literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

PROSAREN FINKATZE URTEAK

 

        Parametro kontrarreformistetan hitz lauz argitaratzen den lehen liburua Estebe Materre frantziskotar frantsesak egindako Dotrina Christiana da (1617, Bordele). Eukaldun berria izanik, haren «etçait iduri asco dela Cadiratic predicatuz probetchu eguitea baiña are uste dut esquiribatuz ere behar dela enseyatu eta trabaillatu» hark, abiapuntua predikazio erlijiosoan zuen literatur eredu baten hasiera ekarriko zuen praktikan. Aldarrikapen harekin egituratzen hasten zen ereduak, beraz, zor handia izango zuen sermoigintzako teknikekiko; eta ezaugarriak prosaren moldaketan islatuko ziren batez ere.

        Kanpotik etorria, 1617tik aurrera Materre Euskal Herritik at ibiliko zen (La Réole-ko komentuko zaindaria hasieran, 1623an Toulouseko komentuan gero...). Urte hura izan zen Dotrina Christiana argitaratu zuenekoa, nahiz eta, geroago, 1623an, obra beraren beste edizio bat kaleratu zuen, «othoitz eta oracino batçuez berreturic». Egia esan, lehen edizioaren alerik ez zen geratu eta lehendabiziko hartan oinarritutako bigarren edizioa da egun ezagutzen dena. Hartan, taxuketa berria emateaz gainera, lehen parte biak bezain mardula zen hirugarren parte bat ere erantsi zion Materrek liburuari, hots, «Debocinozko othoitz eta oracino batçuek bere demboretan eguin eta erran behar direnac» izenekoa. Parte hartan da marinelei eskainitako zatia, Etxeberri Ziburukoaren Manual Devotionezkoa-ren (1627) aurrekari izano zena.

        Bitxia da Materrek zegokion eginkizunaz zuen ikuspegi aratza. Eliza katolikoa, Leizarragaren erreformatua ez bezala, fedearen oinarrizko kontzeptu berriztatuak, aginduak eta otoitzak euskaraz biltzen zituen obra baten faltan zegoen. Hitzaurrean bertan aitortzen zuenez, bazekien frantziskotarrak ez zegoela horrelako liburu katoliko oinarrizkorik euskaraz (Etxepareren Dotrina Generala nonbait desagerraraziak ezin ase zezakeen premia hura) eta berari zegokiokeela prestatzeko eginkizun hura: «nola lanac cimendutic behar baitu hassi, eta gure salbamenduco obraren cimendua baita Doctrina Christiana, halatan nic ere [...]» (xii. or.).

        Eta zimendu hori kontrarreformak euskaldun katolikoei irakurle izateko eskaini zien lehen aukera gertatu bazen ere, beste hamar urte itxaron behar izango zuten gero irakurle haiek zimenduen gaineko idatzizko eraikuntza jasotzen ikusteko. Hamar urte haiek, beraz, Materreren liburuarenak izan ziren esklusiboki.

        Bestalde, aitortzekoa da, praktikan, Materreri dagokiola lapurtar idazleek erabiliko zuten hizkuntz ereduaren hautuaren meritua; ezinbesteko hautua, alabaina, «ez paitaquit nic hangoa baicen» (xv. or.). Arrazoi ezberdinengatik aitzindariek duten erakargarritasun indarra dela eta, aurrerantzean Sarako hizkerak eramango zituen prestigioa eta ospea (eta, ondorioz, idazteko lehentasuna), eta, josteko hari malgu-leun-hauskaitzen antzera, laster bilakatuko zen hainbat eta hainbat idazleren obren ezaugarri komun.

        Ezaguna den bezala, hautu haren proposamenaren zehaztapena, Axularren hizkuntz ereduaren inguruan gauzatua, Etxeberri Sarakoaren eskutik etorriko zen handik ehun urtera. Ezin da ahaztu, halere, Materrek literatur hizkera haren kodetzean eta taxuan izan zuen garrantzia, are handiagoa dena zertxobait lehenago bizkaieraz (Betolatza), urte haietan goi-nafarreraz (Beriain) eta mende bat beranduago gipuzkeraz (Otxoa de Arin) egin ziren lehen doktrina-lanetakoekin konparatzen bada. Materrek erabili grafia sistema ere «zilegizko» lehen erreferentzia suertatuko zen hurrengoentzat, nahiz eta, kontraste gisara, Axular espresuki desmarkatuko zen hainbat puntutan frantziskotarrak proposatutakoetatik.

        Hortaz, eredugarri eta didaktikoa izateko ere eskaini baitzuen frantziskotarrak bere idazlana («ikus dadin halaber nola behar den Euskaraz eskiribatu eta irakurtu» [xiii. or.]), garbi markatuak geratu ziren ipartarren aurrerantzeko ildo nagusiak. Baina ez bakarrik lapurteraren hautaketari eta hizkuntz arazo formalei zegozkienak.

        Leizarragak taxutu zuen hizkuntz kode —asmoz— bateratzailearen xedeekin hautsiz, kontrarreformismoaren jokamoldeak tokian tokiko hizkeretan idazteko gonbita zekarren bere baitan, euskalkien mugak gainditzeko inolako kezkarik azaldu gabe eta horretarako premiarik ere usnatu gabe. Gonbit hori eta, xede pastoralek hartaraturik, idazteko erregistroa eta lexikoa parametro xumeetatik bideratzekoa ere.

        Dela urrunera begiratzeko biserarik edo beharrik ez zela, dela bestelako arrazoi piadosoak gertatu zirela eragile, koxka da handik aurrera euskal panorama ideologiko monokromo hartan nork bere aldetik jo zuela idazteari ekiterakoan, eta, gerora, ezinbestez errespetatu beharreko arau bilakatu zela hizkera partikularren erabilera idatzizko testuetan. Poliki-poliki, ugaltze itsuaren aldarean ahaztuko ziren hizkuntz kode bateratuaren premiari buruzko kontsiderazio guztiak.Denbora kontua baino ez zen izango, bada, goinafarreran idatzitakoak ere gipuzkerara «itzultzeko» beharra eta ausardia izango zituen eskribauren bat agertzearena.

        Ereinda geratzen ziren, beraz, euskal literaturak ezagutuko zuen atomizazioaren lehen haziak.

        Baina kontrarreforma garaiko ekoizpen idatziaren harira itzuliz, gogora bedi, Materrerenaz geroztik, liburu galdu baten lekukotasunaren hutsunea nabaritzen dela euskal prosaren bilakaera zuzen baloratu ahal izateko: Argaignaratzen Avisu eta exortacione probetchosac (1641), 12 kapitulutan banatua zegoena. Tamainagatik bakarrik ez balitz ere (Larramendik zioenez, 572 orrialde zituen formatu txikian [in-12]; Pierquin de Gembloux-ek, aldiz, in-24ko liburu bat izan omen zuen begien aurrean, 372 orrialdekoa), kontuan hartu behar da Argaignaratz geratu izan zaigula kezka estetiko «kultuaz» ukitua izan zen idazletzat (gogoratu Etxeberriri egindako akrostikoa eta haren hoskidetasun aberats samarrak). Haren prosa mardula, beraz, erreferentzia garrantzitsua zatekeen Axularrenaren ezaugarriekin erkatzeko eta ahozkotasunarekiko, predikazioarekiko eta erretorikarekiko uztardurak ezagutzeko eta literatur estilo bateratuez eta joera nagusiez hausnartzeko eta finkatu ahal izateko.

 

Bilaketa