literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Genero dramatikoaz denaz bezainbatean, eta behin pastoral arloko obrak (75 bat) eta eliz esparruko tradizio ahul bezain gordegabea aparte utzirik, zinez esan daiteke XIX. mendearen azken hogei urteak izan zirela euskal antzerkigintzaren sortze eta indartze-urteak.

        Antzerkigintzak kultur arloan izan zezakeen balioaz oharturik, Manterolaren Euskal Erria aldizkariaren itzalpean antolatu idazle-lehiaketetan laster ekin zitzaion euskarazko antzerkilanak ere sariztatzeari (1882an). Baina, literatur kezkaz honatago, inori ez zitzaion ezkutatzen ikustea eta entzutea besterik eskatzen ez zuen genero dramatikoa jende-multzo handietara iristeko bide ezin egokiagoa zela, ahaztu gabe, noski, haren lengoaia eta umorea oso aproposak izan zitezkeela gizartearen katarsirako.

        Oro har, esan genezake kalitate desberdineko hamaikatxo lan (komediak, bakarrizketak, zartzuelak...) plazaratu zirela horrela Euskal Festetan antolatzen ziren lehiaketen bultzadarekin. Orokorrean, ohitura arloko obrak izango ziren hobetsiak, umoretsuak eta, maiz asko (klasikoen itzulpen zenbait kenduta), foruzaletasunetik abertzaletasunera zihoan esparruko ideologiaz zipriztinduak.

        Edonola ere, genero aurkitu berria behar bezala garatuko bazen, jokatua izateko baldintzak betetzen zituen gune euskalduna behar zuen ezinbestean, antzerkiak, beste generoek ez bezala, antzezpenaren beharra baitu; eta horrek gune egokia behar du aldi oro: jende kopuru handia erosotasunez biltzeko aretoaz bestalde, ikuskizuna garatuko den hizkuntzan diharduten ikusle potentzial aski eskatzen ditu antzerkiak, ahantzi gabe halako ikuskizunetarako aisialdi-mentalitatea ere ez dela inoiz soberan.

        Euskal literaturaren kasuan, hori guztia hiri mailako gune euskaldunek bakarrik ziurta zezaketen joan den mendearen amaieran. Eta horrelako guneak Errenteria, Tolosa... eta, batez ere, Donostia baino ezin izan zitezkeen, azken hau hiri handia, kulturalki dinamikoa, joera berrien haizeak ezagutzen zituena, portzentualki euskaldun gehien biltzen zuena... eta euskaraz idazteko jende gogotsua zeukana. Han garatuko zen nagusiki euskal antzerkiaren lehen abialdia Santo Tomas egunez antolatu ohi ziren Euskal Jaien itzalpean, eta han jasoko zituen lehen ezaugarriak ere (donostiarkeria, baserritarkeria...), euskal antzerkiaren tradizio gipuzkoarrari hasiera emanez. Eta hartan aritutako egile-kopurua esanguratsua bada ere (Soroa, Altzaga, Iraola, J. Artola, S. Baroja, Ganboa, J. Elizondo, A. Barriola, Kateriñe Elizegi, etab.), aitortu behar da beste lurraldeetan idazle bakan batzuen kontua besterik ez zela gertatu antzerkigintzarena.

        Desberdina izango zen, esaterako, gune euskalduntzat gero eta nekezago defini zitekeen hiriburu bizkaitarrak ezagutuko zuen antzerki fenomenoa. Zertxobait berantiarragoa eta aranatarren ideologiatik hurbilago, antzerkiak berezko ohi duen didaktismoa areagoturik azalduko zen. Ezaugarri soziolinguistikoak eta ideologikoak zirela kari, esperientzia hartan ez zen faltako elebitasunaz baliatuko zen antzezlanik ere (ikus Azkuek prestaturikoak). Halere, gaztelaniaz burutuko zen produkzio gehiena. Beste autore zenbaiten erreferentzia izango zen Sabin Aranak, adibidez, antzerki politikoa baino ez zuen landu eta gaztelaniaz (De fuera vendrá... —1898an bukatua—, Libe —1903—, etab.).

        Iparraldean ere urte eta giro haietakoak izango ziren lehen antzerki emanaldiak. Hegoaldekoak baino erlijioari atxikiagoak, instrukzio moralaren eta gizartearen erregenerazioaren aldeko joera erakusten dute ezaugarri nagusitzat.

        Albiste eskasiak Jean Etxeberri uztariztarraren Arroltze Ohoina (Saran oholetaratua 1884an) uzten du Iparraldean garai hartan ezagutuko zen lehenbizikotzat. Urte berean idatzi zuen J. P. Harispek ere Karmela, binaka hoskide diren 12 silabako bertsotan (1886an argitaratua). Hartan hizkuntz ikuspegia da faktorerik azpimarragarriena, hala arlo ortografikoan (Darrigolen eta besteren batasunerako berrikuntzen ildokoa aitortzen du bere burua: k, ge, gi, ç-ren ordez z, etab.), nola hizkerarenean, Hegoaldeko hizkuntza arrunta (ez garbizale ezin ulertuzkoa) hartzen baitu erreferentziatzat. Tematikoki, ordea, gai historiko bati heltzen dio («Altabizkarreko Kanta»-tik hartua) asmaturiko ekintzaren euskarri gisa. Helburu nagusia, dena den, «gure izkuntza ederrarekin, gure aita zaarren balentziak eta indarrak kantatzea ederki aal zela irakusterat eman»

 

Bilaketa