Ildo beretsukoak dira Pedro José Patricio Astarloa Iturri (1751-1821) ordenakidearen maila eta ekarpena ere. Jaiotzez durangoarra, amaren jaioterrikoa du bi liburukitan argitaratutako obran darabilen euskara, Markina aldekoa hain zuzen: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, ceintzubetan azalduten dan Erromaco Catecismua (Bilbo, 1816-1818). Ezer azpimarratzekotan, idazten zuenarekiko izaera herabetia litzateke, nonbait erdal hitzetara ohituegi ziren euskaldunek ulertuko ez ote zuten beldur, euskarazko hitzak gaztelaniazko maileguez lagunduta ezartzen baititu, tartean edo bat jarriz («Iracasbide edo Catecismua», «alsubago edo poderosuago», «verbaldi edo platicac»...).