literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Bidegarairena gabe, Joanes Etxeberri saratarrarena (1668-1749) da euskarari buruz euskaraz idatzi eta iritsi zaigun lehen apologia trinkoa. Jakina, euskal eremuko apologietan ohiko bihurtuko ziren gaietatik at (hebraiera munduko lehen hizkuntza, kantabrismoa, Tubalismoa, euskara Espainia osoan hedatuta...), Etxeberriren ekarpen tamalez eraginik gabekoa planteatzen zituen ondorio didaktiko-praktikoetan zetzan, euskararen zinezko «apreziazioa» egin baitzuen etengabe: hizkuntzaren tresnatasuna eta birtualtasuna erakusten eta haren iraupen literariorako proposamenak eta bideak aurkezten.

        Etxeberriren iritziz, euskal hizkuntzaren antzinatasunaz gain, haren noblezia eta hasierako garbitasunean mantendu izana zen liluragarriena. Hizkuntza neolatindarrekin erkatuta, euskararen aldagaiztasuna nabarmen ikusten zuen, nahiz eta, jakina, garbi bereiztu zituen kanpotik etorritako maileguak euskarak berezko zituen lexiko eta oinarrizko elementuetatik (hizkuntzaren hezurdura deklinabidean eta aditz konjugazioan datza). Baina mailegatze hura gauza berriei izendapen berriak ematekoa baino ez zen.

        Apologiaren alderdi didaktiko-praktikoaren esparruan, azpimarratzekoa da literaturan euskalkiak gainditzeko premia ikusi izana eta literatur hizkuntza bakarraren alde egin zuen aldarrikapena. Horrela, lapurteraren tradizio emankorraz ohartuz eta tradizio haren sortzeko erakutsi malgutasun eta kalitateaz jabetuz, Sarako hizkuntza proposatuko zuen idatzizko (= literatur) eredu gisa, onena baitzen haren ustez. Horrezaz gainera, kanon klasikoen garrantzia bereganatuz, literatur eredu baten premia ere azpimarratuko zuen. Antonomasiaz klasikoa, euskal idazleei erreferentzia bezala proposatzekoa, Axular izango zen, «eskuarazko autoretarik hautuena eta famatuena».

        Ezin bestela izan: Etxeberrik darabiltzan hizkuntzak eta idaztankerak berak maisuarenen oihartzun hurbilegia izan nahi dute etengabe, horrelako errepikapenek ohi duten asper kutsua ezin gainditua nabaritzen bazaio ere.

        Axular aitzindari, bat egiten zuen Etxeberrik haren «euskaldunek berek dute falta» delakoarekin ere, eta hargatik, euskara kultur hizkuntza bihurtu nahirik, literatur bideak urratzeko deia zabaldu zuen eta baita behar bezalako tresnak eskaintzeko asmoa agertu ere: lau hizkuntzatako hiztegia, batetik, eta latina (kultura unibertsalera iristeko hizkuntza) bestelako hizkuntzen bitartekotasunik gabe ikasteko gramatika, bestetik.

        Asmoak asmo, hura guztia barnehartzen zuen egitamu apologetiko-didaktikoa bertan behera geldituko zen haren esku ez zeuden arrazoirengatik.

        Paueko jesuitekin ikasi eta mediku bilakatu ondoren, Etxeberrik jaioterrian ekin zion lehendabizi medikuntzari eta Hegoaldean gero (1713an Beran, 1722an Hondarribian eta 1725ean Azkoitian). Profesional estimatua, toki askotatik deitu zuten mediku gisa aritzeko.

        Idazle gisa ere lan mardula burutu zuen, baina, lanbidean ez bezala, haren lanek ez zuten estimatuak izateko aukerarik ezagutu, argia ikusi gabe geratu baitziren gehienak. Haietako batzuk frantziskotarren Zarauzko komentuan egon ziren «galdurik», harik eta, zorionez, Julio Urkixok aurkitu eta argitaratu zituen arte (1907).

        Lanok ez ziren elkarren loturarik gabe sortu, alderantziz baizik. Beroriek argitaratzeko eskabide gisa aurkeztutako «Lau-urdiri gomendiozco carta edo guthuna» delakoan aitortzen zuenez, «[...] Escualdunen pena eta neque hau iccusiric hasi nintcen Escuaraz, Latinez, Francesez eta Espainolez hitztegui baten moldatcen; bide hartaz Escualdun guztiec eta bereciqui ene hertar Lau-urtarrec cembait fagore, eta laguntça içan leçaten gatic; bere herritic camporat ilkhi gabe, cembait hitzcuntçaren parte bederen ikhasteco. Ordea noiz-eta-ere uste bainuen aitcina neramala neure obra, gogora citçaitan deus guti balio çuela ene trabailluac, eta cimendugabeco obraren pare içanen cela; baldin lehenbiciric ez banituen moldatcen Escuarazco lehenbicico hatsapenac, Latin ikhasteco; ceren hauc baitira cein-nahi hitzcuntçaren cimenduac, çainac, eta erroac» (RIEV 28, 400 or.; letrakera etzana gurea da).

        Batak bestea burututa izatea eskatzen zuen, Bidegarairenak bezalaxe, azken batean. Eta Larramendirenak bezalaxe, halaber.

        Nolanahi ere den, Etxeberrik argitaratu zuen lan bakarra Lau-Urdiri gomendiozko carta, edo guthuna (1718) izan zen. Saran bizi zela, Lapurdiko Biltzarrari zuzendutako gutun honetan, Escual-Herriari eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latin ikhasteko izeneko liburua argitaratzeko dirua eskatu zuen (1712a baino lehen idatzia nonbait). Etxeberrik aurkezten zuen metodoaren berme gisa gutunaren eramailea zen bere seme Agustin (geroago Mutrikuko medikua izatera iritsiko zena) agertzen zen, 1718an euskaraz eta latinez besterik ez zekiena.

        Ukatu egingo zitzaion diru-laguntza.

        Ordurako erdi eginak bide zeuzkan izenburuan «Hatsapen» izena daramaten liburuak. Zarautzen aurkitu eskuizkribua ez dirudi inprimategira eramatekoa zenik, duen zuzenketa kopuruagatik lan-zirriborro batez mintzo baita. Hasiera batean 452 orrialde baino gehiago izan bazuen ere, lehenengo 22 orrialdeak eta aurkibidearen azkena(k) galduta daude. Bi parte bereizi ohi dira bertan: batetik, Urkixok Laburdiri Escuararen Hatsapenak deitu zuena (euskaraz eta latinez idatzia), eta, bestetik, gramatika gisako Escual-Herriari eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latin ikhasteko. Gramatikaren lehen eta bigarren atalak izan ezik, latinez eta lapurteraz idatzita dago.

        Esan bezala, bada, eskuizkribuaren lehen zatia (Eskuararen hatsapenak delakoa) apologetikoa da, eta euskararen garbitasunaz, etorkiaz, historiaz eta bestelako abantailez mintzo da Etxeberri. Saratarraren helburu nagusia Marianak eta bestek esana zutena (euskara «rudem et barbaram linguam, culturam abhorrentem», etab. zela) gezurtatzea izan zen eta, aldi berean, euskararen ahalmenak finkatu eta erakustea, latina bezalako kultur hizkuntzetara iristeko nahikoa baliabide zituela demostratzea (hortik, esaterako, euskararen aberastasuna-edo erakutsi nahia latinarekin konparatuta, gramatikan latinezko forma bakoitzaren ordain gisa sortatxo bat ematen baitu euskaraz) eta gero Larramendik El imposible vencido-n bikainki burutuko zuena egitea, hots, euskarak ere izan zezakeela, eta bazuela, «artea» edo gramatika aldarrikatzea.

        Jakina, apologiaz gainera, eta garaiari zegokion ikuspegiarekin tinko lotua, didaktismoa ageri da Etxeberriren obra guztiaren ezaugarri gisa. Eskual Herriko gazteriari izeneko atala horren adibide bat baino ez da; bertan Etxeberrik ikastera eta burua lantzera gonbidatzen ditu euskal gazteak.

        Badirudi, bestalde, Hiztegia aurreratuta zegoela Gomendiozco carta egin zuenerako, bertan ematen baita haren berri (1718a baino lehen, beraz). Eta Larramendiren ezpainetatik dakigu berak ere erabili zuela hiztegi interesgarri hura berea egiteko [1]. Alabaina, ez zen inoiz argitaratuko eta, okerrago dena, betiko galdutakoen sorta aberastera pasatu zela dirudi.

 

[1]«El doctor Don Juan de Echeberria, natural de Sara en Labort, oy medico de la Villa de Azcoitia, muy docto, y amante de su lengua, tiene años ha compuesto un diccionario quadrilingue de Bascuence, Castellano, Francés y Latin, que impresso puediera servir para entender los pocos libros, que ay en Bascuence, aunque no con toda extensión. Avrá diez, o doce años, que estando de passo en Azcoitia, me lo fio por dos dias, y entresaquè muchas voces del dialecto labortano, para ponerlas despues en las correspondientes del Castellano. Harto me huviera alegrado que huviera precedido la impression deste diccionario, para valerme del trabajo ageno, sin ofension de su autor, en quanto dixesse bien con la idea del mio» (Larramendi, Diccionario Trilingüe-aren hitzaurrean, xxxvi or.).

 

Bilaketa