Mogelen baranokoa eta haren adiskidea, Areatzan jaiotako Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) frantziskotarrak Euskal Herriko hegoalde guztia ezagutu ahal izan zuen predikari moduan. Hori zela eta, ongi ezagutu zituen Agirre Asteasuko, Ubillos eta Zabala bezalako idazleak. Eta baita Larramendiren obra ere. Hala eta guztiz ere, andoaindarraren itzalak eta proposamenek ez zuten Añibarroren prosa kutsatu.
Betiere erlijioaren esparruan, ia denetarik idatzi edo itzuli zuen, batez ere bizkaieraz (nahiz eta Mogelen fonetismozaletasunetik urruneko ereduan), baina, predikari ibiltari arduratsuen gisara, baita gipuzkeraz eta nafarreraz ere. Haren obra erlijioso argitaratu eta argitaragabeen artean ez da falta originalik, itzulpen-moldaketarik, sermoirik, gogoeta-gairik... ezta gaztelaniaz erredaktatutakorik ere: Escu liburua arrakastatsua (1802: hiru argitalpen izan zituen egilearen bizitzan, nahiz eta aldaketa garrantzitsu zenbaitekin), Geroko Gero (Axularrenaren bizkaieratzea), Voces bascongadas diferenciales de Vizcaya, Guipúzcoa o Navarra, Gramática bascongada para párrocos y predicadores Bizcaynos, Guipuzcoanos y Navarros (batez ere bizkaitarrentzat, dena den), etab. Haren prosa laua eta garbia da, nahiz zenbaitetan, sinonimo ugariak direla eta, astun bihur daitekeen.