literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Oharño bat, halaz ere, euskal literaturaren historietan gipuzkeratzat hartuko zen euskalki-eredu «zabal» hari dagokionez. Izan ere, sortzear zegoen literatur tradizio hark euskalki hutsa baino zertxobait gehiago hartu zuen bere baitan, eta ez zuen eragozpenik izan Mendiburu bezalako gipuzkoarren goinafarrera gipuzkeraren sailkapenean sartzeko. Egokiago lirudike, beraz, «gipuzkera-nafarrera» sail hibridoaz mintzatzea Mikelestorena lesakarra bezalako idazleen lanak ere errazago sar litezen. Haren Zerura nahi duenac har dezaquean bide erraza liburuan, esaterako (aldaketa txikiekin, maiz argitaratua: 1749, 1754...), etengabekoa da zalantza dialektala eta aditz nahasketa (dezu/duzu, etab.), inoiz gipuzkerara emanago gertatuko delarik eta bestetan goinafarrerara.

        Oharrak ohar, Agustin Kardaberaz jesuitari (1703-1770) legokioke larramendiar jaraunspenaren literatur atal gipuzkoarrari ekin izanaren ohorea. Hernaniarra jaiotzez, euskal mendebalde guztian bizi eta ibili izandako predikaria izan zen. Idatzietan zerabilen hizkera mota ere horren zordun agertuko zen. 1767ko erbesteratzea baino lehenago, hamabi urte igaro zituen Loiolan erdi gaixorik eta euskaraz idaztera dedikatua. Erbestean hilko zen, Mendiburu bezalaxe.

        Produkzio handiko gizona, ez zituen bere lan guztiak argitaraturik ikusi. Nagusiki gai erlijioso-aszetikoak eta hagiografikoak landu zituen (itzulpen-egokitzapenak, normalean), prosa bizi eta arin batez burutuak.

        Obra ezagunenen artean, Cristauaren Vicitza (Iruñea, 1744; Dutari misiolari iruindarraren Vida Christiana obraren itzulpen-moldaketa; 1760an ere agertu zen moldaketa zenbaitekin) izango zen Hegoaldean argitaratutako lehen liburu luzea. Beti arlo erlijiosoan, egin zuen bestelakorik ere: Asteteren katiximaren itzulpenak (gipuzkeraz eta bizkaieraz), Iñazio Loiolakoaren Gogo-jardunei (=ejerzizioei) buruzko liburuaren moldaketa luze-zabalak (haren liburua izenburu desberdineko lau liburutan: Aita S. Ignacio Loyolacoaren Egercicioac, 1761, Ondo iltcen icasteco ta ondo iltcen laguntceco egercicioac, 1762...), sainduen bizitzak (Luis Gonzaga, Isidro Nekazaria, etab.), gizabide-apunte modukoak...

        Maiz egiaztatu den legez, Kardaberazen hizkuntza ez da Mendibururena bezain zaindua eta landua, eta ez dio axola erdal hitzak hartzeak. Idazlanik gehienak erdialdeko gipuzkeran idatzi zituen arren, badu bizkaieraz idatzitakorik ere: Jesus, Maria ta Joseren devociñoco Libruchoric atararico devociño batzuc (Iruñea, 1764) eta Asteteren kristau-ikasbidea (Cristiñau Dotrinea), hain zuzen.

        Euskal Literaturan berrikuntzatzat har daitezkeenen atalean, Kardaberazen Eusqueraren Berri Onak, eta ondo escribitceco, ondo iracurtceco ta ondo itceguiteco Erreglac (1761) izeneko liburua nabarmendu beharko litzateke. Izan ere, euskarari buruzko idazlantxo honek (63 orrialdekoa) erlijioaren esparru hertsia zertxobait gaindituz (honako honen funtsezko norabidea ere dotrinaren menpe baitago), euskarazko erretorikaren laburpen txiki bat eskaintzea bilatzen du. Euskara beste hizkuntzekin erkatu eta, Larramendiren neke gogorren fruitu izan ziren «artea» eta hiztegia laudatu ondoren, Kardaberezak euskal hizkeren berri ematen du bertan, eta bai halaber egoera soziolinguistikoaren hainbat albiste interesgarri (euskara irakasteko debekua, etab.). Lantxoaren muina, alabaina, euskaraz ondo hitz egiteko eta idazteko erregelez osatzen da.

 

Bilaketa