literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Bizkaieraz idatzitako obrei dagokienez, beraz, bi dira bereiz daitezkeen multzoak, obra-kopurutan zeharo desberdinak. Batetik, gipuzkerazko tradizioarekin paraleloki ibiliko zena, prosa erlijiosoaren ildokoa eta tematikoki ere berrikuntzarik ez zekarrena, non Juan Aantonio Mogel, Añibarro, Pedro Astarloa, Juan Jose Mogel eta Fr. Bartolome de Santa Teresa nabarmendu baitziren. Eta bestetik, formalki bederen erlijiozko gotorlekuaren esparrutik aldentzen hasiko zen literatura, batez ere Peru Abarkak eta, maila xumeago batean, alegien azpigenero moralizanteak —beren didaktismoagatik, aurrerantzean euskalki guztietan landuko zenak— osatuko zutena.

        Batean zein bestean, ez da zalantzarik Juan Antonio Mogeli (1745-1804) dagokiola ekarpen berrien aitzindaritza.

        Eibarren jaio arren, Markinakotzat hartu izan da beti Mogel apaiza. Calatayudeko jesuitetan ikasia, beste jesuita bat izan zen —Larramendi, alegia— bere ibilbide teorikoa eta bere obra markatuko zituena. Bizitza pribatuan, bestalde, handik urte batzuetara letra idatzien esparruan leku berezia hartuko zuten Bizenta eta Juan Jose iloben hezkuntzaren ardura eramatea egokitu zitzaion.

        Ospe handiko gizona, lankide eta adiskideen nortasunak eta lekukotasunak ematen dute ongienik haren izaera eta jardueraren berri: Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko bazkidea, Humboldten lankidea eta laguna, Añibarroren eta Agirre Asteasukoaren adiskidea, Azpitarteren lankidea hiztegirako hitzak jasotzeko orduan, etab.

        Prosarako Kardaberaz eta Mendibururen lanak eredutzat, Larramendirenetatik jaso zuen hainbat ikuspuntu sustatzeko teoria, batik bat hizkuntz garbizaletasunari zegokiona. Eta andoaindarraren neologismoen zale agertu ez bazen ere, ohartaraztekoa da hitz zaharrak eta beste euskalkietako lexikoa bildu eta erabiltzeari eman zion garrantzi handia.

        Idazlanez denaz bezainbatean, argitaratu eta argitaragabeen artean ez zaizkio falta Mogeli ohiko apaiz idazle batek idazten dituenak, hots, katekesi eta erlijio heziketara zuzenduak, itzulpenak, apologiak, etab. Confesino Ona (1803), Cristinaubaren jaquinbidea (Asteteren itzulpena, dotrina motza alegia), Cristaubaren Icasbidea edo Doctrina Cristiania (1987, dotrina luzea), Paskalen Gogamenak (Euskalzale 1899), Versiones bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores Autores latinos o demonstracion practica de la pureza, fecundidad y eloqüencias del idioma Bascuence... (Tolosa, 1802) lanak horren erakusgarri baino ez dira. Gipuzkeraz idazteko eragozpenik ere ez bide zuen izan: Confesio ta Comunioco Sacramentuen gañean Eracasteak (Iruña, 1800) eta Cristau Eracasle Euscalduna (1993). Horrezaz gainera, 88 alegia ere utzi zituen bizkaieraz idatzirik.

        Baina, guztiarekin ere, bizkaieraz idatzitako El doctor Peru Abarca, Cathedratico de la Lengua bascongada en la Universidad de Basarte, ó Dialogos entre un Rustico solitario bascongado, y un Barbero callegero, llamado Maisu Juan (Durango, 1881) izenekoak ekarriko zion heriotzaren osteko ospea eta Euskal Literaturaren Historian toki aparta eskainiko. Ezin ahantz daiteke, halere, Mogel hil baino bi urte lehenago bukatutako lan hau ia laurogei urte beranduago argitaratu zela, euskal kultura berpizteko irrikak bultzaturik behialako altxorren bila aritzeari ere ekin zitzaionean hain zuzen. Ordura arte Zarauzko frantziskotarren komentuan egon zen gordeta.

        Oro har, esan liteke Mogelek obra honetan literatur plastizitate didaktikoa eskaini nahi izan ziola Larramendik eta bestek jorratutako esparru apologetiko idorrari, eta, funtsean, mezu apologetiko-linguistiko hori hedatzean eta irakurlea konbentzitzean datzala lanaren xederik garrantzitsuena.

        Formalki, sei autu edo solasaldi dira liburua taxutzen dutenak, Horazioren «Rusticus abnormis sapiens, crassaque Minerva» (baserritarra, eskolarik gabeko jakituna, eta ergela Minerva ikasia) aipuaren inguruan garatuak. Horrela, lanaren bizkarrezur funtzioa betetzen duen oinarrizko hari narratibo xumearen barruan, euskararen munduak eskaintzen dituen berezko jakituria, elokuentzia eta aberastasuna agertuko dira zinezko gaitzat. Mogelek honela ikusi zuen bere eginkizuna: «he juzgado hacer un gran servicio a la patria sacando al teatro público los primores de un idioma que sólo se ha conservado en su pureza original en los desiertos, a donde no han llegado sus corruptores».

        Eranskin gisako azken autua elizgizon biren artean burutzen da, eta gehiago dirudi liburuaren hizkuntz mezu eta ondorio praktikoak elizgizonen arlora eramateko atondua, obraren zinezko osagarria baino. Are gehiago, apaizaren eta fraidearen arteko elkarrizketa hori elizgizonei euskara ikasteko eta lantzeko egiten zaien gonbit garbia da. Horrezaz gainera, beste zerbait gehiago ere eskatzen zaie, alegia, euskal izen baztertu eta zokoratuak batu, garbitu eta «antxiña erdaldunacaz artu-emonic etzan denporetan» zen legez utz ditzaten. Izan ere, Frai Pedro Urliak eranskineko autuan dioen bezala, «gulanguai dagoquee batutea eusquera baztertua». Don Juan de Sandia abadeak amaieran ezarri latinetikako itzulpenek euskararen kultur balio garaia demostratzea izango dute helburu.

        Azkenik, eta liburuaren xede didaktikoa areagotuz, «Nomenclatura de diferentes voces bascongadas, comunes a los rústicos e ignoradas por no pocos de los bizcainos» izenekoa eskaintzen da amaieran, hirurehun bat hitzez osatutako zerrenda alfabetikoa, gaztelaniazko azalpenez lagunduta, irakurleak hitz zailak erraz uler ditzan.

        Argitalpen batzuetan agertu ez bada ere, oso interesgarria da gaztelaniaz idatziriko «Prólogo al lector vizcaíno» delakoa. Bertan, liburuaren tramak argitzen ez dituen hainbat ñabardura agertzen dira, obraren izaera eta norabidea ulertzeko garrantzitsuak. Garbi adierazten da, esaterako, norengan pentsatuz idatzi zuen liburua («estos diálogos no se dirigen a la instrucción de la juventud bascongada, sino a la de los que son tenidos por muy literatos»). Halaber, protagonistaren ezaugarri nagusiak zehaztu ondoren, kartsuki kritikatuko ditu aberriko hizkuntza ikasteko gai ez den jende kultua eta euskararen gaitasunak (filosofi eta zientzi hizkuntza izatekoa, besteak beste) ukatzen dituztenak. Apologia moduko hitzaurre honetan ez da falta Axularren eta Larramendiren baieztapen batzuen sintesia ere: «No hay género de verso a que no se adapte el bascuence. Acúsese pues, no a la lengua, sino a los que no la han cultivado con empeño».

        Asko mintzatu da, oro har, liburuaren generoaz («nobela-saioa», «elkarrizketa nobelatua», «fikzio-lana», etab.), baina egileak berak izenburuan jarri bezala, «dialogo» hitza da obraren izaera ongien definitzen duena, «autuak» alegia.

        Elkarrizketen eredu didaktiko klasiko hau ideiak modu atseginean azaltzeko eta irakurlea hobeto konbentzitzeko taxutu izan da eskuarki. Ildo horretatik, jakina da mezuak dialogoen bidez azaltzearena ohikoa zela antzinate klasikoko literaturan (metodo maieutikoa barne), katiximetan zein garaiko gramatiketan; arlo literarioan murgilduz, errenazimenduko ekarpentzat hartu ohi da dialogoen erabilera hau nolabaiteko didaktismoa erakutsi nahi zuten obretan. Eta jakinaren gainean txertatu zen Mogel tradizio horretan, besteak beste, autuen didaktismo horrek egokiro ahalbidetzen duelako lanbideagatik Mogelek ezin hobeto ezagutzen zuen konbertsioaren eskema klasikoaren garapena: Maisu Juanek karakterizatzen zuen sasi-euskaldun «bekataria» «onbideratu» egingo da (euskaldun zintzo bihurtuko, alegia), jakituria eta «grazia» berezko dituen Peru Abarka euskaldun petoaren irakaspenen bidez.

        Baina Mogelek ongi zekien zer aukeratzen zuen, zeren eta, bestelako generoetan ez bezala, autuen ezaugarri nagusia mintzakideak, denbora eta espazioa, aldi oro, ideien eta garatu nahi den tesiaren menpe egotean baitatza, eta, ondorioz, argumentazioaren prozesu logiko zein erretorikoaren menpe. Antzerkiko elkarrizketan, aldiz, mintzakideen karakterizazioaren araberakoak ohi dira ideiak, pertsonaien historia pertsonal zehatzak baldintzatuak eta ekintzara zuzenduak.

        Autuen literatur tradizioa, beraz, ezin hobeto egokitzen zitzaien Mogelen asmoei. Eta Platonenganaino iristen den tradizio luzearen pisua eta prestigioa izateaz gainera, hitz lauz idazteko ohiturak biziki laguntzen zuen generoaren hautuan. Jakina, tradizio horrek berak erakusten zuen bezala, pertsonaien karakterizazioa errazago, buruhauste gutxiagoko eta desbideragaitzago bilakatzen zitzaion autoreari, pertsonaiek mintzatzeko gertu egon behar baitute beti, beste ezer egin gabe, bilakaera propiorik gabe eta, betiere, autorearen esanetara. Halaber, autuak, dialogo didaktiko oro, argumentaziora bideratuak diren heinean, denbora eta espazio koordenadak ez dituzte ezinbesteko; aski dute hasiera-hasieratik markatutako funtsezko marko bat. Horrexegatik hain zuzen, elkarrizketa arrazonamendu-prozesuaren arabera antolatzean eta banatzean, ez da eragozpenik izaten gaiak edota ziklo naturalek eskatu ahala aurrera egiteko argumentazioan; nahikoa da apunte bat egitea: «gaua da», «bazkaltzeko ordua», ...

        Guztia ematen da Peru Abarka-n. Halere, bada autu klasikoekin bereizten duen faktorerik, hizkerarena batik bat. Normalean hizkideek lengoaia-maila berdina eta normaldua darabilten arren, Mogelenean hizkera bera tesiaren ezinbesteko elementu bereizgarria da, eta horretan dautza, hortaz, haren salbuespena eta desberdintasuna, pertsonaiei esleitutako funtzioaren araberako karakterizazio linguistikoa ezartzen baitzaie hizkeran ere.

        Hori horrela, konbentzitze-prozesua garatzeko baino balio ez duen tentsio-eskema xume baten inguruan harilkatu zuen Mogelek Peru Abarka-ren argumentua: Peruk eta Maisu Juanek kasualitatez ezagutzen dute elkar bentan. Juanek ez du ordaindu nahi eta, eztabaidan, bentaria zauriturik geratzen da. Lehen sendaketa egin ondoren, Perurekin batera joango da Maisu Juan haren etxera. Bidaiaz baliatuko da protagonista baserri giroko mundu eredugarria erakusteko eta Maisu Juanen begiak irekitzeko; baserriak, jendeak, lanbide ezberdinek, lexikoak, kantek eta abarrek osatuko dute euskararen inguruan eratutako mundu hori. Azkenik, gizarte-justizia saihestuz, Peruk utzitako jantziekin egingo du alde Maisu Juanek, autuak ezin modu sinbolikoagoan bukatuz, baserritarraren arropak jantzita eramateak barkazio eta konbertsio erlijiosoarekiko damaion paralelismoarekin, alegia.

        Ondorio gisara, baserritarra, baserritar oro, maisu agertzen da euskararen arloan. Bera(ien)gandik behar da ikasi. Benetako konbertsioa, bada, Maisu Juanek sinbolizatzen duen jendeak «baserritarretan daguala eusquera garbija» onartutakoan emango da. Hizkuntza hori da, beraz, eredua, eta batik bat elizgizonei —euskaraz idazten eta irakurtzen zekiten bakarrenetakoei, noski— omen dagokie eredu horren aberastasuna jasotzea eta erakustea. Hori, eta Peru bezain eredugarriak diren euskaldunak «sortaraztea», erantsi beharko litzateke jarraian.

        Eta eredu eta hiztun horiek izango dira gero hizkuntzaren barneko baliabideak erabiliz —ahalik eta mailegu gutxien, beraz— hizkuntza aberasten segituko dutenak: «gauza barrijac icen barrijac biar ditube. Eta icen barrijac emoteco, ez dau iñoren biarric eusqueriac», horretarako aski baitira euskara eta behar bezalako euskaldunak.

        Pertsonaien irudikapena haien arteko desberdintasunak areagotuz eta nabarmenaraziz bideratuko da. Horrela, Peru baserritar ezikasi eta euskaldun elebakar petoa langilea, fededuna, tradiziozalea, eskuzabala, zintzoa, etab. den bitartean, Maisu Juan bizargin kaletar elebiduna Madrilen ikasten izandakoa da, fede eskasekoa, ahula, anker samarra... eta euskara gaiztoa baino egiten ez duena. Janzkera bera izango da autuei hasiera emateko Peruk, bizarginari aski lotsagabekiro oldartuz, erabiliko duen aitzakia.

        Halere, pertsonaien egiantzekotasunaz denaz bezainbatean, hizkuntzaren erabileratik beretik hasita, Maisu Juan, akats guztiekin ere, errealagoa eta sinesgarriagoa da Peru zuzen eta jakintsua baino, betegintzarrearen aldaezintasuna eta gizakiengan artifizialtasuna besterik ez dena isurtzen baititu Basarteko katedradunak. Mogelek badaki Peruren hizkera eta lexikoa ez direla beti aldarrikatu bezain bizi, erreal eta eguneroko, baina, edozein modutan, ahalik gutxien kutsaturiko hizkuntza darabilen protagonista irudikatzea du xede.

        Pertsonaia nagusien karakterizazioan bainoago, ez da falta haien izenetan-eta jolas autobiografikorik ere ikusi duenik. Azken dialogoan agertzen diren bi elizgizonak, esaterako, Añibarroren eta Mogelen irudikapentzat hartu ohi dira normalean.

        Bestalde, eta inoiz besterik esan bada ere, ez dirudi obraren adskribipen neoklasikoa antzerkirako arautu unitateetan oinarri daitekeenik. Izan ere, lau egunetan garatzeaz gainera, autu hauetan ez dago denboraren kontzientzia handirik, ez eta tokiarenik ere; eta agertzen diren leku desberdinak ere lotuago daude ispilatu nahi den bizitza mota aberats, aske eta tradizionalarekin, «tokitasun» kontzeptuarekin baino. Obraren izaera neoklasikoaren arrazoia, beraz, hurbilago legoke Altzibarrek zehaztutakotik: «Peru Abarca es una obra neoclásica en el género y las formas[...]; en la intención didáctica (darabilen elkarrizketa-generoan ere), tanto en cuestiones lingüísticas como morales; y, si se quiere, hasta en la idea de que el euskara se puede cultivar literariamente, como la lengua latina y otras. También parecen neoclásicos algunos elementos ideológicos, como, por ej., vivir como los antepasados [...]. O la sencillez en las costumbres, el amor a la naturaleza y a lo antiguo. Las ideas que aparecen en las arengas latinas son, desde luego, del gusto de los neoclásicos, como, por ej. la austeridad, la marcialidad, el servicio a los intereses de la patria o la República por encima de los intereses personales y familiares [...]. Las costumbres morales y virtudes de la Roma republicana eran un modelo para los neoclásicos» (in Aulestia 1996, 350).

        Ildo neoklasikoetatik barna abiaturik, oroitzekoa da lehen alegilaria izan dela Mogel euskal literaturan. Alabaina, beste autore batzuk (Bizenta ilobak eta Zabala eta Uriarte frantziskotarrek) jaso zituztelako dira ezagunak Mogelen alegiak, berak ez baitzituen argitara eman. Baina aurrerago ere izango da horretaz eta haren ondoren sortutako «tradizioaz» mintzatzeko aukerarik.

 

Bilaketa