literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Bernart Etxepare, kronologikoki Euskal Literaturak ezagutzen duen lehen liburuaren idazlea, 1475aren inguruan jaio bide zen Sarrasketa-n (Donibane Garazi ondoan).

        Eiheralarreko erretore bilakaturik, badirudi Biarnon izan zela espetxeratua gehiegi argitu ez diren arrazoiengatik. Dena den, baliteke Nafarroako gerran Gaztelako erregearen alde azaltzeagatik gertatu izana, beamondarren alde eta agramondarrekin bat zegiten Albretarren aurka, hain zuzen. Fernando Katolikoa hil ondoren (1516), Nafarroa Beherean nagusi ziren agramondarrak Gaztelakoen kontra altxatu ziren Nafarroako Joan III.aren oste biarnotarren laguntzarekin, Donibane Garazi setiatuz eta irabaziz harik eta, 1520an, Gaztelakoek berriro kendu zieten arte. Donibaneko bikariotza eman bide zioten Etxepareri orduan. Karlos V.ak Foix etxeari (Albretarrei hain zuzen) baxenafar lurraldeak itzulitakoan, Etxepare kargutik kendua izan zen, Biarnora deitua eta denbora laburrez espetxeratua (etsaien salaketa faltsua izan zela dio berak autobiografikotzat hartua izan den poeman).

        Geroztik, Eiheralarreko parrokiara itzuli zen. 1559ko Sinodaletan azken aldiz aipatzen da Etxepareren izena, baina ez Eiheralerreko erretore bezala.

        Linguae Vasconum Primitiae liburuarekin (Bordele, 1545) Etxeparek euskal literaturak izan zezakeen estreinako saiorik egokiena utzi zien euskaldunei, zinez obra gozo, alai eta itxaropentsua idatzi eta argitaratu baitzuen.

        Liburuaren lehen edizioko ale bakarra kontserbatu bada ere (Parisko Biblioteka Nazionalekoa), Oihenartek bere Arte Poetikoan esaten duenez, Erroaneko Adrian Morront-en moldiztegian ere argitaratu zioten behin; 1545az geroztik, baina. Nolanahi ere, ez bide zitzaion ezagunegia izateko aukerarik eskaini liburuari, ez Pouvreau-k eta ez Larramendi-k ez baitute aipatzen beren hiztegietan. Balorazioen atalean ere ez zuen arrakasta gehiegirik erdietsi garaztarrak, poeta kaskartzat hartu baitzuen handik mende luze batera haren obraz mintzatu zen kritikari bakarrak, Oihenartek hain zuzen.

        Edizioari buruz, dena den (eta horrek liburuaren ustezko egituraketaz ere mintzarazi du), bada zalantzarik azaldu duenik. Ale bakar horretako azken orrialdeko oharrean oinarrituta (1545etik aurrera, eta hiru urtez, obra argitaratzeko eskubide guztiak Morpain editorearenak izango zirela dioena, alegia) eta liburuan zehar hainbat pasarte ulergarri egiteko zein «neurkera» egokia izateko falta bide diren zatiak ikusirik, inoiz adierazi izan da beste argitalpen bat egon zela, ezagutzen dena baino lehenagokoa. Liburuan antzematen diren idaztankera desberdinek ere hipotesi horren alde joka lezakete nonbait.

        Garaziko baxenafarreran idatzita, liburutto honek 28 orri (56 orrialde) besterik ez du. Bernart Leheteri eskainitako hitz lauzko gutunaz gainera, guztira 1.159 bertso-lerro osatzen duten 15 poema ditu: bi poema gai erlijiosokoak (595 bertso-lerro), 10 poesia amodiozko (403 bertso-lerro), poema bat egilea kartzelaz zigortu zuteneko autobiografiarekin (102 bertso-lerro) eta pare bat «kopla» euskararen goraipatzeko (40 eta 19 bertso-lerro, hurrenez hurren). Azken bi hauek berdintsuak dira tematikaz eta, hein handi batean, formaz ere, nahiz eta bakoitza dantzarako musika zehatz baten arabera eginda egon, hots, bata espainiar eremukoa (Kontrapasa) eta bestea Frantziakoa (Sautrela).

        Liburuaren helburua argi adierazi zuen autoreak hasierako eskaintzan: «bascoac bercec beçala duten (= izan dezaten) bere lengoagian scribuz cerbait doctrina eta plazer harceco, solaz eguiteco, cantaceco eta denbora iragaiteco materia». Hortaz, erlijioa lantzeko, solas egiteko eta gozatzeko egin zituen sarrasketarrak —haren hitzak darabiltzagu— «euskarazko koplak». Eta, ez bedi ahantz, kantatuak izan zitezen ere egin zituen Etxeparek poemok, kantatzeko eta, bertsoen funtzio mnemoteknikoa kari (metroaren egitura finkoak eta formula eta epiteto errepikakorrek biziki laguntzen baitiote oroitze prozesuari), baita gai haiek buruz ikasteko ere.

        Horrezaz gainera, horietako lauk («Potaren galdatzia», «Amorez errekeritzia», «Amorosen disputa» eta «Amore gogorren despita» hain zuzen), neska-mutilen arteko elkarrizketa diren heinean, antzeztuak edo pertsonaia desberdinekin jokatuak/kantatuak izateko eginak irudi lukete.

        Nonbait literatur bakantasunak areagotuta, Etxepareren poesia liburuak eztabaida biziki interesgarriak sortarazi ditu, eta ez dira ñimiñoenak haren adskribapenari dagozkionak, idatziz jasotzen eta islatzen duen ahozkotasunarenak edota, azkenik, darabilen metro motarenak.

        Lehenaz denaz bezainbatean, zuzena dirudi Lafonek (1951, 312) bi erredakzio une edo estilo ikusteko izan zuen intuizioak. Eta interesgarria da egiaztapena, batez ere atzemaniko une horiek Etxepareren sentsibilitateaz eta kultur ikuspuntuaz mintza litezkeelako. Izatez, liburuan badira bi atal —hiru, hitzaurre moduko eskaintza aintzat hartuz gero—, erredakzio berriagoa azaltzeaz gainera, Erdi Aro berantiarreko baloreez harantzagoko sentsibilitatea erakutsiko luketenak, ez beti desberdinegia, dena den. Bi sentsibilitate horietatik zaharrena nagusiki poesiaren formari atxikia nabarmentzen den bitartean, berriena uztartuago legoke ideien munduarekin.

        Ildo horretatik, beste materia guztia biltzen duten aitzinsolasak eta dantza-musikan oinarritutako azken poema biek —«Contrapas» eta «Sautrela» izenekoek— hizkuntzarekiko hausnarketa (eta horrekin lotuta, inprentaren balioaren eta teknologia berri horrek hizkuntzari ekarriko zizkion abantailen aldeko balorazioa) eta sentsibilitate errenazentista erakusten dituzten bitartean, poema erlijiosoak eta, batik bat, maitasunezkoak Goi Erdi Aroan amodioa ulertzeko ereduen inguruan eraikita leudeke. Izan ere, kristautasunean oinarritu maitasun hori ontasun eta edertasunaren iturritzat hartzen du poetak; aldi berean, emakume debekatua —besterena, hain zuzen— objektu izan ohi du. Jakina, sarritan erabiltzen den «sekretuki mintzatzea» formula maitasun-mota horrek berezkotzat duen zerbait da. Era berean, erotismo ukitua izan arren, haren amodio poemetan ez bide da sexu-maitasun hutsa bilatzen. Maitatzea «zerbitzatzea» da eta, nahiz maitasunagatik hartutako «pena» gogorra izan, ez da benetako penatzat hartzen, zoriona ekar dezakeen bertute gisa baizik.

        Baina Etxepareren sentsibilitate horien alderdirik pisutsuenak gehiago egingo luke Erdi Aroko eredu zaharretarantz errenazimendukoetarantz baino. Eta ez dirudi bestela mintzo direnik obraren egituraketa eta bertso mota bera ere. Egia da eraketa berezia eta arrazionalegia ikusi nahi izan dela bertan, batez ere sentsibilitate «zaharrari» dagozkion amodiozko poemen multzoan. Halere, zail da hain egituraketa «arrazionalik» ikusten liburuan. Gehiago lirudike pentsamendu lineala (eta xumea, aldi berean) bertakoak: dotrina kristaua azaldu eta Ama Birjinaren papera bera laudatu ondoren, koplaria gizakiarenganaino jaisten da, Andre Dona Mariaren ereduaz baliatuz eta nolabaiteko ondorio gizatiarrak (eta maitasunezkoak) atereaz. Hari horretan —eta hau ere kristau eremuetako Erdi Aro berantiarreko ezaugarria litzateke—, San Bernardorengatik hainbeste hedatuko zen Ama Birjinaren kultua emakumearen goratzapenerako faktore gisa agertzen da, Jainkoaren ama izateak, analogiaz, beste emakumeen goratzea baitakar.

        Nolanahi ere, bertsoen forma dela eta, ez dirudi Etxeparek Errenazimentuko canon estetikoa betetzeko beharrik ez kontzientziarik izan zuenik. Izatez, ez da haren liburuan antzinate klasiko eredugarriaren eraginik atzematen, eta bai, esan bezala, Erdi Aroko ereduenik. Are gehiago, ahozko bertsogintzaren eragina izango da Etxeparek bere kantekin etengabe erakutsiko duena, bai neurkera eta bai ezaugarri nagusiak ere esparru horretakoak dira eta (formula modukoak, eredu fosilizatuak, errefrauak, errepikapenak...).

        Erantsi behar da kantu zaharretan silabak ez direla derrigorrezko neurri-unitate zehatzak; ez eta bestelako neurtze-arau klasikoak ere. Kantuak direnez gero, kantatzeko ez da arazorik izaten silabak luzatzeko orduan edota elisioak egitekoan. Neurriak, beraz, ez dira ezinbestean poesia klasikokoak bezain hertsiak.

        Erretorearenek ere ez dirudite, strictu sensu, «neurri», bertsoen taxuketari buruzko auziek erakusten duten bezala. «Amorez errekeritzia» delakoan, esate baterako, neurri ezberdinak atzeman zituzten Lafonek (ahapaldi guztietan eredu bera: 7+7+8+7) eta Altunak (ahapaldi batzuetan 7+7+8+7 eredua eta besteetan 8+8+8+8). Eztabaidak, halere, ez dira bertsoen luzera kontuetan agortu. Estrofak aztertzean ere, ez da sekretu bat aipatu «Amorez errekeritzia» eta «Kontrapasa» izenekoen kariaz, Lafonek hiru bertsoko estrofak ikusten zituen tokian, P. Altunak lau bertsokoak ikusten zituela... nahiz eta Etxepareren tipografian lehena distiko gisa agertu eta bigarrena lauko gisa.

        Guztiarekin ere, Etxeparek zerabiltzan bertso moten artean maizenik agertzen dena da eztabaidatuen suertatu dena.

        Eskuarki amaiera-hoskidetasun bereko launa lerroko ahapalditan banatu zituen bere poema gehienak. Arazoa, alabaina, luzaroan hamabost silabakotzat (4/4//4/3) hartu izan den bertso lerroa (eta Oihenartek horrela hauteman zuen) hexadekasilabo gisa planteatu izan denean plazaratu da.

        Metro mota hori inguruko literatura erromanikoetan ezohikoa zela eta, Juaristi izan da, gaztelaniazko bertsoaren azken silabako (azken hitzeko) azentu zorrotzak sortarazten duen luzera bikoitzean oinarrituz (hiru silabako «co-ra-zón» lautan ebakiko litzateke bertso-lerroaren amaieran), Etxeparerena ere azentuatu gisara aztertu duena eta, ondorioz, hamasei silabakotzat aurkeztu.

        Egia da Etxepareren bertsoek ordura arte hizkuntza erromantzeetan agertutako kanta-poesiaren ezaugarri berdintsuak dituztela, batez ere estikomitiari eta bertso-lerro amaierako azentuari dagokienez. Eta Etxeparerenetan unitate sintaktiko eta erritmikoen arteko kointzidentzia era erregularrean atzematen den bezala, susmatzekoa da azken silabaren azentuazioa ere ez zela euskal azentu arruntetik urrun geratzen zen fenomenoa. Horrela, erromantzeetako oxitonia askoz ere bortitzagoa bada ere, euskalkirik gehienen azentukera bikoitzak [+2,-1 formulari jarraituz, «E-txé-pa-rè» eginarazten duena] trauma gehiegirik gabe egoki zitzakeen haietako neurriak eta moduak, nahiz eta ez derrigorrean silaba bat gehiagoren pertzepzioarekin.

        Edozelan ere, eredu hau ez da Etxeparek asmatutakoa, tradizio luze bati zor zaiona baizik, garaiko bertsogintzan ondo txertatua zegoena. Gogoratu, esate baterako, Etxepareren bertsoek orduan bertan Hegoaldeko ahozko tradizioan kantatzen ari ziren poema batzuekin zuten antza («Mila urte / igarota // ura bere / bidean...» delakoarekin, adibidez) edota, distantziak gutxietsi gabe, askoz lehenagokoak ziren latinezko eredu zenbaitekin zutena, besteren artean, Lafonek aipatzen dituen III. mendeko trokaiko haien («Tantum vini habet nemo,// quantum fudit sanguinis») eta kristau tradizioak utzitakoen (IV. mendean San Anbrosiok idatziak: «Apparebit repentina// dies magna Domini») ildokoekin. Esan gabe doa, XVII. mendean ere eurrez agertuko dela Etxeparek testuratzen duen metro mota hau (Etxeberri Ziburukoaren obran, besteak beste).

        Bestalde, ezaguna da bertsoen arteko hoskidetasuna (errima zein puntua) ezinbesteko fenomenoa dela poesia edo bertso asmoa duten testu eta kanta zahar guztietan. Eta oinarri-oinarrizkoena izan daitekeen arren (ikus «Bretainako kantorea»), bertsogintzan ez da inoiz falta amaierako kidetasun fonikorik. Etxepareren hoskidetasuna, begi-bistan dago, herri poesiaren parametro ez landuegietatik gertu mantentzen da.

        Baina bestelako eredu herritarrak ere ez dira faltatuko Etxepareren poemetan, hala nola «Vada neure maytia nic dioxut egia» bezalako formula tradizioan maiz errepikatuak eta abar.

        Haren poesia, bada, ez da nabarmenduko canon klasikoetara hurreratzeagatik, alderantziz baizik: kutsu zaharrari eutsiko dio etengabe, Erdi Arokoarekin apurtu ezinean bailegoen. Egia esan, Oihenartek luzatu kalifikatiboak («vulgares versificatores») zehatz definitu zituen Etxepare bezalako bertsogileak, bigarren hitza garai hartako ohiko bertsogintza arruntaz eta lehenengoa poesia mota haren herri hedapen zabalaz mintzo bailiren ulertu behar direlarik.

        Etxepareren poesiaren herri kutsu horretan oinarrituz, maiz asko bilatu izan da ondoko literaturetako idazleekin erkatzeko aitzakiarik, eta ez da falta, esaterako, Juan Ruiz Hitako Arziprestearekin parekatu nahi izan duenik ere. Ez dirudi, baina, elementu konparagarri gehiegirik dutenik. Eta formari dagokion heinean zenbait antz aurkitu ahal bada ere, berrehun urteko tarte kronologikoak (Hitakoarena 1343rako idatzita zegoen) bestelako «urruntasunak» ere uzten ditu agerian: gizartearen eta planteamoldeen egoera berria, Hitakoak ezagutzen ez zuen inprentaren balio eskerga, etab. Etxepareren mundu-ikuskerak perspektiba berriak zeuzkan begien aurrean, eta ez zen gutxiestekoena euskal esparruko monarken gortea zabaltzen ari zen eredu errenazentistaren haizeak ezagutu izana. Urte haietan Margarita Angulemakoa (1492-1549) zen Nafarroako erregina, prestakuntzaren aldetik nola gustu eta adiskideenetik Errenazimentuko eragin guztiak zituena. Mugimendu berriaren sehaska zen Florentziako Katalina Medici (Frantziako Henrike II.aren emaztea) delakoaren adiskidea, Frantzisko I.aren arreba nafartuak kezka handia erakutsi zuen matematika, margotze eta literatura arloetan aitzindari izateko. Eta Frantzian berria zen dinamika hartaz mintzo dira haren jokamoldeak eta liburuak (Miroir de l'âme pécheresse eta Heptameron , besteak beste) eta baita harenen lekuko izandakoak ere (ikus, besteren artean, Rabelaisek, 1546an, Pantagruelen [...] hirugarren liburuan «Nafarroako Erreginaren izpirituari» egin zion eskaintza esanguratsua).

        Baina urrunetik baino ezin izan zuen Etxeparek hori guztia atzeman, eta agian horrexegatik guztiagatik agertzen zaigu lehen koplari euskalduna Errenazimentuko egitamu literario eta estetikoak gauzatzera iritsiko ez zen sentsibilitate errenazentistako gizon bezala, haren obra idatziaren parametro formalek Erdi Arokoak izaten jarraituko baitzuten.

        Nolanahi ere den, «atarian» (irteera eta sarrera aldi berean, ez ahaztu) izate horrek kritikaren balorazio kontrajarria ahalbidetu du. Ez baita falta balorazio gutxieslerik (Schuchardt, Urkixo...), ez eta guztiz aldekorik ere (Lafonen ustez, Etxepare lehen poeta eta, nonbait, handiena izan zen). Etxeparek isuritako gizatasuna eta naturaltasuna literatur osagaitzat hartuak izan diren aldetik, azken urteetako balorapena, alabaina, gehiago hurbildu da Lafonen iritzietara besteetara baino.

        Etxeparek, hala da, garai bat itxi zuen ireki orduko, euskal literaturak berriro ezagutuko ez zuen garaia. Eta Ovidioren hexametro batean oinarritutako azken esaldiaren bidez besterik iragarri nahi bazuen ere (Metamorfosiak, VII. lib., 518. bertsolerroa), aurrerantzean debile principium hura baino flebil-agoa izango zen segidako fortuna. Damurik, haren obraren bizitasunaren parekorik ez zen berriro azalduko, erlijioak kutsatua agertuko baitzen geroztikako literatura guztia. Eta ondorioz, bizitzaren eta literaturaren arteko loturarik eza gailenduko zen luzaroan euskal literatura deituriko honetan.

        Bestalde, Etxepareren obraren aztarnarik gabeko ia erabateko desagerpena dela eta, gogoan hartzekoa da hurrengo urteetan sortuko diren zeinu desberdineko dinamika historiko-erlijiosoek berdin-berdin jokatuko zutela Etxepareren obraren aurka, bai Albretarren erresumaz jabetuko zen mugimendu protestanteak, bai beronen aurka jasoko zen kontrarreforma katolikoak, eta bai, azkenik, toleranteago zen humanismoak berak («Bihoaz, bihoaz haurren belarrietatik oso urruti kristauek etxean eta kalean kantatu ohi dituzten koplatxo hutsal horiek eta bestelako amodio kantaxkak, askoz ere lohiagoak eta lizunagoak direnak jentilen arteko jenderik galduenek ere inoiz kantatu zituztenak baino» zioen Erroterdamekoak bere Enchiridion-en).

        Baina 1545ean Etxepareren alaitasun poetikoak nekez susma zezakeen Nafarroako monarkiaren menpeko inguru haietan prestatzen hasia zen egoera berriaren norabidea.

 

Bilaketa