiteke, beraz, Etxeberriren liburuek eragin handia izango zutela irakurleen imajinariorako eta, batik bat, parametro poetikoetarako erreferentzia bihurtzen ziren heinean.
Eta zinez galde daiteke baita ere ez ote zuen arrakasta haren ondorioen beldurrak areagotu Oihenartengan kritikaren premia, izan ere, poesiari zegokionez, «arrunkeria» poetiko haren zabalkundeak ateak ixten baitzizkien molde berriak sartzeko ahaleginei. Irakurleak «eginegi» zeuden poesia molde haietara (bertso asko eta asko buruz ikasita, hain zuzen), proposa zekizkiekeen berrietan barrena abiatzen hasteko.
Produkzioaren tamaina erraldoiak behar zuen eskema irmo eta aldagaitzagatik, eta Etxeberrirentzat bertso-moldea mezua erraz ikasarazteko eta hedatzeko baliabide mnemotekniko hutsa zelako («Hartaracotz iaquiara diat versus eçarri,/ lasterrago ikhas eta maizago aipagarri» dio Manual-ean), haren eredu ohikoena eta ezagunena ez zen tradiziotik eta Etxeperek erabilitakotik aldenduko: 15 silabako bertso-lerroa (4/4 // 4/3, nahiz eta badiren luzeagoak eta motzagoak ere), hoskidetasuna elkarren segidan dauden bertsoetan emanez.
Adierazi bezala, ez zen hura Oihenarten irizpide klasikoen gogoko gertatu. Kritikatu ere, gogor kritikatu zuen hark ziburutarraren bertso-lana, mauletarraren benetako xedea, azken buruan, Etxeberrirena arau finkorik gabeko poesia zela erakustean baitzetzan eta euskaran aplikatu beharreko omen ziren poesi parametro berriak definitzean.
Kritikak, halere, agerian utzi zituen Etxeberriren estiloa eta ezaugarri nagusiak eta, aldi berean, zeharo perspektiba desberdinean kokatzen zen Oihenarten ikuspuntua ere. Etxeberrik, haren arabera, literatur tradizio kulturik gabeko bertsoak erabili zituen eta bortxatu egin zuen euskal hitzek azken silabetan omen zuten kantitatea. Gainera, elisio-sinalefak apeta hutsaren jitoan uztea ere leporatu zion eta ez zion ontzat hartu 15 silaba osatu ahal izateko, mugatzailea inoiz izenari eta adjektiboari, biei, jartzeko erakutsi zuen arinkeria.
Eta egia da Etxeberriren bertsoek askatasun handia hartzen zutela sintaxi arloan (adjektiboa eta izena edota partizipioa eta adizki laguntzailea elkarrengandik urruti edota bi bertsotan banaturik), eta ez zutela inolako eragozpenik bestelako okerrak egiteko ere (bertso-lerroari zegokion zesura edo etenketa hitzaren erdian egitea, silabak bikoiztea [baterere, dadillala...], potoak, etab.). Baina ezin da ahaztu, halaber, literarioak ez ziren bestelako parametroetan eta bestelako helburuekin ziharduela Ziburukoak bere liburuetan, kezka estetikoa ez zela hain zuzen bertsogileak une haietan buruan zuen larriena. Eta ondo ulertu zuen Oihenartek hori guztia, zeren eta honela mintzo baita balorazioa egitean: «epaitu dezakegu batez ere karitateak eraginik eta ez anbizioak edo handigurak, baizik eta benetako eliz-gizon baten gisara bere lagun hurkoaren probetxurako garrak bultzaturiko idazle bezala» (Oihenart, L'art Poétique Basque, 57 or.).
Zeinahi gisaz, kritika hark ez bide zion garrantzi gehiegirik eskaini Etxeberriren jokamoldearen azpian zetzan arazoari. Sintaxi unitatearen eta erritmo unitatearen arteko batasuna finkatzen zuen arau tradizionala esaldi bakoitzeko bertso-lerro bat taxuarazten zuena eragozpen bilakatzen hasia zen deboziozko manual hutsa baina askoz gehiago izan nahi ez zuen liburuaren garapenean.
Obraren ezaugarriengatik nonbait (ez da ahaztu behar kantu, himno eta abestiek osatzen dutela liburua), bere bigarren liburua izango zen Noelac-en (1631) arindurik eta aldaturik aurkeztu zuen Etxeberrik Etxepareren ildoko eredu tradizionala, ohiko bertso luzea erdibituz (8/7a) eta distikoa lauko ertain bihurtuz, Hegoaldeko literatur sariketetan agertutakoen antzera. Grafikotasunak berak ere laguntzen ziola, ez zirudien metro berriak aurrekoa bezain estua barne-etenetan eta posibilitate gehiago eskaintzen zuen bai modu zaluago batean jokatzeko, eta bai eredua aberasteko ere. Argaignaratzek, esaterako, (eta Pouvreauk, eta Etxeberrik berak) gogotsuki ekingo zion laukoak 8a/7b hoskidetasunaz hornitzeari.
Oihenartek, dena den, Manual-eko zabarkeria berdintsua ikusi zuen Noelac hartan eta ondoren etorriko zen Elizara erabiltzekoa-n, eta ez zituen ontzat hartu handik aurrera ematen hasiko zen formatu berriaren aitzindari gisakoak, ez eta estrofen arloko «berrikuntzak» ere (hiru puntuko xehea hamaika silabako bertso-lerroz osatua, edo, nahi bada, 6/5a/6/5a/6/5a, etab.).