Pedagogikoki antzekoa izango zen handik gutxira Archu zuberotarrak erakutsi zuen ikuspuntua ere. Baina Iturriagarenean euskara egoki eta aberats batez emanda zegoena, Archuren kasuan zama bilakatzen da jatorrizko bertsioekiko gehiegizko begiruneagatik.
Ideologikoki errepublikazalea (Frantziako II. Errepublika ezarri urtean 1848an, alegia, «Marseilesa»-ren euskarazko bertsioa, «Kantu republikanoa» eta beste bi kanta argitaratu zituen Kantu patriotikak foiletoan), Altzurukuko Jean Baptiste Archuk ere (1811-1881) ezin utz ziezaiokeen inspektore frantsesa izateari, eta, ondorioz, bere literatur obrek nekez ezkuta dezakete hexagonoko politika linguistikoa gauzatzeko xede profesionala. Ildo horretatik, ez da harritzekoa La Fontaineren alegia berheziak (La Réole, 1848: 50 alegia) zubereraz jartzean (zuberera aberastuan, Iparralde guztira iristeko asmoa baitzuen, antza denez), La Fontaineren ospea euskaldunen artean zabaldu eta, ospe hartaz eta alegiei zerien «haute philosophie» delakoaz baliatuz, haur euskaldunen artean frantsesa ikasteko irrika sortarazi nahi izatea («...en un mot, de leur inspirer le désir d'apprendre la langue française, et de leur en faciliter le moyen»).
Liburu hartan adierazten zuen bezala, «Uskal-herriko haurrek behar lukete, hola da ja ene ustea, habilenekinko (=vademecum) bat, gramatika bat, zoinekin ikhas ahal dezen berek franzes hitzkuntza». Horrexegatik argitaratu zuen handik urte gutxira Uskara eta Franzes Gramatika, Uskalherrietaco haurrentzat eguina, frantsesa irakasteko xedeaz prestaturiko gramatika arrakastatsua (hiru argitalpen: 1852, 1853 eta 1868an). Bistan da Harrietek mende bat lehenago bere Gramatika escuaraz eta francesez burutzeko aitortu zuen arrazoi nagusiaren parekoa izan zuela Archuk ere irizpide: «emateko lagunza piskabat franzes hitzkuntza ikhasterat enseiatzen diren eskualdunei » (1741).
Lan didaktiko hauetatik at, eta L. L. Bonaparterentzako itzulpenen aurretik (Genesia, Ruthen liburua, Psalmoak,...), Oihenart eta Etxepareren olerkien frantsesezko lehen bertsioa ere burutu zuen zuberotarrak (1847).