Bizkaitar tradizio sortu berri hartan gazteena, Deban jaioa zen Juan Jose Mogel (1781-1849). Bost urte zituela, osaba Juan Antonioren tutoregopera pasatu zen arrebarekin batera aita hiltzean. 1803rako apaiz izendaturik, Markina aldean aritu zen 1811tik aurrera. Karlistaldian Diputazio Karlista izenekoan diputatu, arazoak eduki zituen Kalagorriko apezpikutzarekin eta erbesteraturik ibili behar izan zuen gerra bukaeran. 1841ean berriro zen Markina aldean.
Sermoigintzan erabiltzeko material zaharrenak 1809ko datakoak badira ere, beranduagokoak dira haren obra ezagunenak. Lehenengoa, Basserritar nequezaleentzaco escolia (Bilbo, 1816) ezagunago bilakatuko zen zeharo aldaturik eta beste titulu batekin agertu zenean: Basserritaar jaquitunaren echeco escolia (Gasteiz, 1845). Arras liburu erlijiosoa eta familiari zuzendua, testua baserritarren salbaziorako prestatutako eredu dialogatua da nagusiki, 13 autu edo erakusalditan banatua. Nahi beste eragozpenekin bada ere, uztarketa narratibo xumeei muzin egiten ez dien idazlan honek ondokook baino balio gehiago erakusten du: Egunoroco lan eta erregubac meza santuba ondo enzuteco[...] (Bilbo, 1820), Mayatz-illeraco berba aldijac (Tolosa 1885) edo sermoi gisakoak, etab.