literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Kronologikoki prosaren aurretik papereratua (1627), idatziz Etxeparerengandik zetorren bertso-formula hoskidea parametro gero eta landuagoen eredura hasiko zen garatzen kontrarreformismoaren garaiko euskal literaturan.

        Etxeparek erabilitako ereduek erakutsi legez, formula zahar haiek ahozkotasunaren mundutik isuritako eskemak islatzen zituzten, eta, beste ezaugarriren artean, ez zuten «neurkera» printzipioa aintzat hartzen, ez neurkera silabiko «kultu-estua» bederen. Erabilera erlijiosorako zentzu praktiko-didaktikoak hala eskaturik, eta belarria hartara egina zuten irakurle-entzuleekiko egokitzapen premian oinarrituz, bertso-abiapuntu harekin ekin zioten bertsogile kontrarreformistek beren lanari, harik eta formula landuagoetara iritsi ziren arte.

        Poesia-asmorik izatera iritsiko zela pentsatzen ez zuen bertsogintza-eredu hartan Ziburuko Etxeberri da hasierako erreferentzia kontrarreformista, eta, zikloa hasitako leku berean ixteko beharra bailegoen, beste ziburutar bat da halaber ibilbidearen beste muturreko sinboloa, ereduen berriztatzailea eta benetako poetatzat hartu izan dena: Gazteluzar, hain zuzen. Bi ziburutarron lehen idazlanen artean igaro ziren hirurogei urteetan, bada, aski bilakaera handia gertatu zen idatzizko bertsogintzaren ikuspuntutik.

        Baina bertsoak paratzeko tekniketatik at, askoz adierazgarriagoa zen sakoneko aldaketa, pragmatismo kontrarreformistaren lerroetan ere gero eta nabarmenagoa baitzen hizkuntzarekin jolasteko ekaitzat hartzen hasia zela bertsoaren mundua, eta ez bakarrik mezu erlijioso zehatz batzuk zabaltzeko tresnatzat. Herabeki bazen ere, bereganatzen hasitako jolas-izpiritu hura eta hari zerion kezka estetikoa izango ziren euskal letrak poesiarantz hurbilaraziko zituztenak.

        Trantsizio moduko hura islatzen zuen idatzizko ekoizpena nagusiki esparru erlijiosoetan emango zen arren, elizak gizartearen bizimoduan zeuzkan omnipresentzia eta pisua (ezin ahatz daiteke osagai liturgiko latinoaren eragin eskerga, jendeak buruz ikasten zituen eliz kantuen bidez gauzatzen zena: «Tantum ergo», etab.) funtsezkoak suertatu ziren herriaren kanon poetikoak sortzeko eta iraunarazteko orduan ere.

        Dela elizaren ereduengatik, dela premia poetiko desberdinengatik, ezaguna da XVII. mendearen hasieran Hegoaldeko testigantza zenbait, aldaketa formal zenbaitez zipriztinduz, ohiko bertso eredu hartan bideraturik joan zela. Izatez, Iruñean 1609an egindako olerki-lehiaketan lehen, bigarren eta hirugarren saria jaso zuten Pedro Ezkurra-ren, Mikel Aldatz-en eta Joan Elizalde-ren poemak 15 silabako distikoak lauko (ez beti erregularregiak) bihurtuz taxutu ziren, hiru laukoren ondoren leloa errepikaturik. Hurrengo urtean saria eraman zuen «erromantze on» bakarra ere, Martin Portal izenekoak ondutakoa, ildo berekoa izan zen, nahiz eta ia arras monorrimoa.

        Testu eta bertso bildumetan ikus daitekeenez, ez dira asko Eliza eta erlijioaren eremutik kanpo geratu zaizkigun lekukoak. Baina, guztiarekin, joera berdintsuak atzematen dira kantuen parametroez baliatuz taxutzen ziren bertso haietan. Neurkeraren aldetik, eta kontaketa-gorabeherak ahaztu gabe (dialektalak edota bortxatuak barne), arrunta izango zen bertso bikoitiek (errimatuek, alegia) bakoitiek baino silaba bat edo bi gutxiago izatea. Bestalde, kontsonantziatik hurbiltasun fonikoraino mugituko zen hoskidetasuna, ohikoena egun puntu-tzat ulertzen denaren parekoa izango zelarik (hizkuntza azentudunen literatur tradizioaren eragina zela eta, eskuarki «asonantzia» bezala definituko zuten garaikideek).

        Praktika horren lekuko aparta da Rafael Mikoleta. Apaiz bilbotar honek (1611-?) argitaratzeko prestatu liburuan (Modo breve de aprender la lengua vizcayna, 1653an idatzia baina argitaragabea 1880ra arte), eta «Modo de la vizcayna poesia y sus versos» izeneko atalean honako lau poesia eredu hauek erabili ohi zirela dio:

        «Dexando a las coplas de lelori, lelori, que suelen cantar las moças los días festiuos, que no entran en la mas graue poesía vascongada, ordinariamente ay en nuestra lengua dos modos de versos, y entrambos se componen de assonantes como los romançes de la lengua castellaná, y a este simil, los llamamos nosotros Vasquenses: son pues, como digo, dos los generos de nuestra Poesia; digo hablando generalmente; porque abajo dire de otro genero de Versos que no son vulgar» (33 or.)

        Beraz, lehendabizi poesia «larriaren» arloan sartzen omen ez zena: «coplas de lelori, lelori» izenekoak, neskatoek jai egunetan kantatuak zirenak. Bigarrenik, euskaldunen artean hedatua eta arrunta omen zena, hots, gaztelerazko romançe-en gisako vazquenze mota bi, «vulgar»-ak direnak, «estos dos son, como dixe, los dos generos de poesia para que, si alguna vez fuere Vm. tentado de alguna locura poetica en nuestro Idiomá, no ygnore el estilo»[34 or.]. Adibideengatik, honelakoak bide ziren: bata lauko txikiez osatua (7-6-7-6: «Amoren contentuac / estaude yrauten, / campoan lorac leguez / dira galsayten»), nahiz eta silaba kopuruan ez beti erregularregiak (eredu horren erabilera hedatuaren konfirmazioa J. Kerexetak Elorrioko parrokian aurkitutako maitasun kantan agertzen da; ik. Mitxelena 1964, 122-123); eta bestea «mas largo a modo de soneto: y se cantá de ordinº por el son que llaman, las vacas, y aunque es a modo de soneto, tambien se compone por assonantes»[33 or.], lauko nagusiez uztartuak, alegia (10-8-10-8: «Dempora baten on oynerechu / baya mudadu nindia / serren penatan vior equida / emon senguidan gloria»). Adibideetatik ondoriozta daitekeenez, bai modu txikian nola nagusian osatutakoak zazpi estrofakoak ziren eta aurkezpen-laukoaren azken bi bertso-lerroak hurrengo lauko bakoiti guztien osagarri ziren, betiere errepika edo leloaren funtzioa zutelarik (gogora bedi, bidenabar, eredu haren hedapenaz eta arrakastaz mintzatuko direla mende eta erdi beranduago Mikelestorenak bertsotan emandako otoitzak ere).

        Azkenik, bere liburua gaztelerazko irakurle kultuei zuzendutakoa zenez gero, literatura handietan «ohiko» omen ziren ereduak ere erabiltzen zirela dio Mikoletak («tambien algunos modernos del Parnasso Cantabrico han escrito dezimas, lyras y sonetos en Vasquenze con los mismos acçentos y consonantes que suelen tener en Romançe»); alabaina, obren gabeziagatik nonbait, argitasunen bat eransteko premia izan zuen bilbotarrak: «pero es obra de poco luçimiento, por los pocos que en Vazquenze entienden este metro» (34 or.).

        Egunotara iritsitako testu eta aztarnetan ez da faltako estrofa eta eredu desberdinen alerik (endekasilaboz eratutako lauko monorrimoak, etab.), baina, edonola ere, Mikoletak deskribatutakoa ez zen mende guztian bertsoz baliatuko ziren obra idatzietan gauzatu Hegoaldean. Antzutasuna zen Hegoaldean euskarari idatziaren arloan zegokion tasuna.

        Adierazi bezala, beraz, Lapurdin azaleratuko ziren arlo honetan izango ziren lehen egileak eta poesiarekin loturiko lehen idazlanak. Eta, poliki-poliki, han libururatuko ziren Etxeparek erabilitako ereduaren inguruko aldaketak ere.

 

Bilaketa