literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Bonaparteren laguntzaileen artean garrantzitsuenetako batek, Emmanuel Intxauspe zuberotarrak (1815-1902) berehala irabazi zuen printzearen gogoa. Izan ere, haren Verbe Basque izenekoak isurtzen zuen jakituriak liluraturik utzi baitzituen bai printze etorri berria eta bai euskararen egarria zuen oro. Abadiak idatzita utzi zuen bezala, «est l'ouvrage capital sur la langue basque».

        Baina euskarari buruzko ezagupenengatik Bonaparteren hasierako gidaria eta itzultzaile ofizialetako bat izan bazen ere, haren lanek (Jincoak gizonarekin eguin patoac..., Maria Birjinaren hilabetia, kantikak eta bestelako lantxo erlijiosoak) ezer gutxi gaineratu zioten literatur esparruari, ez bada Axularren obrari eskaini zion argitalpen berria eta, aldi berean, klasiko urdazubiarrari zor zitzaion omena.

        Ezaguna da ia kasualitatez ezagutu zuela Intxauspek Gero liburua. 1862ko martxoan Abadiak Bonaparteri bidalitako gutun batean agertu bezala, Intxauspek oraindik irakurri gabe zeukan, berak, Abadiak, Bonaparteren ekimenez eta enkarguz, Axularren oroitarrian jartzeko esaldiren bat atera zezan utzi zion Gero liburua. Alabaina, 1864an Intxauspek prestatua zuen mirespenez beterik utzi zuen Axularren obraren edizio berri eta «arindua». Euskal klasiko nagusiaren berreskurapena eta ezagutaraztea ekartzeaz batera, argitalpen hark euskal literaturak premiazko zuen estiloaren inguruko hausnarketa ere ahalbidetu zuen hainbat autorerengan.

        Baina Bonaparte eta Intxausperen ustez Axular idazle arras apaina eta «euscaldun eskribatzalletik iztun ederrena» zen arren, dialektologoaren lankide guztiak ez bide ziren hartan irizkide.

 

Bilaketa